Larunbat goizean abiatu ziren hiru mendizaleak Candanchun (Aragoi, Espainia) zuten etxetik Villanua aldera. Autoa 1.200 metrora utzi zuten, Collarada mendi magalean. Guardia Zibilak jakinarazi duenez, «10:30ean lekuko batek haiekin topo egin zuen, mendian gora zihoazela». Beraz, istripua ikertzen ari direnek adierazi dutenez, «litekeena da ezbeharra 12:30 aldera gertatzea».
Miguel Dominguez Jakan Guardia Zibilak duen Mendiko Salbamenduko Unitateko burua izan da hiru gazteen erreskateko koordinatzailea. Dominguezek BERRIAri jakinarazi dionez, «elur jausiak izateko arriskua gorena zen larunbatean». Mendizaleak bazkaltzera itzultzekoak ziren. 17:00etan Perezen emazteak eta beste bien arrebak larrialdi zerbitzuetara deitu zuen, mendizaleen berririk ez zuela eta. «18:00etan ekin genion salbamenduari, nahiz eta eguraldia guretzat ere txarra zen», azaldu du Dominguezek.
Salbamendu zerbitzuak Collaradako magalera iritsi zirenean, biktimek mendira joateko baliatutako autoa aurkitu zuten han. «Autoaren kokalekuari esker jakin genuen hiru mendizaleak mendira hegoaldetik igo zirela», dio Dominguezek. Iluntzeko denbora gutxi falta zenez, helikopterorik ez baliatzea erabaki zuten sorosleek. «Haizea handia zen, eta, badaezpada, inguruan dauden bi babeslekutara joan ginen, hiru lagunak hor zeuden jakiteko». Babeslekuetan ez zeudela ikusita, mendizaleak elur jausi batek harrapatuta egon zitezkeela ziur zeudela dio. «Orduan ohartu ginen bizirik aurkitzeko aukera gutxi zegoela, tenperaturazero azpitik 14 gradukoa baitzen».
Hala ere, sei mendi sorosleak arrastoen bila hasi ziren, nahiz eta egun horretan zebilen haize gogorrak giza arrasto guztiak ezabatu zituen. Zailtasunak zirela eta, bilatze lanak 01:00etan goizaldera arte eten zituzten. Behin igandeko lehen argi izpiak atera zirenean ekin zioten, bigarren egunez, hiru mendizaleen bilaketari Mendiko Salbamenduko Unitateko hamahiru lagunek, helikoptero baten eta bi zakurren laguntzarekin. «Larunbatean ez bezala, igandean helikopteroa baliatu ahal izan genuen, eta horrek bilatze lanak asko erraztu zizkigun».
Collaradako hegoaldean, bezperan aurkitu zituzten elur jausietan, salbamendu taldeko bi edo hiru laguneko taldetxoak utzi zituen elurretan helikopteroak, mendizaleen arrastoen bila. «Bilaketa lanetan binaka edo hirunaka aritzen gara, segurtasun arrazoiengatik», azaldu du Dominguezek.
Goiza bilaketa orokorra egiten igaro ostean, 15:00etatik aurrera zehazten hasi ziren bilaketa eremua. «Mapa batean, elur jausietako guneak zehaztu genituen, eta ebakita zegoen elur geruza handi bat ikusi genuen». Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, «ebakidura horrek 100 metroko zabalera zuen, eta horren azpian 400 metroko elur jausia ageri zen».
Helikopteroaren laguntzari esker, apurka-apurka gune horretara hurbildu eta hiru mendizaleen hainbat objektu aurkitu zituzten; eski bat eta eskularru batzuk, besteak beste. Hala, Collaradako beste hainbat tokitan lanean zeuden sorosle guztiak ebakidura horretara eraman zituen helikopteroak. «Eskularruak aurkitu genituenean bagenekien hor zeudela, baina ez genuen bizirik aurkitzeko inolako esperantzarik». Izan ere, orduak aurrera igaro ahala, elur jausietatik bizirik ateratzeko aukerak izugarri murrizten direla dio Dominguezek.
Bilaketa zehatza hasi eta ordu erdira aurkitu zuten lehen mendizalearen hilotza. Guardia Zibilak adierazi duenez, «lehen gorpua elur geruzaren gainean zegoen». Beste biak elur jausien biktimak aurkitzeko seinale igorleen bitartez aurkitu zituzten. Mendizaleetako baten hilotza 30 edo 40 zentimetro ingurura zegoen, eta bestearena, berriz, metro batera. «Palekin elurra kentzen aritu behar izan genuen gorpuak ateratzeko», adierazi du Dominguezek.
Puntu beltzetik at
Collarada mendia oso tontor ezaguna da mendizaleen artean. Dominguezen hitzetan, «ez dago mendi arriskutsuen zerrendan sartua, baina, mendi guztiek bezala, arriskua du». Jaka inguruko mendirik altuena da, 2.884 metroko garaiera baitu. Collarada egoera klimatiko arruntean zailtasun ertaineko gaina dela dio mendi sorosleak.
Hala ere, larunbatean eguraldi txarra egiten zuen Aragoiko Pirinioetan. Ez da elur jausi asko izaten dituen gaina. Baina azken astean egindako elurraren eraginez, eta haize gogorraren ondorioz, elur jausiak izateko arriskua handia zen. Hiru mendizaleak Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko kideak ziren. 20 urte baino gehiagoko esperientzia zuten hirurek, bai mendizale gisara, baita eskiatzaile gisara ere. Dena den, ezin izan zuten esperientzia hori baliatu, Dominguezen irudiko «elur jausiak ezustean harrapatu zituelako».
Azken ikerketen arabera, gora zihoazela hil ziren, aurkitutako eskiek eski-larruak jarriak baitzituzten oraindik. Iraupen eskian mendira igotzean baliatzen dira larru horiek, eskiek irrist egin ez dezaten. Jaisterakoan, ordea, larruak kendu egiten dira, eskiak hobeki irrist egin dezaten.
30 urte baino gehiago daramatza Dominguezek mendiko salbamendu lanetan. Urte horietan guztietan larunbateko gertakizunen antzeko beste asko bizi izan dituela aitortu du. «Esperientzia handia izan arren, norbera ez da horrelako ezbeharretara inoiz ohitzen». Hala ere, denborarekin mendi istripuen «drama» distantziarekin hartzen ikasi duela dio.
Dominguezek ez du mendizaleen erabakiaren inguruan inolako iritzirik eman edo kritikarik egin nahi. Mendizale guztiek duten askatasunean sinesten du, eta horren defendatzaile sutsua da. Hala ere, esperientzia «kaltegarri» ere izaten dela dio, «asko gehiegi fidatzen direlako». «Mendizale bakoitzak erabakitzen du mendira noiz eta nola igo, nork bere gain hartu behar baititu mendiaren arriskuak».
Sanz eta Lopezek doluminak eman dizkiete senideei
Hego Euskal Herriko bi lehendakariek, Miguel Sanz Nafarroako Gobernukoak eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzakoak, doluminak eman eta elkartasuna adierazi zieten hildako hiru mendizaleen senideei atzo. Miguel Sanzek dei egin zien mendizaleei «zuhurtzia» izateko mendira joatean, jarduera horrek berez izaten duen arriskuaren ondorioz. Aldi berean, eskerrak eman zizkien gorpuak bilatzen aritu ziren Guardia Zibilaren agenteei, baita sorosle lanean aritu ziren gainerako guztiei ere. Patxi Lopezek «elkartasuna eta hurbiltasuna» adierazi zizkien hildakoen senideei. «Denboraleak, bideetan mugitzeko zailtasuna ez ezik, horrelako ezbeharrak ere ekarri ohi ditu», adierazi zuen.Istripuan hildako hiru mendizaleak
Txomin Eugi Martinikorena. Iruñean jaioa, 39 urte zituen, eta Acciona Windpower enpresan lan egiten zuen. Anaitasuna mendi taldeko kidea zen, eta federatuta zegoen.Santiago Eugi Martinikorena. Iruñean jaioa, 32 urte zituen. Txominen anaia zen, eta ingeniaritzako lizentziaduna. Egun EINAn lan egiten zuen. Rutas Navarras elkarteko kidea zen, eta federatuta zegoen.
Unai Isasi Perez. Arrigorriagan (Bizkaia) jaio zen, duela 38 urte. Iruñean bizi zen, eta Iruña Construccion enpresan lan egiten zuen. Rutas Navarras elkarteko kide zen, eta federatuta zegoen.
Aragoiko Pirinioetako elur jausiak
Ondokoak dira azken urteotan Aragoiko Pirinioetan gertatu diren elur jausi handienetako batzuk. Biktimen artean euskal mendizale asko daude; tartean, Respomuson gertatutakoan.Candanchu, 1985. Elur jausi batek sei lagun hil zituen.
Astun, 1991. Lau hildako eragin zituen elurbildu batek.
Tuca Blanca de Paderna, 1991. Mendian ariketak egiten ari ziren militarrak harrapatu zituen elurbiziak, eta haietako bederatzi hil zituen.
Respomuso, 1995. Aterpetik jaisten ari zirela, sei mendizale harrapatu eta hil zituen elurbildu batek.
Respomuso, 2000. Bi pertsona hil ziren aterperako bidean.
Bachimaña, 2004. Bi mendizale hil ziren.
Canal Roya, 2005. Lepoan, bi mendizale hil ziren.
Formigal, 2007. Hiru mendizale hil ziren elur jausiagatik.
Llanos del Hospital, 2008. Mendizale bat hil zen.