Metroko sindikatuek errekurtsoa jarriko diote soldaten %4,5 itzultzeari

Protestekin jarraituko dute langileek; hiru orduko lanuztea dute etzi, ez dutelako sumatu «egiazko urratsik»

Erredakzioa
Bilbo
2012ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Oraindik ez da akordiorik Bilboko Metroko langileen eta zuzendaritzaren artean, eta lanuzteei eustea erabaki dute sindikatuek. Greba batzordeko ordezkariak (CIM, ELA, ESK, LAB eta UGT) atzo batzartu ziren, eta etziko protestarekin jarraitzea erabaki zuten. Langileek 2011ko soldatatik 1.500 bat euro itzuli beharko dituztela dioen agindua ere aztertu zuten atzo sindikatuek, eta helegitea jartzea erabaki zuten. CCOO sindikatuak ere, nahiz eta ez dagoen greba batzordean, helegitea jarriko duela azaldu du.

Zerbitzu publikoetako langileei %4,5 izoztekoak ziren soldatak iaz, baina Metroko langileek jaso egin dute ehuneko horri dagokion dirua, eta orain itzultzeko agindu die Metroko administrazio kontseiluak. Langileen ordezkariek ez dute onartu agindua, eta guztiek aurkeztuko diote helegitea. Nolanahi ere, helegitea jartzeko erabakia patxadaz aztertuko dutela iragarri dute sindikatuek, administrazio kontseiluak ez baitie soldatak itzultzearen erabakia ofizialki jakinarazi.

Urtarrilerako langileek antolatuak zituzten protestekin aurrera jarraitzea ere erabaki zuen greba batzordeak atzoko bileran. Txema Oleaga Metroko presidenteari «egiazko urratsak» egiteko eskatu zioten: «Egoera ez da ezertan aldatu, okerrera ez bada. Duela hilabeteko gatazka bera daukagu, eta, gainera, urtarrilean 1.500 euro kendu nahi izatearen mehatxuarekin gaude». Etzi lanari utziko diote 09:45 eta 12:45 artean, eta elkarretaratzea egingo dute Bilboko Metroaren egoitzaren aurrean. Datorren astean berriro bilduko da greba batzordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.