«Mendeku politikak» salatu ditu Etxerat-ek

Presoen senideek diote 'Parot doktrina' berrestea «legez kanpokoa» dela eta neurri horrekin «heriotza zigorra» ezartzen delaApirilaren 14an Bilbon egingo den martxan parte hartzeko deia egin dute

Parot doktrina ezarri dieten euskal presoen senideek agerraldia egin zuten atzo, Donostian. A. CANELLADA / ARP.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Zigorra betea izanda ere espetxealdia 30 urtera luzatzea ahalbidetzen duen Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina —Parot doktrina— berresteak, «legez kanpokoa» izateaz gain, agerian uzten du «salbuespenezko politika», Etxerat-eko kideek salatu dutenez. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakia kolpe gogorra izan da euskal presoen senideentzat, eta horren adierazgarri dira auzitegiaren erabakiaren aurka erabili dituzten hitzak. Salatu dute Konstituzionalak «mendekuan oinarritutako erabaki politikoa» hartu duela, eta auzitegi horri leporatu diote euskal presoei «heriotza zigorra» ezartzea.

Egoeraren «larria» ikusirik, Parot doktrina ezarri dieten presoen senideek agerraldia egin zuten, atzo, Donostian. Etxerat-ek deitu zuen prentsaurrekora, eta guztien izenean mintzatu ziren Mattin Troitiño doktrina ezarri dioten Txomin Troitiño presoaren semea eta Pili Agirre antzeko egoeran aurkitzen den Pello Etxeberriaren bikotekidea. Troitiñok eta Agirrek Espainiako Gobernuari exijitu diote zigorra beteta duten presoak «berehala» askatzeko eta Parot doktrina bertan behera uzteko. «Gure eta gure senideen bizitzekin jolasteari utz diezaioten exijitzen diegu».

Horrekin batera, Gernikako Akordioak deituta apirilaren 14an Bilboko kaleetan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete «oinarrizko eskubideetan sinesten duen pertsona zein eragile orori». «Doktrina honekin euskal preso politikoen eskubideen aurka egiten da, eta horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu manifestazioarekin bat egitea. Giza eskubideei lotuta dagoen eskaera bat egingo baita bertan». «Kontrako jarrerak, hau da, gure senideen oinarrizko eskubideen errespetuarekin bat ez egiteak, hainbeste sufrimendu eragiten duen espetxe politika kriminala mantentzen laguntzen duela ikusten dugu», adierazidute Etxerat-eko kideek.

Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrina ezarri dieten 47 euskal presoren babes helegiteak aztertu ditu azken hilabeteetan, eta duela astebete jakinarazi zuen 25 kasuri buruzko erabakia: hiru baino ez zituen onartu, hemeretzi atzera bota zituen eta hiruren eskaerak ez zituen tramitera onartu. Hainbat eragileren irudiko, erabaki horrekin Parot doktrina berretsi egin du Auzitegi Konstituzionalak. Guztira, 76 euskal presori ezarri diete doktrina hori.

Auzitegi Konstituzionalaren erabakia «oso larria» dela azpimarratu dute euskal presoen senideek, eta ohartarazi dute 30 urte espetxean igarotzeak ondorio fisiko eta psikologiko larriak garatzeko arriskua dakarrela. «Eragina ez da fisikoa soilik izaten; zure zigorra inolako azalpen juridikorik gabe eta mendeku hutsez kalera atera behar duzunean hamar urtez luzatzeak izugarrizko ondorio psikologikoak eragiten ditu». Jakinarazi dutenez, gaixotasun larriak dituzten hamalau presoetatik seik 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean, eta bosti ezarri diete Parot doktrina. «Hau ez da kasualitate hutsa», nabarmendu dute Etxerat-eko kideek.

Erabaki horrek, halaber, presoen senideei ere eragiten diela gogoratu dute. «Guri ere luzatzen digute zigorra. Bizitza osoa astebururo milaka kilometro eginez igarotzen dugu, astebururo errepidean jartzera behartzen gaituzte, hau da, gure bizitza arriskuan jartzera behartzen gaituzte».

Irainak preso bati

Bestalde, Aitzol Gogorza presoak salatu duenez, Basauriko espetxeko funtzionario baten irainak jaso zituen herenegun. Etxerat-en arabera, zerbitzu burua joan zitzaien Gogorzari eta ziegan harekin zegoen Patxi Gomezi. Funtzionarioa «oso asaldatuta» omen zegoen, eta biak elkarrekin ezin zutela egon esan zien. Pasa den ostiralean lekualdatu zuten Gogorza, Sevillatik Basaurira. Gaixotasun larria dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.