Arazoen berri 1950eko hamarkadan izan zuten, Japonian, Minamata hirian: ataxia, eskuetako eta hanketako arazoak, ikusteko eta entzuteko ezintasunak eta era horretako sintomak atzeman zizkieten dozenaka herritarri. Ikerketek ondorioztatu zuten merkurioak gaixotu zituela. Mende erdi baino gehiago behar izan dute elementu kimiko hori mugatzeko neurriak hartzeko. Munduko 140 estatuk —Espainia eta Frantzia tartean dira— debekatu egin dute merkurioa erabiltzea baterietan, lanparetan, erreleetan eta kosmetikoetan, esate baterako. Minamatako Hitzarmenean jaso dituzte neurriak, hiri horretan topatu baitzituzten lehen gaixoak. Neurriak abian izango dira 2020rako.
Ingurumenaren kutsadurak osasunean sor ditzakeen arazoen adibide garbienetako bat da merkurioarena. Produktu hori maiz erabiltzen dute industrian, batez ere planta termikoetan, porlan fabriketan eta produktu kimikoak egiten dituzten lantegietan. Japoniako arazoen berri izan zutenetik, herrialde aurreratuetan gutxitzen ari dira merkurioaren erabilera —gai hori daukaten termometroak jada ez dituzte saltzen, adibidez—, baina garapen bidean diren herrialdeetan asko handitu da, batez ere Asiako hegoaldean.
Iazkoak dira zenbakiak, NBE Nazio Batuen Erakundearenak: munduan, 1.960 tona merkurio isurtzen dira gizakiaren jardunaren eraginez, eta itsasoan amaitzen dute erdiek baino gehiagok. Hor sortzen dira gorabehera handiak gizakien osasunerako. Arrainek merkurio kutsadura maila handia dute, eta horien bidez heltzen da merkurioa gizakiengana.
Maila egokitik gora
Umeetan eragiten du kezka berezia merkurioak, neuronei kalte egin baitiezaieke hazteko prozesuan. Azterketa bat egina badute Gipuzkoan, haurrek zer merkurio maila duten jakiteko. Espainian eta Herrialde Katalanetan ere aldi berean egin zuten ikerketa, eta ume jaioberrien zilbor hesteko odola ikertu zuten; guztira, 1.883 haurrena. Emaitza: Gipuzkoako ume jaioberrien %64,7k behar baino merkurio maila handiagoa dute odolean, AEB Ameriketako Estatu Batuetako ingurumen babeserako agentziak erabiltzen duen eskala aintzat hartuta. Ume horiei 6,4 mikrogramo metilmerkurio baino gehiago atzeman dizkiete odol litro bakoitzeko. OME Osasunerako Mundu Erakundeak odol litroko 8,2 mikrogramoko maila ere onartzen du; hori laurden batek gainditzen du.
Ume horien amek kutsatutako arraina jan izanarekin lotu dute ikertzaileek merkurio maila handia izatea. Hiru arrain klaseren kontsumoa altua dela nabarmendu dute: hegaluzearena, atunarena eta lubaroarena. Munduan eginiko ikerketek bistan utzi dute arrain gehien jaten duten herrialdeetan handiagoa dela kutsadura.
Ikertzaileek behin eta berriro nabarmendu dute, ordea, «alarmarik» ez dela sortu behar gaiarekin. Neurriak hartzeko eskatu dute, nolanahi ere; besteak beste, haurdun daudenei eta haurrak izan berri dituztenei aholkatzea ez jateko kutsadura handiena duten arrain motak, eta berdin jokatzea umeekin ere. Edo, jatekotan, albait gutxien jatea arrain horiek.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak esku hartu du auzian; bilera bat egin zuen Espainiako Osasun Ministerioarekin 2011n, ohartuta «nahiko altuak» direla merkurio mailak jaioberrietan eta pertsona helduetan. Neurriak hartzekotan geratu ziren orduan.
Apenas izan den aldaketarik, ordea, 140 herrialderen itunaz aparte. Interes ekonomikoek indar handia dutela uste dute talde ekologistek. Kutsatutako arrainekin aritzen diren enpresei kalte egingo lieke mugak, eta kloroarekin lan egiten duten enpresei ere bai; maiz erabiltzen dute merkurioa, eta uretara ugari joaten da.
«Isilpeko» txostena
Isilkeria kasuak ere izan dira tartean. Ekologistek salatu izan dute merkurioak eta era horretako gaiek eragiten duten kutsadura frogatu duten ikerketa batzuk isilarazi egin dituztela, arrantza industriari kalte egingo lioketelako.
Espainiako Gobernuarekin urteetan izan dute eztabaida. Kutsatutako arrainari buruzko ikerketa bat egin zuen Ingurumen Ministerioak 2003an, eta gehienezko muga gainditu egin zuten lagin batzuek. Gobernuak «isilpekotzat» jo zuen txostena, eta ez zuen argitaratu. Horren berri jakin zuten ekologistek, eta auzitara jo zuten: 2009an arrazoi eman zieten epaileek, eta gobernua behartu zuten txosten hori argitaratzera.
Ikerketarekin batera, gomendio batzuk ere kaleratu zituen gobernuak. Ikertzaileen bide beretik jo zuen: arraina jan behar da, baina kontu izan behar da kutsadura jasaten duten espezieekin.
Mende erdi bat mugak jartzeko
Merkurioaren erabilera mugatzea erabaki dute 140 herrialdek; umeen %65ek merkurio maila handia dute Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu