Bidaia hori egin behar duten herritar batzuen bizipenak jaso ditu Josu Trueba Leiva argazkilariak, Km-0: Sakabanaketaren mila aurpegiak lanean. Haizea, Felipe, Nekane, Oier, eta Asier dira bidaia horren protagonistak. Espainiako, Frantziako eta Portugalgo espetxeetara egiten dituzten joan-etorriak jaso ditu Truebak argazki eta testuen bidez. «Km-0 euskal gizartearentzat eta nazioarteko gizartearentzat ezezaguna den egia ilun bat argitzeko sortu zen», azaldu dute proiektuaren sustatzaileek.
Sakabanaketaren ondorioak islatzeko erabili den lengoaia nagusia argazkigintza izan da. «Gure bizitzatik oso hurbil daude, baina, era berean, oso deshumanizatuta. Uste dugu ikus-entzunezko materialak lengoaia hurbilagoa eta dinamikoagoa eskaintzen duela, eta horri esker, hedapen bide berriak zabaltzen direla. Argi dago proiektu bisual eta humanoak egin behar direla, jendeari begiak irekiarazteko eta eztabaida demokratiko, zabal eta parte hartzaile bat bultzatzeko», nabarmendu dute.
Proiektuaren oinarria ikus-entzunezkoa izanik, sustatzaileak webgune bat prestatzen ari dira. «Munduko pertsona ezberdin ahalik eta gehienengana» iristeko pentsatu eta diseinatu dute, eta lau hizkuntzatan egongo dira jasoak bertako tetsuak: euskaraz, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz.
Etzi egingo dute webgunearen jendaurreko aurkezpena, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, 19:00etan. Ekitaldia berezia izango da. Aurreratu dutenez, bideogintza, argazkilaritza, kale erakusketak, dantza, performancea eta senideen testigantzak ikusi eta entzun ahal izango dira bertan.
Eztabaida pizteko tresna
«Sortu zenetik, Km-0 ekimenakbeharrezkotzat jo zituen euskal herritarren parte hartzea eta konpromisoa», azaldu dute Etxerat-etik. Truebari laguntza eman dio elkarteak. Iazko udan hark egindako argazkiak eta testuak banatu zituen Euskal Herriko hainbat txokotan, eta «ehunka esku anonimo eta solidariok» kale eta auzoak kartelez bete zituzten. «Euskal Herriaren historiaren atalik ilunenetako bat jende guztiari erakustea izan da gure helburua», nabarmendu dute proiektuaren sustatzaileek.
Hamabi testu eta 69 argazkiz osatutako erakusketa ibiltaria jarri zuten abian. Hamabi horietatik sei aukeratu dituzte orain, hain zuzen ere, barreneko istorioak kontatzen dituztenak —gainontzeko testuetan sakabanaketa politikaren zifrak eta ondorioak jasotzen ziren— .
Izenburuak, berriz, esanahi berezia dauka. «Km-0ren amaiera izango da gure senideak eta lagunak ikusteko kilometro bat gehiago ere beharko ez dugunean. Hori lortu arte, presoen eta senide zein lagunen egoera salatzen eta erakusten jarraituko dugu», nabarmendu dute Etxerat-etik.
Proiektu hori martxan jartzerako orduan, nazioarteko beste gatazka politiko batzuetako ekintzaileek egindako lanak izan dituzte gogoan. Besteak beste, erreferentzia gisa erabili ditu Activestills taldeak Israel eta Palestinako kaleetan egin dituen erakusketak.
01.
Alaba maitea
«Haizea duela 28 urte jaio zen, Ugaon. Bere aita, euskal preso politikoa, sakabanaketaren lehen urteetan espetxeratua izan zen, duela 24 urte. Haizea, ume bat zenetik, kotxeak, autobusak eta hegazkinak erabili ditu. Sei urtez, bere aita Herrera de la Mancha, Alcala Meco, Melilla eta Almeriako espetxeetan preso egon zen.Haizeak, beste ehunaka pertsonari gertatu zaien gisara, sakabanaketak eragindako kotxe istripua pairatu zuen. Almeriara zihoan, bere ama eta beste kide batekin. Ez zuten kalte fisikorik izan, baina kotxea erabat txikituta gelditu zen. Errepidean bisita bat egitera zihoazen beste hildako 16 pertsonek baino zorte handiagoa izan zuten.
Haizea, beste milaka pertsonaren gisara, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa dela eta, bere aitaren presentzia fisikorik gabe hazi da. Nerabetasunean, eta bost urtetako elkarbizitzaren ondoren, bere aita berriz ere espetxeratua izan zen. Berarekin kontaktua eduki ahal izateko, milaka kilometro egin behar izan ditu bere aita sakabanatuta duten espetxetara iristeko. Hori dela eta, bien arteko harremana askoz ere landuagoa izan da.
Haizea ingeniaria da, eta frantsesa ikasten ari da. Bere aita Parisen espetxean zegoenean, funtzionarioekin komunikatzeko arazoak izan zituen, bisita bat egin aurretik nortasun agiria ematerakoan. Egun, ez du berriro gertaera desatsegin horiek bizi nahi. Hilean behin, Lanemezango espetxera abiatzean da, Ugaotik 350 kilometrora».
02.
Nekane eta Maialen: bi belaunaldi eta patu bat
«Nekanek eta Maialenek bi gauza dituzte elkarrekin: emakumeak dira eta 800 kilometro egin behar dituzte euren bikotekideak Jaenen ikusteko.Nekane frankismo garaian jaio zen, eta Maialen, trantsizioan. Euren artean bizitza biologiko oso baten aldea dago, ama eta alaba izan zitezkeen. Haien laguntasuna Jaengo espetxera joateak suposatzen duen behar afektiboa eta kostu ekonomikoaren ondorio da. Aurretik: gasolindegiak, bidesariak, paisaia hutsak eta errepideko hotel hotz bat.
Nekanek eta Maialenek egun luzea dute aurretik; espetxeko atarian daude, eta ez dakite euren senideak ikusi al izango dituzten. Kasu honetan, Maialenek zortea izan du, eta ez diote jasanarazi senide eta lagunei aplikatu nahi dieten ukimen bidezko miaketa. Aireportuetan bezala, arkua eta erraketa pasatu behar izan ditu.
Nekanek zorte gutxiago izan du. Etxera bueltatu behar du bere bikotekidea besarkatu gabe. Aurrez aurreko intimora sartu aurretik—zure laguna ukitu dezakezun bi ordu horietan—, bere intimitatea lapurtu eta bere gorputza ukitu nahi izan dute. Nekane ukatu egin da. Aurretik, 800 kilometro Donostiara heldu baino lehen; aurretik, galdera eta arduraz beteriko hilabete bat».
03.
Bi minutu
«Denbora urrezkoa da, eta, lapurtzen badizute, are gehiago. Iratik eta Haizeak 450 kilometro egin dituzte Brievako espetxean, Avilan, preso politikoa den euren laguna ikusteko. 38 minutuko bisita izan da. Bi minutu lapurtu dizkiete. Espetxearentzat inolako garrantzirik ez duten bi minutu. Sekula berreskuratuko ez diren bi minutu, une bakoitza bakarra baita. Hogeita hamar segundotan, kristal lodia zeharkatzen duten begirada sutsuak. Hogeita hamar segundo, garai zaharrak berriro gogoratzeko. Hogeita hamar segundo, lagun eta senideen oroitzapenak burura ekartzeko. Hogeita hamar segundo, auzoaren inguruan jarduteko; gainbeheran dagoen auzo hori, hainbeste maite zaituen eta zure falta hainbeste sumatzen duen auzo horren inguruan hitz egiteko. Nireak ziren bi minutu eta inolako baimenik eskatu gabe norbaitek lapurtu dizkidanak».04.
Kirolak eta nire laguna
«Asier galdakoztarra da: duela zazpi urte, Madril eta Pontevedra artean korrika egiten du. Ez, ez da Santiago Bernabeura joaten; ezta arraunik egiten ere. Asierrek bere lagun presoa ikusteko maratoia egiten du. Biak herriko joko aretoko ping-pong mahaian jokatzen hasi eta hezi ziren, eta biek elkarrekin jokatzen zuten euskal pilotara eskolako frontoian.Egun, frontoia tenis kantxa bat da. Sarea kristal lodi bat da, bakoitzaren esparrua metro koadro baten barruan banatzen duena. Pilotak interfonotik sartzen dira, epailearen txistu bortitzak partida amaitu dela esaten duen arte.
Bi hilabetean behin, Asierrek Pontevedrarako bidea egiten du, bai lagunekin, baita bere bikotekide eta bi urteko alabarekin ere. Han, 40 minutu eskaseko partida jokatzen du bere txikitako lagunarekin.
Bere laguna euskal preso politikoa da, eta A Lamako segurtasun goreneko espetxean dute, bere herriko frontoitik 750 kilometrora».
05.
Lehen mailako senideak
«Futbolzale amorratua da Oier. Hilean hiru larunbatero eskolarteko txapelketan parte hartzen du, lehengo aldiz, atezain gisa. Hori gutxi izango balitz bezala, bere talde kuttuna, Reala, lehen mailara itzuli da.Hileko azken asteburuetan, eskularruak eta baloia bidaia maleta batengatik aldatzen ditu. Bere amarekin Puerto de Santamariako espetxera joaten da, hamabost urte giltzapetuta daraman aita ikustera. Oierrek eta bere amak asteburu osoa ematen dute euskal preso politikoen senide eta lagunekin, Sevillara, Huelvara, Algecirasera eta Puerto de Santamariara doan autobusean. Euskal Herritik mila kilometrora, batez beste.
Bidaia gogorrean eta itxaronaldi luzeetan pilatutako tentsio horri behin baino gehiagotan gehitu behar zaizkio autobusaren kristalak apurtu eta gurpilak zulatzen dizkietenen herra. Adjektibo bat baino gehiago jar dakioke gertakari horri, baina ni batekin geratzen naiz: kuriosoa. Izan ere, bai autobusari eraso egin diotenek eta baita Oierrek ere helburu bera daukate: bidaia amaiezin horiek behin betiko amaitzea».
06.
Hurrengo geltokia: Euskal Herria
«Lurraren eta ilargiaren arteko distantzia bi aldiz egiten dute asteburuetan euskal preso politikoen senide eta lagunek. Bidaia horietako asko horretarako propio prestatutako furgonetetan egiten dituzte.Ostiralero, hamarnaka esku solidario kontrol mahaian eseri, eta, espaziontzi berezi horien bidez, ehunka pertsona gerturatzen dituzte estatu frantses eta espainoleko espetxeetara.
Europako bi estatu; mendeetan euren itsasontziak munduko hainbat toki konkistatzera bidali eta, denborak aurrera egin ahala, atzera egin behar izan zuten bi estatu.
Benetan uste al dute gobernuburu horiek euskal herritarrak ilargira bidaliz lurrean sortutako gatazka bat konponduko dutela?».
Argazkiak eta testuak:Josu Trueba Leiva