«Mendeku politikak» amaitzeko eskatu du BAKek

Iñigo Lamarca EAEko arartekoaren arabera, presoei ez zaie legedi berezia aplikatu behar, legedi orokorra baizik

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Fabian Laespada Bakearen Aldeko Koordinakundeko (BAK) bozeramaileak adierazi du espetxe politika malgutzen badute «berandu» hartutako erabaki bat izango dela. Izan ere, Laespadaren iritziz, sakabanaketa politika ez zen sekula indarrean jarri behar, ez baita legeari jarraituz ezarritako neurri bat: «Oinarri mendekua duen espetxe politikak giza eskubideak urratzen ditu». Laespadak esan duenez, sakabanaketak «min gehigarria» eragiten die familia askori; horregatik, aspaldi utzi behar zen bertan behera.

Parot doktrinari buruz ere mintzatu zen Laespada ETBk atzo egin zion elkarrizketan: «Edozein ankerkeria eginda ere, pertsona bat kartzelan 40 urtez egotea gizagabea da». 30 urteko zigorra nahikoa dela uste du BAKeko bozeramaileak.

Iñigo Lamarca Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arartekoak ere hitz egin zuen atzo espetxe politikaren inguruan. Lamarcaren ustez, legearen «ahalik eta interpretazio onuragarriena» egin behar da. Azaldu du ekintza terroristak egozten zaizkien presoei ere lege orokorra aplikatu behar zaiela, eta ez neurri bereziak: «Bere burua demokratikotzat duen estatu batek ahal den guztietan giza eskubideen alde egin behar du». Arartekoaren iritzian, balio demokratikoak gailendu direlako utzi ditu ETAk armak behin betiko. Eta presoen gaian ere balio horiek nagusitu behar dute.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak erepresoak gerturatzeko neurriak hartzeko eskatu du egunotan, «ETAren desagertzea bizkortzeko». EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok esan du iritzi «interesgarria» dela Aresena, baina gogorarazi du espetxe politika Espainiako Gobernuaren eta PPren esku dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.