Faxistek eraildakoen gorpuzkiak berreskuratzeko saioak Franco hil baino lehen hasi ziren Euskal Herrian, 1960ko hamarkadan, eta hura hil bezain laster azkartu, 1975etik aurrera, baina modu klandestinoan hasiera hartan, ezkutuan eta mehatxupean betiere. Azkoienen, Martzillan, Lodosan eta Nafarroako beste herri batzuetan, hildakoen senitarteko eta bizilagunek hartu zuten gorpuzkiak hobi komunetatik ateratzeko lana, bitarteko zientifikorik gabe, eta humanitate pertsonala asebetetzeko; egia, justizia eta erreparazioa oso urrun zeuden oraindik.
«Frankismoak erabat kontrolatu zituen ekinaldi horiek, baina horiek bezala beste esparru batzuetakoak ere halaxe, eta hamarkada askoan, gainera», esan du Paco Etxeberria EHUko auzitegi medikuntzako irakasle eta historialariak (Beasain, Gipuzkoa, 1957). Diktadorea hil ostean EHU Euskal Herriko Unibertsitatea sortzeko zenbat urte behar izan ziren galdetu du Etxeberriak; zenbat Espainia Europako Batasuneko kide bihurtzeko. Ez zen puntu eta amaierarik egon.
Frankismoak Franco gabe aurrera egin zuelako errealitate horretan mugarri bat nabarmendu du auzi medikuak: 1981eko estatu kolpea. Berez, porrot egindako inboluzio saio horrek eragin handia izan zuen ordurako plazaratzen hasiak ziren asmoetan: «Askok baztertu egin zuten memoria demokratikoa berreskuratzeko ahalegina. Hau da, Otsailaren 23ko estatu kolpea eraginkorra izan zen urrunegi joan nahi zutenak gerarazteko».
Demokraziara hurbildu nahi zuen sistema berria ahula baino ahulagoa zela eta militarren zaintzapean zegoen sentipena are gehiago zabaldu zen, eta Etxeberriak dio hobietan lanean segitzeko saioak gelditu egin zirela urte askoan. Hildakoen seme-alabak, anai-arrebak eta alargunak gero eta zaharragoak ziren, eta hiltzen hasi ziren.
25. urteurren garratzaÂ
«Bigarren belaunaldiak berreskuratu zuen memoria lurpetik ateratzeko ardura, beldur gutxiagorekin eta indar handiagoarekin. Gure gurasoek bazter utzi behar izan zuten ekimen hori, sistemak hala inposaturik. Ilobek ez zuten faxismoaren gordina bizi izan, eta interes handiz hartu zuten hobietara joateko ardura».
Bada memoria historikoa berreskuratzeko bidaia bukatugabean beste mugarri bat, Etxeberriak esan duenez: Francoren heriotzaren 25. urteurrena, 2000. urtean. «Eskuinak bere kontakizuna nagusitzea lortu zuen urteurren horren harira, eta historialari askok errebisionismoa zabaldu zuten». Bat-batean, diktaduraren okerra ezbaian jarri zen, eta Espainia komunismotik salbatu izanaren onura azpimarratu. Jose Maria Aznarren bigarren gobernuak ildo hori sendotu zuen, eta memoria historikorako lanek orotariko trabekin jarraitu zuten aurrera.
«Historialariak oinarrizkoak dira, baina orain arte egin ez den aitortza egin behar da: erakundeena, ofiziala»
PACO ETXEBERRIAÂ EHUko auzi medikua
Ordurako hasi ziren sortzen Euskal Herrian talde memorialistak, eta Etxeberriak mugimendu horren barruan kokatu du bere burua: «Sistemaren aurkakotzat jo gintuzten; esan zuten trantsizioaren eredu jakin bat desegonkortu nahi genuela, eta memoriaren esparruan ez zela zertan sartu, bere garaian paktu bat egin zelako».
Oposizio zurrun horren aurrean, talde memorialistek giza eskubideen alorrean kokatu behar izan zuten beren ekintzak aurrera egin ahal izan zezan: «Ideia bikaina izan zen». Giza eskubideen bandera hartu zuten, eta bide horri jarraituz, azkenerako, Gogora memoriaren institutua sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, 2015ean. «Orain erraza da ulertzea badela jende ugari artatu gabe memoriaren esparruan, baina duela urte batzuk ia pentsaezina zen Gogora-ren moduko erakunde bat sortzea».

Aitortza ofiziala
Duela hamarkada batzuk hildakoak hobietatik ateratzen zituzteneko ekintzen eta orain ateratzen dituztenekoen artean baden edo egon beharko lukeen alde funtsezkoa nabarmendu du Etxeberriak: «Orain aitortza ofiziala egin behar da, ez bakarrik akademikoa. Historialariak oinarrizkoak dira gai honetan, baina, hortik harago, orain arte egin ez den aitortza bat egin behar da: ofiziala, goi erakundeena». Zenbat jende hil zen gerran, zenbat frontetik urrun, zenbat gerraren ondoren, zer gertatu zen kartzeletan, zer makiekin eta zer gertatu zen gero, estatuaren aurkako gatazka armatua hasi zenean. Galdera horiek guztiek erantzuna behar dutela defendatu du auzi medikuak, eta hark ofiziala behar duela izan. «Ezin izan da horri guztiari buruz hitz egin, beharbada gatazka armatura loturik egon garelako», erantsi du: «Orain, ia inork ez du dudan jartzen badela garaia egia ofizialekin hasteko. Historia hirugarren pertsona erabilita idazten da; memoria, lehen pertsonaren bidez».
Finean, hamarkada asko galdu dira frankismo soziologikoak bizirik jarraitu duelako. «Orain ere gure artean bizi da. Arreta galduz gero, atzerapausoak ere etor daitezke, eta ez bakarrik memoriaren alorrean». Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak egin zuen Madrilen lehen urrats handia Memoria Historikoaren Legea onartuta, 2007an, eta haren hurrenak, Mariano Rajoyk, oso argi aldarrikatu zuen lege hori ez zuela beteko, ez zuela «euro bakar bat ere» bideratuko senitartekoak oraindik hobietan zituztenen alde. «Pentsaera horri buruz ari gara; ez daude ezkutuan».
Pedro Sanchezen gobernuak, berriz, Francoren gorpua Erorien Haranetik atera zuen 2019an, hura hil eta 44 urtera. Madrilgo Cuelgamuros haraneko monumentu frankistari beste adiera bat emateko proiektua martxan da, hain zuzen Etxeberria aholkulari dela bertan. «Eskuin muturraren santutegia ukitu da, nazional katolizismoaren sinbolo nagusia. Atzerritik ere ari dira begira arretaz. Ez dago inon ere 33.000 gorpu baino gehiago pilatzen dituen hobirik. Ez dago azaltzerik atzerrian, ez dute ulertzen, eta lan izugarria dago egiteko».