Bizitzan zehar ereindakoaren fruitu ederra izan da Joan Mari Torrealdaik jaso duena. Bere heriotzatik urtebete igaro denean, senide, lagun eta lankide izandakoek omenaldi sentitua eskaini diote Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkeko lorategian eginiko ekitaldi berezian. Besteak beste Jakin aldizkariko zuzendari eta Euskaldunon Egunkariaren sortzaile izandakoa joan den urteko uztailaren 31n zendu zen, 77 urterekin, minbiziaren ondorioz, eta haren bizitza goraipatzeko ekitaldi publikoa ezin izan zen orduan egin COVID-19aren pandemiak aukerik utzi ez zuelako. Zintzilik geraturiko omenaldiaren arantza hori behar den modura kendu dute, ordea, euskal kulturaren munduan erraldoi izandako gizonari merezitako agurra emanez.
Garazi Torrealdai alabak urte osoan zehar familiak jasotako babes eta maitasun mezuak eskertu ditu bere hitzartzean, aitak utzitako «hutsune sakona» betetzen eta aurrera egiten lagundu dietela esanez. Zirraraz beteriko ahots hauskorrarekin, aitak utzitako bi irakaspen ekarri ditu gogora: «Lehena ezina ekinez egina lema da, zure azken hatsa airean urtu zen arte egin zenuen bezala. Bigarrena, berriz, ipotx bat zinela zenioen, baina erraldoi baten gainean zihoan ipotxa. Zu guretzat beti izan zara eta izango zara erraldoiaren lana egin eta guztia Euskal Herriari eskaini zion ipotxa».
Ekitaldia osatu duten hitzartze eta emanaldiek iraun bitartean, Torraldairen bizitza errepasatzen dituzten irudiak bata bestearen atzetik jarri dituzte agertoki alboko pantailan, eta han bildutakoez gain, lorategian ez zirenek ere ekitaldia Berria telebistaren bidez jarraitzeko aukera izan dute. Joan Mari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko arduradunak azaldu du omenaldirako leku hori aukeratu izana ez dela kasualitatea izan, Torrealdai beraren eskaria baizik: «Azkeneko egunetan berak eman zizkigun enkargu eta egitekoen artean esan zigun, bera hiltzean zerbait egiteko asmoa bagenu, Martin Ugalde kultur parkean egiteko, eta horrela esanez gero, betetzea besterik ez zitzaigun geratzen».
Hain zuzen, Torrealdaik parkearekin «lotura zuzena» izan zuela gogoratu du Larrartek, bertan, besteak beste, Jakinen, Euskaldunon Egunkarian eta Elkar argitaletxean aritu zelako: «Esaten zuen parkea euskalgintzaren eta euskal kulturgintzaren zutarrietako bat izango dela eta izan behar duela».
Arlo profesionaletik harago, Torrealdaik maila pertsonalean eskainitakoak ere nabarmendu nahi izan dituzte, baina, haren bidelagun izandakoek. Paulo Agirrebaltzategi Jakin Talde historikoko kidea haren lagun ona izan zen, eta bildutakoen aurrean gogora ekarri du biek 1977ko udan Londresera egin zuten bidaia, han bizitako une «gogoangarriak» guztiekin partekatzeko.
Hark bezala, Elkar Fundazioko Mikel Arrizabalagak ere hitz goxoak eskaini dizkio urtetan zehar mendi txangoetako kide izandakoari: «Bakardadeak hauspotzen duen mina, oroitzapenek pizten duten argi ahula, lagunaren irudia airean marrazten duen koadro hutsa, haize bortitzak daraman adiskidearen hatsa... Ez diat amorerik eman nahi, ez nauk hire presentzia ezaren aurrean errendituko, ez eta gure lur emankor eta ederrean hirekin egindako bideetan galduko».
Omendua ez ezik, Jakineko kide izandako Joxe Azurmendi eta Joseba Intxaustegi ere hainbatetan aipatu dituzte hitzartzeetan, Torrealdairen lankide eta lagun onak izandakoak biak. Halaber, ekitaldian presente izan direnen artean, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea egon dira.
Poesia eta musika
Ekitaldiko hitzartze bakoitzaren artean, bertsoekin eta kantekin koloreztatu dute omenaldia. Lehen abestia jo aurretik, Mikel Urdangarinek aipatu du, 2019ko Durangoko Azokan Torrealdarekin topo egin zuenean, hark «erdi txantxetan» eskatu ziola bere hiletan jotzeko. Bada, Agian irailean kanta abestuz, musikariak bere hitza bete du: «Kantu hau beldurrak gainditzeari buruzkoa da, eta hor berak ere bazeukan zeresana, bizitzan zehar beldurrari hortzak erakutsi baizizkion».
Kirmen Uriberen Mundua begiratzeko poema ere abestu du, Torrealdaik «mundua begiratzeko zuen modu paregabea» omentzeko, eta horrakoan Manex Torrealdai izan du alboz albo trikitixarekin. Oihana Iguaran eta Andoni Egaña bertsolariek, beren partetik, errimaz dotoretu dute emanaldia, besteak beste, eredugarritzat jo duten gizonari eskerrak emanez eta hark utzitako itzala luzatuko dutenak faltako ez direla azpimarratuz.
Torrealdairi Jakineko zuzendari moduan lekukoa hartu zion Lorea Agirrek ere poesiarekin abiatu du bere hitzartzea, Iñigo Astiz poetak duela urtebete idatzitako eta argitaratu gabeko Torrealdai gogoan, Torrealdairen umezurtz poemaren zati bat irakurriz: «Hutsune handiari begira ezin genuen sinetsi erabat persona bakarra zinenik. Ispilu apurtu bat bezala gogoratu zintugun ondoren, bakoitza bere puskarekin». Ispilu horren isla zabala izan zela erakutsi du Agirrek, ordea, Torrealdairengandik ikasitakoak zerrendatu dituenean, eta eskerrak eman dizkio transmitituriko balio eta jakituriarengatik. Orobat, finean, harengatik jasotako lezio garrantzitsuena «bizitza ospatzea» dela ondorioztatuz amaitu du bere hitzartzea: «Manex Erdozaintzi-Etxart zure adiskide poetak idatzi bezala, nori ez zaio atsegin biziaren izerdia?».
Hala, bizitza ospatzeko aldarri horrekin, Manex Torrealdaik eta Kattalin Zubizarretak Joan Mari Torrealdaik asko atsegin omen zuen Leonard Cohenen Allelujah abestiaren euskarazko bertsio bat abestu dute, eta ekitaldia amaitzeko, berriz, Imanol Larzabalen Mendian gora haritza kanta lorategian bildutakoekin batera jo eta abestu dute. Horrela, malko eta txaloen artean, euskal munduari horrenbeste eman zionari merezitako esker ona eta agurra eman diote denen artean.