hauteskundeen ondorena

"Mendekurik gabe" utziko du Odon Elorzak alkatetza, baina ez da etziko udalbatzarrean izango

PSEko kideak dio atseden hartuko duela, eta asko irakurri eta euskara ikasi nahi duela.

2011ko ekainaren 9a
18:58
Entzun 00:00:0000:00:00

Odon Elorza (PSE-EE) Donostiako jarduneko alkateak baieztatu du ez dela etzi alkate berriaren izendapeneko udalbatzarrean izango (09:00). "Baina ez gogorik ez dudalako edo mendeku gisa, baizik eta zentzurik ez duelako ni han egoteak eta lekuz kanpo egongo naizelako. Gainera, baliteke inor haserretzea eta zerbait esatea". PSEren alkategaia izan zen maiatzaren 22ko hauteskundeetan, baina bozak galdu ostean zinegotzi ere ez dela izango jakinarazi zuen.

Bildu izan zen Donostiako lehen indarra, zortzi zinegotzirekin. PSEk zazpi lortu zituen, eta seina PPk eta EAJk. Oraindik ez dago argituta zein izango den alkatea; litekeena, Juan Karlos Izagirre Bilduko kidea izatea da. "Udalbatzarreko presidenteak emango dio alkate izango denari agintea", adierazi du Elorzak (Donostia, 1955).

Udala utziko duten hamazazpi zinegotziri Donostiaren mendeurreneko domina eman die gaur. Berak ere jaso du, Duñike Agirrezabalaga Alternatibako eta Ainhoa Beola Aralarreko udal gobernukideen partetik. Esker hitzak, besarkadak eta agurrak izan dira. Udal langileei ere adio esan die Elorzak, eta haien denen lana goretsi du, "biharko egunean ere hiri honen oinarrizko osagai izango baitira".

Eta zer egingo du orain? "Egunkariek izenburuetan esan dutena ez; ez naiz ezeren kontseilariorde edo zuzendari nagusi izango", esan du. "Atseden" hartu nahi du, "asko irakurri", eta teknologia berriak ikasi ere bai. "Zintzilik" daukan zeregina ere helduko diola hitz eman du: euskara erabat ikasteari.

Hogei urtean izan da Donostiako agintean

Elorza 1991n iritsi zen Donostiako alkatetzara, ekainaren 15ean. PSE orduko udal hauteskundeetan hirugarren indarra izan zen. Aurrena, EA (Xabier Albistur zela alkategai). Bigarrena, HB (Joxeaustin Arrieta). EAJk eta PPk, ordea, Elorzaren alde bozkatu zuten eta hau jarri zen alkate.

1995ean bigarren bozkatuena izan zen PSE. Lehendabizikoa, PP (Jaime Mayor Oreja). PSE-EAJ-EA akordioari esker lortu zuen agintea Elorzak.

1999an PSE izan zen lehen indarra Donostian, eta PPrekin egin zuen legealdi ituna. Bi urte eta erdi iraun zuen akordioak. 2003an ere PSE izan zen nagusi bozetan, eta gutxiengoan gobernatu zuen. 2007an ere irabazle PSE, eta Elorzak Aralarrekin eta EBrekin (Alternatibarekin gero, hau sortu zenean) gobernatu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.