Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Mendiak ziurtatu du PSEk ez duela EH Bildurekin gobernu akordiorik egingo

«Gehiengo aurrerakoiaren» botoak eskatu ditu PSEko lehendakarigaiak. Gazteriaren lege berri bat onartzeko konpromisoa hartu du Mendiak

Idoia Mendia eta PSEko gazte erakundeko kideak, atzo, Bilbon. BERRIA.
Edurne Begiristain.
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
PSEko gazteekin egindako ekitaldi bat baliatu zuen atzo Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiak argi eta garbi esateko ez duela EH Bildurekin gobernu akordiorik egingo: «Nik ez dut gobernua osatuko EH Bildurekin, ez gara egongo Espainiarekin hausteko proiektuak planteatzen dituzten gobernu batean, ezta ezkutuan ere». Eta irmotasun bera adierazteko eskatu zion EAJri: «EAJk gauza bera ziurtatu dezake?».

Hauteskunde kanpainan, Mendiak askotan esan du PSE «ezkerreko alternatiba bakarra» dela, eta atzo ere aldendu egin zen Elkarrekin Podemosekin eta EH Bildurekin aliantza egiteko aukeratik. Bilbon egindako ekitaldian azpimarratu zuen «gobernatzen dakien» ezkerra ordezkatzen duela PSEk, eta berak lehendakari izateko aurkezten duela bere burua: «Lehendakari izan nahi dut Euskadiko gehiengo aurrerakoiaren botoekin». Hala ere, Mendiak ohartarazi zuen sozialistak saiatuko direla akordioak denekin lortzen, baldin eta «Euskadiren berreraikuntza sozialerako» ona bada, baina inoiz ez «konfrontazio estrategiak» elikatzeko bada.

Elkarrekin Podemosek jarri du mahai gainean ezkerreko hiruko bat osatzeko proposamena, eta gai hori hautagai guztien ahotan dabil kanpaina honetan. Aukera horri buruz galdetu zioten atzo Mendiari elkarrizketa batean, eta hark azpimarratu zuen akordioez eta gobernu itunez hitz egin aurretik funtsezkoa dela alderdi politiko guztien ideiak eta proposamenak ongi ezagutzea. Sozialisten programa argia dela erantsi zuen: «PSEra doazen boto guztiak bideratuko ditugu herritarren arazoak Jaurlaritzaren agendaren erdigunean jartzeko».

Nolanahi ere, ohartarazi zuen edozein akordio lortzeko, politika publikoetan gutxieneko adostasunak izateaz gainera, «oinarri etiko sendoak» ere partekatu behar direla, eta gaur-gaurkoz EH Bildurekin ezinezkoa dela arlo horretan bat egitea, ETAren indarkeria «gaitzesteari» uko egiten diolako. Mendiaren arabera, PSEren eta EH Bilduren artean «distantzia handia» dago oraindik bakean eta bizikidetzan, eta horrek zaildu egiten ditu itunak egitea.

Etxebizitza eta lan duina

Gazteekin egindako ekitaldian, bestalde, Mendiak iragarri zuen Gazteriaren Lege berri bat onartu nahi duela PSEk hurrengo legealdian. «Paternalismoa» alde batera utziko du, eta gazteen «benetako emantzipazioa» lortzeko legea izango da, etxebizitzarako eta lan duin baterako eskubidea bermatuko dituelako, Mendiak azaldu zuenez. Lege hori onartu bitartean, PSEk «indartu» egingo du Gaztelagun alokairurako laguntzen programa, eta gazteen enplegua sustatzeko plan bat martxan jarriko du.

PSEko lehendakarigaiaren ustez, osasun larrialdiak sortutako krisiak gazteen talentua baliatzeko aukera ireki du: «Gazteen ekimena eta arriskatzeko gaitasuna beharrezkoak ditugu krisi honetatik ateratzeko». Adierazi zuen gaur egungo gazteria «oso ongi trebatuta» dagoela, baina etorkizun zaila daukala, eta horregatik dela garrantzitsua datorren igandean bozkatzera joatea: «PSE indartsu batekin, aurrerapen, aukera, akordio eta elkarrizketa gehiago izango dira».

PSEko gazte erakundeko arduradun Victor Trimiñok, bestalde, gogoratu zuen Gaztelagun programak 50 milioi euroko diru saila izan zuela joan den legealdian, eta helburuen artean duela eraikitzen diren etxebizitza publikoen %40 gazteentzat izatea.

Horrez gainera, PSEko gazte erakundeak egindako ekarpenen dokumentua eman zion Mendiari, hark martxan jar ditzan «lehendakari denean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.