Mendekotasun Legea, eztabaida hasierara

Espainiako Gobernuak mendeko pertsonen autonomia bermatzeko irizpideak aldatzeko eskumenik ez duela berretsi dute EAJk eta PSE-EEk; eta 2006an legea onartu zeneko eztabaidaren argudio berak agertu dira berriz, baita berri bat ere: legearen finantzaketa.

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Sei urte. Ia sei urteren buruan, Mendekotasun Legeari buruzko eztabaida hasierara itzuli da. Espainiako Gobernuak pertsonen autonomia bermatzeko legearen garapena gelditzeko eskatu zuenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ez entzunarena egin zuten, eta aurrez ezarritako erritmoari eutsi zioten. Ordea, eskubideak murrizterakoan, duela sei urteko argudioak agertu dira berriz. Espainiako Gobernuak ez du eskumenik gai horretan. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek horri heldu diote orain arteko eskaintza mantentzeko. Ordea, Arabako aldundiak Madrildik heldutako agindua betetzeko asmoa agertu du.

Eskumenaren argudioaren funtsa autonomia bermatzeko eskubidea izendatzeko moduan dago. Espainiako Gobernuak, Gizarteko Segurantzako Erregimen Orokorraren barruan sartu beharrean, beste bide batetik jarraitu zuen, legea aurrera ateratzeko. «Legegileak herritartasun eskubide deitutako horiek erabiltzen ditu, gehiegi konprometituko ez duen eskubide subjektibo bat, egoera ekonomikoaren arabera erabili ahal izango duena, zehaztu nahi duenean», azaldu zuen Emilio Olabarria Espainiako Kongresuko EAJko diputatuak ostiralean, Deia-n.

Espainiako Gizarte Segurantzak eskubide hori bermatzen ez duen neurrian, talka egiten du aurretik gizarte arreta hori emateko eskumena zuen administrazioarekin: autonomia erkidegoak —Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasuan horren ardura aldundiek duten arren—. Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak eskumen hori gogorarazi zuen Espainiako Gobernuak neurrien berri eman zuenean, eta aldundiei eskatu die murrizketa horiek ez ezartzeko.

Are gehiago, Eusko Legebiltzarrak EAEko Gizarte Zerbitzuen Legea onartu zuen 2008an; Espainiako Gobernuak orain hartu dituen erabaki batzuk baztertzen ditu lege horrek. Besteak beste, zerbitzuen truke berriro pagatzeko neurriak arautzen ditu.

Lege horren helburuetako bat herritarrei zerbitzu berdinak ematea zen, ez probintzien arabera aldatzeko. Dena den, asmo hori bertan behera gera daiteke. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek alor horretan dituzten eskumena baliatzeko asmoa agertu dute. Ordea, Arabako Foru Aldundiak aldaketak «onuragarritzat» jo ditu, eta martxan jarriko dituela aurreratu du. Hori gertatuz gero, probintzia ezberdinetako biztanleen arteko ezberdintasunak handituko dira.

Hori argitu bitartean, Mendekotasun Legearen finantzaketaren eztabaida mantenduko da.Zabaletak Mendekotasun Legea finantzatzeko zerga zehatz bat bideratu nahi du. Dagoeneko proposamenak egin dizkie hiru aldundiei, asmo horrekin. Are gehiago, ondorengotza zerga horretara bideratzeko proposamena jarri du mahai gainean. Ordea, aldundien artean aldeak daude zerga hori ezartzerakoan, eta ezberdintasunak areagotu daitezke.

Arabako ahaldun nagusi Javier de Andresek proposamen hori kritikatu du, eta gaineratu du zerga horren bidez bildutako dirua ez dela nahikoa izango legea finantzatzeko. Izan ere, legea finantzatzeko, aldundiek jarri behar dute, gutxienez, Espainiako Gobernuak bezainbeste diru; ordea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldundiak dira finantzaketaz arduratzen direnak, funtsean. Gipuzkoan Mendekotasun Legea garatzeko erabiltzen den diruaren %15 baino ez du jartzen Espainiako Gobernuak, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.