Horretarako, alor guztietan «indarkeriaren deslegitimazioa» sustatzeko konpromisoa hartu zuen. Horri begira jarri zituen lanean Eusko Jaurlaritzako sail gehienak, Herrizaingo eta Justizia sailak bereziki.
Herrizaingo Saila
Ezabatu eta ezkutatuIbilbidea kalean hasi zuen Lopezen gobernuak. «Kalea norena den erakutsi behar dugu», adierazi zuen hauteskunde kanpainan bertan. Eta, hala, boterera heldu zenean, euskal presoen irudien aurkako kanpaina batekin hasi zen, espazio publikoak «bakean eta askatasunez berreskuratu» behar zirela argudiatuta. Hauteskunde kanpainan bertan hitzeman zuen lehendakari hautatuz gero egingo zuen lehenengo gauza izango zela Arrasateko «lotsaren horma» kentzea. Arrasateko presoen argazkiak kendu zituzten aurrena, eta amaigabeko soka etorri zen atzetik. Kasu guztietan, Ertzaintza erabili zuten argazkiak kentzeko, eta kalekoak ez ezik, tabernetakoak, elkarteetakoak zein etxe partikularretako balkoietakoak ere kendu zituzten. Argazkiak kendu ezean, Espainiako Auzitegi Nazionalera atestatua bidaltzeko mehatxua egiten zuten ertzainek.
Auzitegietara iritsi zen argazkien auzia, eta EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen argazkiak erakusteak ez zuela urratzen EAEko Biktimen Legea. Hori ikusirik, Madrilera begira jarri zen Herrizaingo Saila, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera txostenak bidaltzen hasi zen. Baina Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak ez zuten irizpide argirik ezarri afera horren inguruan. Hala ere, herritar ugarik deklaratu behar izan dute Espainiako auzitegietan, eta horietako batzuk zigortu ere egin dituzte.
Hori eginda, legea betearazteko asmoa eta indarkeriaren aldeko mezu eta irudien zabalkundea eragozteko nahia zegoela irudikatu nahi izan zuen Lopezen gobernuak, baina, praktikan, agerian utzi zuen benetako helburua errealitate politiko bat ezabatzea zela; izan ere, ezker abertzalearekin zerikusia izan zezakeen edozein adierazpen kentzen aritu ziren ertzainak.
Zeregin horretan nabarmendu da Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua. Baina, bereziki, Ares gogoratuko da Ertzaintzaren zenbait jokabiderengatik, gizartean erantzun sozial eta politiko handia eragin dutenak, bereziki, aurtengo apirilean pilotakada batek Iñigo Cabacas gaztea hil eta gero. Ertzaintzak erabilitako neurrigabeko indarkeriaren adibide gordina da Cabacasekin gertatutakoa, baina ez bakarra.
Ertzaintzaren gehiegizko bortizkeria Aresen agintaldiaren ezaugarrietako bat izan da. Cabacasen heriotzaren ondorioz, ordura arte ezagutu gabeko kritika andana jaso zuen Ertzaintzak. EAJ ere batu zen kritika horietara, eta, aurreneko aldiz, zalantzan jarri zuen indarrean zegoen polizia eredua. EAEko arartekoak berak ere Ertzaintzaren jarduera ereduaz hausnartzeko exijitu zion Ertzaintzari, hark erabilitako bortizkeriaren kontra jasotako kexuen kopurua handia dela-eta. Eta Herrizaingo sailburuari dimisioa emateko eskaerak ere ugariak izan ziren —joan den astean eman zuen dimisioa Aresek, PSE-EEren hauteskunde kanpaina zuzentzeko—.
Hori dela-eta, Aresek Ertzaintzaren jokabidearen inguruko azalpenak eman behar izan ditu maiz Eusko Legebiltzarrean. Iñigo Cabacas eta Xuban Nafarrateren kasuen inguruan ez ezik, Kukutza gaztetxearen hustuketaren gainean ere bai. Kasu horietan guztietan Ertzaintzaren jarrera justifikatu du Herrizaingo sailburuak, eta «proportzionala» izan dela esan du. Areago, jasotako kritikek Ertzaintzaren irudia zikintzeko xedea baino ez zutela salatu du. Kasuok ikertuko zituela agindu izan du Aresek, baina Herrizaingo Sailak horietako bakar batean ez du ondorioztatu Ertzaintzak gaizki jokatu duela.
Auzi horrekin lotuta, lehen polemika iazko irailean piztu zen. Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea hustean Ertzaintzak izandako jarrerak kritika latzak jaso zituen. Hura eraisteagatik protesta egiten ari ziren milaka lagunen kontra bortizki oldartu zen Ertzaintza hiru egunez: 64 lagun atxilotu zituen, eta hainbat zauritu. Orduan, ertzainen jarrera «basatia» izan zela salatu zuten auzokideek, baina ondoren emandako azalpenetan Herrizaingo sailburua «harro» agertu zen Ertzaintzaren jokabidearekin.
Cabacasen heriotza izan da, ezbairik gabe, Aresen agindupean izandako gertakaririk larriena. Aurtengo apirilaren 9an hil zen Cabacas, Bilbon, Ertzaintzak jaurtitako pilotakada baten ondorioz, Athleticen eta Schalke 04ren arteko futbol partidaren ondoren, Ertzaintzarekin izandako istiluetan. Gertatutakoaren erantzukizun politikoak bere gain hartu zituen orduan Aresek, baina gertatukoari buruzko ikerketa amaitu gabe utzi du kargua. Auzia epaitegietan dago.
Baina Cabacas hil baino egun batzuk lehenago, martxoaren 29an, lan erreformaren kontrako greba egunean, Zainketa Intentsiboen Unitatera eraman behar izan zuten Xuban Nafarrate gazte gasteiztarra, Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz. 19 urteko gaztearen eta hainbat lekukoren arabera, ertzainek lau metrotik pilotakada bat eman, lurrean jipoitu eta ahoan grebaren aldeko eskuorriak sartu zizkioten. Herrizaingo Sailaren bertsio ofizialaren arabera, ordea, ertzainei ihesi zihoala erori, eta espaloi ertz baten kontra kolpea hartu zuen Nafarratek. Familiak salaketa jarri zuen Ertzaintzaren aurka, eta auzia oraindik epaitegietan dago, argitzeko. Xuban Nafarrate eta Iñigo Cabacasen auzien ondorioz, 2013tik aurrera Ertzaintzari gomazko piloten erabilera mugatzea erabaki zuen Herrizaingo Sailak.
ETAren aurkako borrokan ere protagonista izan da Ares. Espainiako segurtasun indarrekin elkarlana estutu zuen legealdiaren hasieratik, eta erabateko sintonia izan zuen PSOErekin. Besteak beste, Ertzaintzaren esku hartzea handitzea adostu zuen Alfredo Perez Rubalcabarekin, orduko Espainiako Gobernuko Barne ministroarekin. Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin harremanak estutzeaz gain, Ertzaintza Ipar Euskal Herrian ere egonkorki aritzea hitzartu zuten.
Ertzaintzaren barruan «terrorismoaren aurkako taldea» ere sortu zuen Aresek, eta talde horrek 2010eko urtarrilean egin zuen lehen sarekadan, ustezko bederatzi etakide atzeman zituen, Gipuzkoan. Urte bereko abuztuan, beste sarekada bat egin zuen, eta beste bi lagun atxilotu. 2010ean egin zituen atxiloketa gehienak Ertzaintzak. Baina ETAk jarduera armatua utzi ostean ere, atxiloketekin jarraitzeko asmoari eutsi egin zion Aresek.
Tortura salaketei ere aurre egin behar izan zien Herrizaingo sailburuak. Hala, 2010eko urtarrileko operazioan atxilotutakoek torturak jasan zituztela salatu zuen Alfonso Zenon abokatuak, eta Ares egin zuen egoeraren erantzule. Tratu txarrak ez zituzten ikertu, baina Aresek kereila jarri zuen abokatuaren aurka, eta epaiketa noiz hasiko den zain daude.
Justizia Saila
Urratsak bai, baina beranduBiktimen auzian, Eusko Jaurlaritzak urratsak egin ditu, aurrenekoz, Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimei jasanarazi zaien sufrimendua eta bidegabekeria aitortu eta konpontzeko bidean. Hala, aurtengo ekainean dekretu bat onartu zuen aitorpena eta ordaina emateko 1960 eta 1978 bitartean Poliziak, talde parapolizialek eta eskuin muturreko taldeek egindako gehiegikeriek eragindako giza eskubideen urraketen biktima batzuei. Beste dekretu bat ere egin asmo zuen gobernuak 1979tik orain arteko kasuekin, baina, denbora faltagatik, ez du aurrera egingo. Jesus Loza Jaurlaritzako Elkarbizitza eta Memoriarako mandatariak berak BERRIAri emandako elkarrizketa batean aitortu zuen estatuaren biktimen auzian «zailtasunak» izan dituztela eta «berandu» iritsi direla.
2010eko abenduan onartu zuten motibazio politikoak eragindako biktimen txostena, baina aurtengo ekainera arte ez zuen onartu Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak biktima horiei buruzko lehen dekretua, 1960tik 1978ra bitarteko epea hartzen duena. Gobernuak urte erdi inguru pasatu zuen dekretu hori lantzen, eta ekainaren 20an sartu zen indarrean. Ordutik, hainbat biktimak egin dute ordaina galdegiteko eskaera.
Bai txostena eta bai dekretua legebiltzarreko talde guztien babesarekin onartu baziren ere, kritika ugari jaso zituen Jaurlaritzak. Besteak beste, leporatu zioten Poliziaren biktimen erroldarik ez jasotzea, biktima batzuen eta besteen arteko mailaketa egitea, Espainiako Estatuari inolako erantzukizunik ez eskatzea eta torturaren auzia sakontasunik gabe aztertzea.
Horren guztiaren aurretik, 2010eko maiatzean, «terrorismoaren biktimen oroimenerako eta omenaldirako» Memoriaren Eguna izendatu zuen azaroaren 10a Eusko Legebiltzarreko Eledunen Mahaiak. Aralar eta EA abstenitu egin ziren bozketan, biktima guztien aitortza instituzionalaren bidea egin gabe zegoela argudiatuta. Hala ere, gainontzeko alderdiek aldeko botoa eman zioten, eta azaroaren 10a aukeratu zuten, hain justu, haien esanetan, «alde bateko zein besteko» biktimarik egon ez den eguna delako.
Jaurlaritzaren ekimenetik harago, badira biktimen alorrean bidean geratu diren beste asmo batzuk. Eusko Legebiltzarrean zortzi lege proposamen geratu dira tramitatu gabe, eta, horien artean garrantzitsuena dago, Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoa. Lege ekimena aintzat hartu zuen legebiltzarrak aurtengo ekainean egindako osoko bilkuran, EAJ, PSE-EE, Ezker Anitza eta Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe Aralarretik egotzitako legebiltzarkideen aldeko botoari esker. PPk eta UPDk ez zuten babestu, eta EA eta Aralar abstenitu egin ziren. Baina hauteskundeak aurreratu direnez, airean geratu da institutua sortzeko proposamena.
Ibilbide laburra izan dezake Bakerako eta Elkarbizitzarako lantaldeak ere. Apirilaren 23an eratu zen, legebiltzarrean, eta, ordutik, zazpi aldiz bildu da. Lantaldearen sorrerak Aralarren zatiketa eragin zuen. Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe legebiltzarkideek lantaldearen sorrera babestu zuten alderdiaren aginduen aurka; zuzendaritzak uste zuen lantaldeak ez zuela ezker abertzalearen presentzia ziurtatzen eta, beraz, «baztertzailea» zela.
Nolanahi den, lantaldeak ibilbide laburra izan du. Lan plana eta egutegia finkatzeko egindako bileretatik aparte, lau agerraldi izan ditu: Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendariarena, Alberto Spektorowski Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidearena, Reyes Mates filosofoarena, Jesus Loza Elkarbizitza eta Memoriarako arduradunarena eta Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Fundazioko buruarena. EAk, Aralarrek eta UPDk ez dute parte hartu lantaldean, eta PPk, bertan dagoen arren, ez du bat egin ezker abertzaleko ordezkariak gonbidatzearekin. Spektorowski gonbidatua izan zenean, adibidez, arrazoi berberak erabili zituen parte hartzeari uko egiteko. Orain, ikusteko dago zein izango den lantaldearen ibilbidea, bozak aurreratu egin baitira. Hurrengo legebiltzarraren esku legoke lantaldea osatu edo ez.