«Terrorismoaren biktimen oroimenerako eta omenaldirako», Memoriaren Eguna izendatu du Eusko Legebiltzarrak azaroaren 10a, eta egun horren inguruanekitaldi ugari antolatu dira. Besteak beste, Eusko Legebiltzarrak erakunde adierazpena onartuko du biktimen omenez. Aralarrek, ordea, argi eta garbi ohartarazi du Memoriaren Egunean Eusko Legebiltzarrean ez dela egongo erakunde adierazpenik ez badira aintzat hartzen alde guztietako biktimak. Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak argi utzi du ETAren biktimak ez ezik, frankismoak, talde armatuek eta estatuak eragindako giza eskubideen «urraketa larrien» biktimak ere aintzat hartu beharko lituzkeela Legebiltzarreko adierazpen instituzionalak, Aralarren babesa izan nahi badu.
Datorren asteazkenean Eusko Legebiltzarrean irakurriko duten testua asteartean aztertuko du Bozeramaileen Batzordeak; EAJk, PSE-EEk, PPk, Aralarrek eta talde mistoak ordezkaritza dute batzordean, eta guztien babesa beharko du adierazpenak aurrera ateratzeko.
Memoriaren Egunaren harira PPk, PSE-EEk eta EAJk landu duten testuak «ikuspegi murritza» duela salatu du Ezenarrok, eta talde guztiekin adostu ahal izateko edukia aldatzeko eskatu du. Ezenarroren iritziz, PP eta PSE-EE «erabat itsutu» ditu Legebiltzarrean daukaten gehiengo osoak. «Sinetsi egin dute gehiengo horrek nahi dutena egiteko eskubidea ematen diela bai gobernuan, baita Eusko Legebiltzarrean ere, eta uste dute gobernutik Legebiltzarreko adierazpenak zuzendu ditzaketela». Gainera, Ezenarrok ez du ulertzen zergatik ari den EAJ PSE-EEren eta PPren «joko alderdikoian» parte hartzen.
Aralarreko legebiltzarkideak ohartarazi du landutako testuarekin biktimen gaian zegoen adostasuna «apurtu» egin dela, bai edukian, bai forman. «Larria da Legebiltzarreko lau talde alde batera utzi izana, baina are larriagoa eta iraingarriagoa da, zenbait biktima kanpoan utziz, zor zaien memoria eskubidea ukatu izana». Hala, esan du Memoriaren Eguna ez dela izango «herriak merezi duen eguna», ez baditu kontuan hartzen alde guztietako biktimak.
Asteazkeneko egitaraua
Egun osoan izango dira ekitaldiak Memoriaren Egunean. Goizean, Patxi Lopez lehendakariak Agustin Ibarrolaren eskultura bat inauguratuko du Ajuria Enean, eta, ostean, Eusko Legebiltzarrak osoko bilkura berezia egingo du, adierazpen instituzionala irakurtzeko. Adierazpen bera irakurriko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere. Iluntzean ekitaldi nagusia egingo dute Andoainen (Gipuzkoa), eta ETAren zazpi biktimari omenaldia egingo diete.
Memoriaren Eguna biktima ororena dela dio Aralarrek
Aralarrek ez du Legebiltzarreko testua babestuko alde guztietako biktimak aintzat hartu ezean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu