Biktima horiek, gainera, ez dute oraindik Eusko Jaurlaritzaren ordain eta aitortzarik jaso.Giza Eskubideen Zuzendaritzak indarkeria politikoak eragindako giza eskubideen urraketen inguruan joan den legealdian landutako txostena osatu, eta biktimahoriei ordaina emateko neurri sortaekaina baino lehen aurkeztu behar zuen Jaurlaritzak. Eusko Legebiltzarrak hala agindu zion, aho batez hartutako erabakian, iazko abenduan.
Haatik, lau hilabete pasatu dira epemuga horretatik, eta txosten horren arrastorik ez dago. Ez da oraindik iritsi Eusko Legebiltzarrera. Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzak diote txostenaren zirriborroa prest dutela, baina alderdiekin ahalik eta adostasunik handiena lortu nahian dabiltzala. Eta hori dela atzerapenaren arrazoia. Nolanahi ere, «aurki» txostena legebiltzar taldeen esku egongo dela adierazi diote BERRIAri Biktimak artatzeko bulegoko iturriek.
Bere garaian Jon Mirena Landa Giza Eskubideen Zuzendaritzako buru ohiak egindako txostenak sutan jarri zituen PSE eta PP, «terrorismoaren biktimak umiliatzen» zituela uste zutelako. Oraingoan, ordea, polemikarik ez du nahigobernuak, eta «alde guztiak» asetzeko moduko txostena lantzen ari dela dio.
Oposizioko taldeek bestelako iritzia dute. Aralar eta EAren ustez, ETArenak ez diren beste biktimei aitortza eta ordaina emateko borondate politikorik ez du Jaurlaritzak. Hori dela eta, atzerapenaren inguruko argibideak eskatu dizkiote. Aralarrek legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean, giza eskubideen urraketa larrien biktimak direnak aitortzeko orduan «PSEk eta PPk dituzten arazoak» azalditzaten. EAk, berriz, Maixabel Lasa Biktimen Arretarako Zuzendaritzako buruaren premiazko agerraldia eskatu du, txostena lehenbailehen aurkeztu dezan exijituz.
Giza Eskubideen Batzordeak hiru bilera jarrita ditu jada hemendik abendura arte, baina gai zerrendetan ez da Lasaren agerraldirik ageri. «Ez dute gai horretaz inolako azalpenik emateko asmorik», salatu du EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak. Legebiltzarreko araudiak zehazten dituen epeak beteta agerraldi eskaera aintzat hartzen ez bada, Legebiltzarreko Mahaiaren babesa eskatuko du EAk, BERRIAk jakin duenez.
Biktimen zerrenda
1960ko hamarkadaren amaieratik aurrera erakunde parapolizialen, eskuin muturreko taldeen, «kontrolik gabeko» polizien, eta estatuko segurtasun indarren indarkeriak eragindako hildakoak eta zauritutakoak, torturatuak, eta argitu gabeko egoeran desagertutakoak eta hildakoak aintzat hartzen ditu Giza EskubideenZuzendaritzak duela bi urte landutako txostenak. Biktima guztien zerrenda osatua jasotzen du lan mardul horrek: izen-abizenekin batera, pairatutako giza eskubideen urraketen inguruko deskribapena dakar. Polizia indarkeriaren ondorioz ehundik gora hildakoren eta bostehundik gora zaurituren kasuak jasotzen ditu, besteak beste. Zerrendarekin batera, indarkeria politikoaren biktimentzako arreta zerbitzua martxan jartzeko eta biktima horiek babesteko legea egiteko eskatzen zioten Eusko Legebiltzarrari.
Txostena aurkeztu zuenean, Giza Eskubideen Zuzendaritzako buru ohiak aitortu egin zuen biktimak zerrendatzea lan nekeza izan zela, horien oinarrian dauden gertakariek argitu gabe jarraitzen dutelako eta «zalantzazkoak diren txostenetan» oinarritzen direlako. Gertakari batzuk behar besteko berme juridikorik gabe ikertu zirela, eta beste batzuk ukatu edo justifikatu egin zirela azaldu zuen. «Inpunitate garai» batetik abiatzen den txostena izanik, egon litezkeen kasu guztiak ikertzeko denbora gehiago behar dela esan zuen.
Txosten horren ondorioetan oinarrituta landu du txosten berria Jaurlaritzak. Hala, biktima horiei aitortza eta ordaina emateko neurrien proposamena bilduko du gobernuaren dokumentuak, baina kasu zehatzen zerrendarik jaso gabe. Poliziaren indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimatzat nortzuk har daitezkeen definituko du lanak, eta haiei ordaina emateko formulak proposatuko ditu. Txostena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eta gero, biktimen aitortza eta ordaina arautzeko neurriak landu beharko ditu Jaurlaritzak.
PSEri eta PPri kritikak
Nolanahi ere, Jaurlaritzak landu duen txostenaren inguruko informazio zehatzik ez dute oraindik jaso legebiltzar taldeek. Duela hilabete inguru jarri ziren harremanetan EAJrekin, eta adostasunaren izenean txostena lantzeko «denbora gehiago» behar zutela jakinarazi zioten. Lana amaitzear zegoela eta hil honen erdialderako prest izango zutela agindu zieten jeltzaleei, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak egunkari honi jakinarazi dionez. Haren ustez, baina, indarkeria politikoak eragindako biktimen inguruan gobernuaren barnean «desadostasun sakonak» daude. Iturrateren iritziz, gai horretan PPk «eskuak lotuta» dago PSE-EE, eta sozialistak PPren «beldur» dira. Horrez gain, Iturratek argi utzi du EAJk txostena babestuko duela,baldin eta giza eskubideen urraketen definizioa eta erreparaziorako bideak «ongi zehazten» baditu.
Aralarrek eta EAk, berriz, salatu dute gobernukoak ez direla haiekin harremanetan jarri txostena eztabaidatzeko. Aralarreko legebiltzarkide Aintzane Ezenarro ziur da atzeratzearen arrazoiak«politikoak» direla, eta arazoa gobernu barruan dagoela. «PSEk oraindik ibilbide bat egiteke dauka biktimen gaiarekin, ez duelako onartzen estatua ere biktimario izan dela».
Jarrera horrek, biktimen arteko ezberdintasun eta mailaketa ekarri dituela salatu du Ezenarrrok. Haren iritziz, indarkeria politikoaren biktimei orain arte eman ez zaien «errekonozimendua, erreparazioa eta barkamena» zor zaie, eta bide horretatik jo beharko luke Giza Eskubideen Zuzendaritzaren txostenak ere. Bikimen zerrenda osatua agertzea eta biktimek ordaina jasotzeko neurriak biltzea garrantzitsua dela uste du Aralarrek, eta horixebera exijituko dio Jaurlaritzari txostena Eusko Legebiltzarrera eramaten duenean.
Indarkeriaren biktimak mailakatzeko arriskuaz ohartarazi du EAk. « PSE eta PP agerian uzten ari dira ez dutela beste biktima horiek aintzat hartzeko eta oroitzeko inolako borondaterik, haientzako benetako biktima bakarrak ETArenak direlako». Juanjo Agirrezabalak salatu du motibazio politikoak eragindako biktimak «bigarren mailakoak» direla bi alderdiontzat, eta batzuk, estatuko segurtasun indarren biktimak, esaterako, existituko ez balira bezala hartzen dituztela. Horren adibiderik argiena gaur bertan ikusiko dela uste du EAk, Memoriaren Eguneanbestelako biktimak kontuan hartzeari uko egin diotelako PSEk eta PPk. «Tristea izango da ikustea nola Eusko Legebiltzarra prest dagoen Meliton Manzanas, Carrero Blanco eta beste omentzeko, eta beste biktima horien oroimena ukatzen duten».
Erabakiak
2007KO URRIAREN 5A
Bilkura monografikoa. Eusko Legebiltzarrak 2007ko urriaren 5ean biktimen inguruan egin zuen osoko bilkura monografikoan, «motibazio politikoak eragindako giza eskubideen zapalketa jasan duten biktimei aitortza morala eta ordaina emateko beharreko neurriak» hartzea erabaki zuen.
2008KOEKAINAREN 13A
Polizia indarkeriaren biktimen txostena. Jon Mirena Landa Giza Eskubideen Zuzendaritzako buruak motibazio politikoko indarkeriak eragindako biktimen inguruko txostena aurkeztu zuen Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean.
Talde armatuek eragindako biktimen txostena. MaixabelLasa Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendariak GALek eta eskuin muturrekotalde armatuen biktimei buruzko txostena aurkeztu zuen Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean.
2009KO ABENDUAREN 22A
Biktimei ordaina emateko eskaera. Aralarren ekimenez, Legebiltzarrak Giza Eskubideen Zuzendaritzari eta Biktimen arretarako bulegoari aho batez eskatu zien sei hilabeteko epean motibazio politikoak eragindako biktimei aitortza eta ordaina emateko neurriak aurkez zitzala. Azken hamarkadetan indarkeriak eragin dituen giza eskubideen urraketengatik izandako sufrimendu «bidegabea» aintzat hartzea ezinbestekotzat jo zuen Eusko Legebiltzarrak orduan onartu zuen ebazpenean.
Polizia indarkeriak 109 lagun hil dituela dio 2008ko lanak
Azken 50 urteetako errepresioaren ondorioak liburu batean bildu ditu Euskal Memoria Fundazioak
E. Begiristain. Gasteiz
2008ko ekainean, indarkeria politikoaren ondorioz izandako giza eskubideen urraketen biktimei buruzko txostena aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaritzak Eusko Legebiltzarrean. 1968. urtetik, «kontrolik gabeko» poliziek, eskuin muturreko taldeek eta erakunde parapolizialek 109 hildako eta 538 zauritu eragin zituztela jaso zuen txostenak. Biktima gehienak 1970eko hamarkadakoak dira.
Txostenak bi sailetan bereizten zituen biktimak: estatuko segurtasun indarren indarkeriak eragindakoakoak batetik, eta indar parapoliziak eta eskuin muturreko taldeenak bestetik. Horiekin batera, argitu gabeko egoeran desagertutako edo hildako lagunen hainbat kasu jaso zituen txostenak. Besteak beste, Joxe Arregi, Mikel Zabalza, Gurutze Iantzi edo 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko langileen kasuak aipatu zituen Jon Landaren sailak. Halaber, urte hauetan guztietan 5.000 eta 7.000 tortura salaketa inguru jarri direla zehaztu zuen.
Euskal Memoriaren datuak
Eusko Jaurlaritzarena ez ezik, euskal gatazkak utzitako biktimen inguruko azterketa gehiago ere bada. Horietako bat Euskal Memoria Fundazioak argitaratuko du, abenduan. Euskal Herriak azken bost hamarkadetan izan duen errepresioaren ondorioak bildu ditu Gernikako seme-alabak izeneko liburuan, urteetan herriz herriko eta esparruz esparruko datuak jaso ostean.
Estatu errepresioaren biktimen inguruan datu ugari biltzen ditu liburuak. 1975tik 2009ra gerra zikinaren ondorioz 85 hildako egon direla dio fundazioak; horietatik 34 BVEk egin zituen, eta 37 GALek. Halaber, 1938tik 1958ra 12.500 euskal herritar Espainiakoespetxeeetan preso egon zirela jaso du liburuak. Atxiloketen inguruko zenbaki deigarriak ere bildu ditu: Ondarroan (Bizkaia), esaterako, 400 lagun baino gehiago atxilotu dituzte azken 50 urteotan arrazoi politikoengatik.
Memoriaren Egunaren harira, adostasunik ez
Eusko Jaurlaritzak «atsekabea» agertu du, gaurko ekitaldietanez direlako egongo alderdi guztiak
Erredakzioa. Gasteiz
Alderdien arteko adostasunik gabe egingo dute gaur erakundeek Memoriaren Eguna. Eusko Jaurlaritzako eledun Idoia Mendiak «atsekabea» agertu du, Eusko Legebiltzarreko talde guztien babesa ez duelako jaso gaurko egunaren harira irakurriko den adierazpen instituzionalak. Izan ere, EAk eta Aralarrek ez dute ekitaldietan parte hartuko, biktima guztiak ez direla kontuan hartuko iritzita.
Gainerako alderdiak, ordea, «alderdikeriak» albo batera utzi eta ados jarri direla nabarmendu du Mendiak. «Alderdi politiko guztiek terrorismoaren biktimei zor diegun omenaldia da, hainbeste sufritu eta gero».
Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak aitortu du ez dutela alderdi guztien adostasuna bilatu. Hala ere, Quirogak uste du gaur-gaurkoz Memoriaren Egunak ez dituela zertan biktima guztiak aintzat hartu, ETAren biktimen aitortzak izan behar duelako lehentasuna.
Hamaikabat alderdiak (H1!) ere adostasun nahikoa bildu ez izana salatu du. Gaurko egunak «motibazio politikoak» eragindako biktima guztiak aitortzeko balio behar duela dio H1ek, eta, horregatik, erakunde guztiak elkar hartuta egotea eskatu du.
Protestak
Alternatibak, ostera, ez du gaurko ekitaldietan parte hartuko. EAk eta Aralarrek egindako kritikari batu zaio Alternatiba. Oskar Matute eledunak salatu du biktimen inguruko «alde bakarreko ikuspuntua» eta jarrera alderdikoia nagusi izango dela gaur.
Lau Haizetara Gogoan plataformak Memoriaren Egunaren izaera «partziala eta sektarioa» salatu du, frankismoaren eta estatuko terrorismoaren biktimak baztertzen dituelako.
Memoriaren Egunaren harira, gaur hainbat protesta ekitalditara deitu dute, biktima guztiak kontuan hartzeko aldarrikatzeko. Aralarrek elkarretaratzera deitu du 11:30ean, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, Biktima guztiak, errekonozimendu osoa lelopean.Genozidioaren biktimen elkarteak manifestaziora deitu du Donostiako Bulebarrean, 20:00etan.