Aldaketa beharra espresuki aipatu gabe, bestelako espetxe politikaren alde egin du Patxi Lopez lehendakariak ehundik gora fiskalen aurrean. Ez du esan orain artekoa mendekuan oinarritu dela, baina adierazi du hemendik aurrerakoak «mendeku asmorik ez duena» izan behar duela. Zehaztu du bai lehengoak eta bai hemendik aurrerakoak legea izango dutela beti oinarritzat, eta abagunea baliatzearen alde egin du,«egokieraren printzipioa» aipatuta. Finean, legeak eta espetxe politika konponbidean aurrera egiten laguntzeko baliatzeko eskatu du; «joka dezagun buru argiz, guztion askatasuna egonkortzeko».
Fiskalen Batasun Progresistaren (UPF) XXVII. Biltzarrean esan ditu horiek lehendakariak, Bilbon, inaugurazio ekitaldian. «Terrorismoaren garai gogorretan ETA ahultzen lagundu digu espetxe politikak, eta orain ere lagungarri izan behar du elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko». Adierazi du horretarako bidea dela «iragan terrorista arbuiatzen duten eta etorkizun komun batean parte hartu nahi duten guztiak demokrazian sartzea».
Euskal Herria «garai berrian» sartua dagoela azaldu, eta «espetxe politika berriak mendeku asmorik ez duen legera egokitu» behar duela esan du; «justizia lortu behar du, eta ez mendekua». Gizarteratzea ezin duela baztertu ohartarazi du; «horixe jasotzen du Konstituzioak berak».
«Elkarbizitza demokratikoa egonkortzeko garaia» da, lehendakariaren ustez, eta, horretarako, demokraziari eraso dioten pertsonak eta taldeak «demokrazian, bere instituzio eta balioetan» sartzea lortu behar da. «Hori izango da gure garaipen handia».
Guztien parte hartzea
Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak adierazi du bakea eta justizia direla fiskalen oinarrizko printzipioak. Berdintasuna, justizia, aniztasuna eta «askatasun politikoa» defendatu behar dituztela esan die fiskalei, haien biltzarreko hasiera ekitaldian: «Herritar guztien parte hartzea erraztu behar da politikan, kulturan, gizartean».
Maria Montero fiskalen elkarteko presidentea «mundu guztia» bilduko duen elkarbizitza laguntzeko prest azaldu da; «biolentoak soilik baztertuko dituena».
Espetxe politikari dagokionez, legea ezarrita gizarteratzea lortubehar duela esan du Kalparsorok. «Espetxe politikaren helburua argia da: zigortua gizarteratzea; hortik aurrera, egoera bakoitza aztertu beharko da».
Mendekurik gabeko espetxe politika eskatu du Lopezek
Lehendakariak egoera berria baliatzeko deia egin du fiskalen aurrean: «Joka dezagun buru argiz, guztion askatasuna egonkortzeko»Fiskalei aniztasuna eta askatasun politikoa defendatzea dagokiela esan die fiskalburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu