Mende laurdeneko absentzia

Gaur 25 urte hil zen Joxemi Zumalabe; euskal kulturgintzan utzi zuen ekarpenaren geriza bizirik dago. Hatsa izan zen 'Argia'-n, eta 'Euskaldunon Egunkaria' sortzen.

Eskuinean, Euskaldunon Egunkaria proiektuaren aurkezpenean, 1990eko apirilean, Bilbon, Joan Mari Torrealdairekin eta Martin Ugalderekin. BERRIA.
arantxa iraola
2018ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Herri honek nazio bilakatu nahi baldin badu, hizkuntza nazionalean oinarrituriko kultura bat garatu behar du, eta kultura horretan bere izate nazionala egituratu». Joxemi Zumalabek idatzita utzi zuen gogoetetako bat da. Haren bizitza ere hitz horien inguruan eraiki zuela esan daiteke: zalantzarik gabe. Argia astekaria berpizteko —Zeruko Argia kinka aski larrian zen sasoian— eta Euskaldunon Egunkaria sortzeko giltzarri izan zen haren jarduna 1980ko hamarraldian eta 1990eko hamarraldiko lehen urteetan. Gaur betetzen da haren heriotzaren 25. urtemuga; 42 urte besterik ez zuen. Hain handia izan zen haren ekarpena, haren absentzia atzeman egiten da oraindik. Sentitu egiten da. Argia-n eta Egunkaria Sortzen egitasmoan kide eta adiskide min izan zuen Iñaki Uriak, esaterako, onartzen du, hainbatetan, ataka estuetan, itaun egiten diola oraindik ere bere buruari: «Hark nola erantzungo ote lioke?».

1950ean jaio zen, Donostian, eta gaztetatik erakutsi zuen euskararekiko konpromisoa. Argia-n ezagutu zituen hainbat kazetari gazteren ondoan, edade bat bazuen Zumalabek, eta, haientzat, Uriaren hitzetan, «erreferente» izan zen. Eta hatsa. «Gaitasuna zuen oso gertu, oso samur egoteko: seduzitzeko». Haren «pasioa» du gogoan sasoian kide eta lagun min izan zuen Josu Landak ere, eta lantaldeak gidatzeko zuen aparteko gaitasuna. «Pasio hori besteei transmititzeko ahalmen izugarria zuen. Dohain hori zuen». Haren ondoan, hazi egiten zirela dio. Eta lanerako gaitasun handia erakutsi zuten. «Oso gutxi ginen, baina oso talde trinkoa», oroitu du Uriak. Eta Zumalaberen ekarpena erabakigarritzat dute. «Joxemi Zumalabe Goenaga bizi izan ez balitz, gaur ez genuke BERRIA irakurriko; hori horrela da», adierazi du Landak. «Argia ere ez genuke astero dastatuko». Izan ere, beti ekiten oroitzen dute: nekaezin. Uria: «Ideia bat eduki, eta hori ateratzeko gaitasuna zuen; egoskorra zen, tematia. Hori ere bazuen». Bi ardatz nagusitan: «Herria, eta hizkuntza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.