«Memoriaren pedagogia kritikoa» egitera deitu du Eusko Jaurlaritzak

Terrorismoaren Biktimen Europako Egunean ekitaldi bat egin dute erakundeek Donostian

Ordezkari politiko eta instituzionalak, atzo, Donostian eginiko ekitaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon olano
Donostia
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Indarkeria oro «bidegabea» dela azpimarratu eta «memoriaren pedagogia kritikoa» egitera deitu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Martxoak 11 zen atzo, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna, eta, horren harira, Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat egin zuen Donostian, Bidegabea izan zen. Gizartea eta biktimak elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz izenburupean. Ordezkaritza politiko eta instituzional zabal bat bildu zen bertan, eta, musika emanaldi baten ostean, Iñigo Urkulluk bi «oinarri demokratiko eta etiko» ezarri zituen bizikidetzarako baldintza gisa: «Giza eskubideak eta aniztasuna».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeetako hainbat ordezkarik hartu zuten parte egitasmoan; besteak beste, bertan izan ziren, Urkulluz gain, Jaurlaritzako sailburu guztiak, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Jesus Loza Espainiako Gobernuko ordezkaria, Manu Lezertua arartekoa, Markel Olano eta Ramiro Gonzalez Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiak, Imanol Landa Eudeleko presidentea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Eneko Goia Donostiakoa...

Alderdi politiko gehienek ere ordezkaritza bat bidali zuten, eta Alderdi Ederreko lorategietan izan ziren, besteak beste, Iñigo Iturrate eta Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea eta Alfonso Alonso PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidentea. EH Bildu osatzen duten indarren artean, EAko kideak joan ziren ekitaldira, Pello Urizar idazkari nagusia tartean. Ordezkari politikoekin batera, biktima ugari ere joan ziren: ETAk, Komando Autonomo Antikapitalistek, GALek eta Batallon Vasco Españolek hildakoen senideak eta ETAk zauritutakoak.

Indarkeria «guztien» biktimei mezu bera bidaltzeko beharra nabarmendu zuen Urkulluk:«Bidegabea izan zen». Aitzitik, berariaz aipatu zuen ETAren indarkeria, lehenbizi, eta BVE eta GALena, ondoren: «ETAren indarkeriaren injustizia baloratu beharra dago, batez ere biktimei eta haien senideei egindako kalte bidegabeari dagokionez». Bost arrazoi eman zituen horretarako: «Denboran zehar luzatu zelako; inposaketa politikorako asmoa izan zuelako; trantsizioaren, amnistiaren eta Gernikako estatutuaren ondoren iraun egin zuelako; izan zuen babes soziopolitikoagatik; eta, batez ere, sortutako giza kalte konponezinen larritasunagatik».

GAL eta BVEren biktimen kasuan, Urkulluk azaldu zuen gertatutakoa «bidegabea» izan zela adierazteak esan nahi duela «gogoratzea indarkeria horrek biktimak eta oinazea eragin zituela, ez zela beti aitortua izan eta, kasu batzuetan, ez zela ikertu ere egin». Urkulluk erantsi zuen biktima guztiek «egia, justizia eta erreparazioa» izateko eskubidea dutela, eta ondoriozatu: «Inoiz ez zuen gertatu behar, inoiz ez da errepikatu behar».

Aurten ere EH Bilduk erabaki du ez parte hartzea Jaurlaritzaren ekitaldian, kritiko agertu baita leloarekin. Indar subiranistako koordinatzaile Arnaldo Otegik uste du gobernuaren asmoa dela EH Bilduren «posizio politikoa higatzea», eta horregatik egin diote uko koalizio gisa parte hartzeari. Otegiren iritziz, «hauteskundeak datozen garaiotan, nolabaiteko interesa dago agenda politikora gai zehatz batzuk eramateko, ziur aski ez dutelako ezer esateko».

Iruñean, elkarretaratzea

Iruñean ere elkarretaratzea egin zuten atzo, eta Nafarroako Gobernuko eta parlamentuko ordezkariek hartu zuten parte; besteak beste, Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak eta Ainhoa Aznarez legebiltzarreko presidenteak. Isilune bat egin ondoren, Ana Ollo Harreman Instituzionaletarako kontseilariak «elkartasuna» adierazi zien «indarkeria terrorista bidegabea, zilegitasunik eta justifikaziorik gabea jasan duten biktima guztiei». Gasteizko Udaleko talde guztiek ere elkarretaratze bat egin zuten eguerdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.