Mendekoen alde egiteko eskatu diote Nafarroako Parlamentuari

Azken murrizketek Mendekotasun Legea hutsean utzi dutela salatu du mendekoen aldeko plataformak

edurne elizondo
Iruñea
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Esku hartzeko; horixe eskatu dio Mendeko Pertsonen Eskubideen Aldeko Plataformak Nafarroako Parlamentuari. Espainiako Gobernuak dekretu bidez onartu dituen azken murrizketek Mendekotasun Legea hutsean utzi dutela salatu dute, eta, horren ondorio zuzenarengatik, batere laguntzarik gabe geldituko direla mendeko herritar anitz.

«Nafarroako Parlamentuak ahulenen alde egiteko ardura du; ardura hori bere gain hartzeko garaia da, eta, Nafarroako eskumenen testuinguruan, mendeko pertsonen aldeko neurriak hartzekoa», erran du plataformako bozeramaile Isabel Arboniesek.

Larria zen egoera, eta okerrera egin du azken murrizketen ondorioz, Arboniesek nabarmendu duenez. Salatu du onartutako neurriek mendeko pertsona anitz utziko dituela laguntza sistematik at. «Laguntzak jasoko dituztenek, gainera, gutxiago jasoko dute aurrerantzean», gaineratu du. Mendeko senitartekoak zaintzen aritzen diren pertsonak Gizarte Segurantzatik at uzteko neurria ere gogor kritikatu du. «Murrizketak, gainera, aldez aurretik izanen duten eraginari buruzko inolako ikerketarik egin gabe onartu dituzte, eta mendeko pertsonen eta haiekin bizi direnen iritzia jaso gabe», azaldu du Arboniesek.

Nafarroako Gobernuari begira

Nafarroako Gobernuari ere so egin dio Mendeko Pertsonen Eskubideen Aldeko Plataformak, eta Espainiak onartutako neurrien inguruan zer jarrera duen argitzeko eskatu dio Isabel Arbonies bozeramaileak Gizarte Politiketarako kontseilari Jesus Pejenauteri. «Gobernuak ez digu deus azaldu».

Plataformako kideekin ez, baina Nafarroako Mendeko Pertsonen Ordezkarien Batzordearekin bilera egin du Pejenautek. Kontseilariak azaldu du gobernuaren asmoa dela bermatzea mendeko pertsonak eta haien elkarteak laguntzeko sistemaren «iraunkortasuna». Gaineratu du aztertzen ari direla murrizketak nahitaez bete beharrekoak ote diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.