MEMORIAREN EGUNA. Biktima guztientzat aitortza aldarrikatu dute bilkuretan

«Sufrimendua edozein dela ere», biktima guztiak aintzat hartzeko eskatu du Aralarrek elkarretaratze batean

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Memoriaren Egunak motibazio politikoak eragindako biktimak ahaztu dituela salatzeko, hainbat elkarretaratze egin zituzten atzo Euskal Herrian. Aralarrek Biktima guztiak, errekonozimendu osoa lelopean egin zuen bilkura, goizean, Gasteizko Andre Mari Zuriko plazan. Lau Haizetara Gogoan eta Genozidioaren Biktimen elkarteek, berriz, manifestazioa egin zuten Donostiako Bulebarrean, arratsaldean.

Eusko Legebiltzarra biktimen omenezko bilkura egiten ari ziren bitartean egin zuen Aralarrek elkarretaratzea. Erakundeen omenaldia jaso duten biktimak alde batera utzi gabe, Aralarrek beste biktimen aitortza aldarrikatu nahi izan zuen.«Gaur instituzioek gonbidatu dituzten biktimekin dago Aralar, baina baita gonbidatuak izan ez diren biktimekin ere. Guztiekin», adierazi zuen Jon Abril koordinatzaileordeak. Hala, frankismoak eta estatuko indarkeriak eragindako biktimentzat aitortzak eta errekonozimenduak «erabatekoa» izan behar duela aldarrikatu zuen Abrilek elkarretaratzean.

Euskal Herrian «sufrimendu anitz eta ugari» daudela, eta horiek ezin direla baztertu esan zuen Abrilek. Ezinbestekotzat jo zuen erakundeek eta gizarteak egiten duten lanarekin biktima guztiak aitortzea, «sufrimendua edozein delarik ere». «Edozein biolentziaren ondorioz biktima diren guztien aitortza behar da». Izan ere, bakarrik bide horretatik egin ahal izango da aurrera, Abrilen ustez.

Aralarreko koordinatzaileordeaz gainera, Eusko Legebiltzarreko lau parlamentarioak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralarreko batzarkideak egon ziren elkarretaratzean, hainbat herritarrekin batera. Gainera,Norma Mentxakaultraeskuindar batek1976an Santurtzin (Bizkaia) hildako emakumearen seme-alabak ere egon ziren bilkuran.

«Amnesiaren eguna»

Lau Haizetara Gogoan Plataformak eta Genozidioaren Biktimen elkarteak deituta, manifestazioa egin zuten iluntzean Donostian. Lau Haizetara Gogoan plataformak «amnesiaren eta zigorgabetasunaren egun» gisa definitu zuen atzokoa.

Protestarekin, Memoriaren Egunaren izaera «partzialaeta sektarioa» salatu zutenhainbat lagunek,atzoko omenaldiak frankismoaren eta«estatuko terrorismoaren biktimak» baztertzen dituelako.Halaber, «genozidio frankistaren» biktimen oroimena, eta «egia, justizia eta askatasuna»aldarrikatu zituzten manifestazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.