XIX. mende erdialdean, Nafarroan 269 udal zeuden... eta gaur egun 272 udal daude. «Nafarroako udalen mapa ez da geroztik batere aldatu. XIX. mendean jada kritikatu egiten zen udal gehiegi zeudela». Miguel Izu juristak Nafarroaren udal administrazioa aztertu du, eta ondorioetako bat da udalen mapa berrantolatzeko beharra aspaldiko kontua dela. Trantsizio garaian, esaterako, «oso argi zegoen» mapa berregokitu beharra zegoela. Denbora laburrean erreforma sakon bat egingo zelakoan, behin-behineko neurri batzuk hartu ziren. «Arazoa da erreforma hori izoztuta egon dela gaurdaino», azaldu du Izuk. Orain, krisiaren testuingurua baliatuta, eginbehar horri ekin dio berriz Nafarroako Gobernuak. Benetan izango al da?
Iragan legealdian batzorde txostengile bat antolatu zen Parlamentuan, eta orduko talde guztiek hitzartu zuten Nafarroako Gobernuari legealdi honetarako lege proiektu bat egiteko exijitzea. Bederatzi hilabete iragan dira legealdia hasi zenetik. Egun PSNren kontrolpean dago tokiko administrazioaren departamendua. Orain arte gauza gutxi egin duela susmatuta eta hura «ziztatzeko» asmoz, Xabi Lasa Nafarroa Baiko parlamentari eta Berriozarko alkateak Roberto Jimenezen agerraldia eskatu zuen Parlamentuan, eta duela bi aste izan zen Jimenez azalpenak ematen.
Irailaren 30eko epemuga
Kontseilariak azaldu zuen «lantalde tekniko» bat osatu dutela eta laster elkarrizketak abiatuko dituztela Parlamentuko talde guztiekin zein udal administrazioko eragileekin erreformaren edukiak adosteko. Bere helburua da udal maparen inguruko foru legearen proposamena irailaren 30erako aurkeztea. «Orain edo inoiz ez», esan zuen Jimenezek.
Sei hilabete falta dira epemuga horretara iristeko, baina oraindik eztabaidaren lehen fasean dago prozesua. Nafarroako Gobernuak ez du oraindik lege proiektuaren inguruko edukirik aurreratu. Ezkerretik eskuineraino, alderdi guztien artean adostasun zabala dago erreformaren beharrari buruz. «600.000 biztanleko lurraldean 272 udal eta 353 kontzeju gehiegizkoak direla ikusten da, eta ados gaude konponbide bat eman behar diogula. Hala ere, uste dut hor amaitzen direla adostasunak», azaldu du Xabi Lasak.
Zailtasun politikoak derrigorrez egon behar dira. Bestela, zergatik kostatu da hainbeste auziari heltzea? Izuren irudiko, batetik, «alderdiek berek boterea galtzeko beldurra dute. Nafarroan alkate gehien duen alderdiari, adibidez, ez dio graziarik egiten horrelako erreforma baten ondorioz, banatzeko alkate kargu gutxiago izatea». Beste faktore erabakigarria herritarrek udalarekiko duten atxikimendua da: «Arrazoi hutsala dirudi, baina bozetan ondorioak izan ditzake».
Txema Mauleon Ezkerra koalizioko parlamentariaren irudiko, unean uneko gobernuari udalak «bere menpe» izatea komeni izan zaio. Gobernuari dagokio udalen artean diru laguntzak banatzea eta «kolore politiko bateko udalari mesede egin eta besteei kaltetzeko» baliatu du maiz. Bestetik, gobernuak aurrekontuetan ezartzen du gastu arruntetarako udalen artean banatu beharreko dirua: «Era arbitrarioan zehazten du kopurua, eta krisian ikusi den bezala, gogoa ematen dionean artaziak sartzen dizkio».
Bilduren ustez, eredu instituzionalaren eztabaida dago udalen erreformaren atzean, eta bi interes kontrajarri daude: «Batzuek herritarron aurretik jartzen dute ekonomia, eta beste batzuek herritarren beharrak, eskubideak eta parte hartzea jartzen ditugu. Udalen garrantzia azpimarratu behar da, herritarrengandik hurbilen diren erakundeak direlako».
Lasaren ustez, udala erakunde gisa «sendotu» beharko litzateke. «Guretzat garrantzitsuena udala da. Demokrazia benetakoagoa egin nahi badugu, ezinbesteko tresna da. Orain gobernuaren ikuspegia da printzipio ekonomizista hutsagatik, dirua aurrezteko asmoagatik, udalen mapa hankaz gora jartzea antolamendu jakobinoago bat emateko».
Izuren arabera, ezbai hori oso aspaldikoa da. Frantziako Iraultzaren garaian, 1789an, aztertu egin zuten zer zen komenigarriagoa: herri bakoitzak udal bat izatea edo eraginkortasuna bilatzea tokiko administrazioan. Lehen aukerak irabazi zuen, eta, gaur egun, Frantzia da Europan udal gehien duen herrialdea (36.678 udal). Eredu hori Hego Euskal Herrira iritsi zen, eta udalen atomizazioa batez ere Nafarroan islatzen da gaur egun.
Egoera hori bideratzeko aukeretako bat da udal txikien arteko bat egiteak bultzatzea. Dena den, prozesu horrek herri batzuetan ezinegona eragin dezakeenez, Izuk uste du ez liratekeela derrigorrezkoak izan behar.
Beste aukeretako bat udalez gaindiko erakundeak dira. 30 urteotan, udalek zerbitzu nagusiak mankomunitateetan bateratu dituzte. «Teknikoki ondo dago eta ideia ona da, baina denborarekin arazo bihurtu da, eta mankomunitate batzuek udalen arazo bera dute. Benetan ez dute ahalmenik», azaltzen du Izuk. Mauleonek uste du «aldrebesa» dela egoera: «Nafarroa bezalako lurralde sakabanatu batean zerbitzuak bateratzeko sortu ziren mankomunitateak, baina gaur egun udal bat hiru, lau edo bost mankomunitatetan ordezkatuta egon daiteke». Bere ustez, «logikoena» da udal batek mankomunitate bati erantzutea.
Beste aukera bat dago. Egun, 60 mankomunitate inguru daude, eta horiek baino erakunde handiagoak sor daitezke: eskualdekoak. Hamabi inguru lirateke Nafarroan. Xabi Lasak interesgarritzat jotzen du bide hori: «Hemen ez dago horrelakorik, baina Katalunian eta Aragoin bai». Izuren ustez, konponbide egokia dira: «Udalei ohiko eskumen batzuk handiegi geratzen zaizkie, eta eskualdeetara pasa behar dira».
Horretarako, administrazioaren egituran erakunde bakoitzak —udal, eskualde eta gobernua—eduki beharreko eskumenak ondo zehaztuta geratu beharko lirateke. Arazoetako bat da udalek bere gain hartzen dituztela teorian eurei ez dagozkien eskumen batzuk: haur eta musika eskolak, adibidez. Era berean, Izuren arabera, «ikuspegi orokorragoa» falta zaie udalei, eta hainbat eskumen eskualdeetan bildu beharko lirateke: iragan legealdiko ponentziaren arabera, ur hornidura; hondakinen bilketa eta tratamendua; gizarte politika; ingurumena, trafikoa eta segurtasuna; garraio publikoa eta hirigintza.
Bide horretatik joko badu, gaur egungo mankomunitate gehienak desagertu egingo liratekeela uste du Izuk. Horrek ez du esan nahi langileak eta baliabideak desagertuko liratekeela. «Gauza ez da erakunde eta funtzionario gehiago sortzea, egun dagoena hobetzea baizik».
Horretarako funtsezkoa izango da udal finantzaziori «seriotasunez» heltzea. «Finantzazioarena arazo sakona da, eta ondorio eta adar asko ditu», dio Lasak. Gaur egun udalen finantzazioaren zati garrantzitsu bat, %25-%30 inguru, jarduera ekonomikoaren gaineko zergatik eta hirigintzari lotutako ezohiko diru sarreratatik dator. Hala, Lasaren arabera, egungo finantzazio sistemak desoreka handiak eragin ditu udalen artean, eta hirigintza «deskontrolatu» egin du.
Iruñerrian islatzen da arazoa batez ere. Udal batzuk biztanle gutxi dituzte, eta, ondorioz, zerbitzu gutxi eskaintzen dituzte, baina lur eremu handia duten hirigintza proiektu ugari dituzte: Galar, Aranguren, Berriobeiti. Bestetik, biztanle gehiagoko udalek (Barañain, Atarrabia, Berriozar, Burlata) zoru gutxi eta finantzazio arazo handiak dituzte.
Gainera, sistema horrek eraman du udal bakoitza bere hirigintza izatera, «zentzu orokorrik eman gabe». Lasak uste dufinantzazioa goitik behera aldatu behar dela: «Errentaren gaineko zerga eta balio erantsiaren gaineko zerga hartu, eta banaketa serio bat egin behar da, bizilagun kopuruaren arabera eta ematen zaizkien zerbitzuen arabera».
Gobernuak ez du proposamen zehatzik egin finantzazioari buruz, baina NaBaiko parlamentaria beldur da ez diola gaiari helduko. «Testuinguru orokorra ezin da ahaztu, eta udaletan ere gertatuko da zerbitzu murrizketa. Horrela mozorrotu nahiko dute diru aurrezte bat». Bilduk ere susmoa du udalen erreforma «bide horretatik» doala, eta «ikuspuntu ekonomizista hutsa» duela.
Hautatze sistemak gehiago kezkatzen du Mauleon. Izan ere, bere ustez, udalez gaindiko erakunde handiagoak sortuta, «kalitate demokratikoa galdu egin daiteke». Iruñerriko mankomunitatearen adibidea jarri du. Bertan, ez dago zuzeneko herri ordezkaritzarik, zeharkakoa baizik. «Beti kritikatu izan dugu, alderdi handien mesederako izaten delako eta inoiz ere ez duelako islatzen gizartearen aniztasuna». Dena den, eskualdekako erakundeen kasuan, Izuk uste du oso erraza dela hautapenaren arazoa konpontzea: «Udal hauteskundeak direnean ez da ezer kostatzen beste hautestontzi bat jartzea».
Iruñerrian, udal bakarra?
Duela bi asteko agerraldian, Roberto Jimenezek tupustean iradoki zuen Iruñerri osoan barrutikako udal bakarra sortzeko aukera zegoela. Ezer gehiago zehaztu gabe,iritzi horrek hautsak harrotu ditu. Bilduren ustez, Jimenezek ez ditu aintzat hartu «gaiak duen seriotasuna eta garrantzia. Bere ideia zabaldu du, baina ez du hitz egin udalekin».
Lasaren ustez, proposamen hori gauzatzen bada, esan nahiko luke Iruñerriko hainbat herritako «zerbitzuen eskaintzan atzera egitea». Bere ustez, egungo Iruñean auzoen artean dagoen desoreka herri horietara zabal daiteke, eta egoera okertu. Ezin da ezkutatu udal bakarra sortzeak interes alderdikoiei erantzun diezaiekeela. «Zalantzarik gabe,UPN eta PSN bezalako alderdiek gaur egun oso zail dute Atarrabia edo Berriozar bezalako udal bat eskuratzea, baina ikuspegi hori nahiko erlatiboa da. Etorkizunean galtzen atera daitezke».
Dena dela, erreformaren azken emaitzan, Mauleonek ezinbestekotzat jo du «ahalik eta akordio handiena lortzea». Bere ustez, UPNk eta PSNk tentazioa izan dezakete udal politikan «gehiengoen eta gutxiengoen jokoa» aldatzeko, baina horrek gatazka giro handia sor dezake, beste alderdien artean ez ezik udalen artean ere.
Izuren ustez, Nafarroak «denbora darama adabakiak jartzen. Ez da ezer egin ehun urte baino gehiagotan, eta ziurrenik ez da ezer egingo beste ehun urtean. Hau da unea». Mende erdi ondoren, udal erreforma ate-joka da.
Nafarroako udal maparen erreforma
Mende erdi ondoren
150 urteren ostean, udal administrazioa berrantolatzeko legea prestatzen hasi da Nafarroako Gobernua. Beharra badago, baina susmoak ere handiak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu