Adostasunaren trenak iritsia dirudi Bilboko Metrora. Beste eskaintza bat egin zien atzo zuzendaritzak sindikatuei, eta haiek begi onez hartu dute haren eduki nagusia. Finean, langileen eskariak bete dituelako: lan taldea handitu egingo dute metroak geltoki gehiago izatearekin batera eta horrek ez du berekin ekarriko gidarien lan baldintzak aldatzea. Gidariak 166 izango dira —orain 162 dira—, eta ikuskatzaileak, 182 —175 daude gaur egun—. Presaz, gaur goizean elkartzeko deia egin diete metroko beharginei. Asanbladan bozkatuko dute proposamena, eta erabakiko dute onartu edo ez. Zehatz ez dute adierazi, baina eskaintza aintzat hartzearen alde lerratu dira sindikatuak.
Hilabete eta erdiko lan gatazka amaituko da gaur langileek proposamena onartzekotan. Maiatzean hasi zuten protesta. Bilboko Metroa zabaltzen ari da zerbitzua, baina, beharginen esanetan, lan taldea handitu gabe ari dira horretan. Basaurira (Bizkaia) heltzekoa da lurpeko trena azaroan, eta ordurako plantilak handituta egon behar duela uste dute sindikatuek. Bestela adierazi zuen zuzendaritzak: egungo taldearekin ere handitu zitekeela zerbitzua.
Akordio hotsa bazen azken asteetan, baina azkenean zarata zen gehiago. Atzora arte. Goiz eta arratsalde batzartuta egon ziren zuzendaritza eta sindikatuak, eta arratsaldean ahoz hitzartutakoa paper gainean jarri zuten iluntzean, argi idatzita eta orririk orri sinatuta. 19:50ean adostu zuten itunerako oinarria. Aurrez, ordea, hedabide hainbatek akordioa bazela zabaldu zuten, artean sindikatuak hizketan ari zirela, ezer adostu eta sinatzeko zegoela. Lehenago ere izan baitituzte zapuztutako akordio asmoak, guztia zorrotz sinatu arte sindikatuek ez zuten baieztatu bazutela adostasuna oinarrizko ituna egiteko.
Paperak eskuan, sindikatuek onartu dute egindako aldarriek eman dutela fruitua. «Gidarien baldintzekin eta langileek kopuruarekin zegoen tirabira zuzendu da», adierazi du Uxune Iriondok, LABeko ordezkariak. Sindikatu horrek eta beste lauk babestu dituzte orain arteko lanuzte deiak: CIMek, ELAk, ESK-k eta UGTk. Gehiengo zabala osatzen dute. Protestak hasi eta astebetera bere burua kanpoan utzi zuen CCOOk.
Bederatzi egunetan egin dituzte lanuzteak metroan, eta eragin nabaria izan dute. Azken asteetan gehiago, gainera; gutxieneko zerbitzuak jaitsi egin dituztelako —hiru trenetik bat behintzat ibili behar duela ezarri du Eusko Jaurlaritzak; hasierako asteetan %40 ibiltzeko agindu zuen— eta zuzendaritzaren eta langileen arteko ezinikusia areagotu delako. Guztira egunean 25.000 bat pertsonari eragin diete lanuzteek.
Langileen truke, kaskartzeak
Negoziazio luzeen ondorio izan da akordiorako oinarrietara iristea. Lan bitartekaritzak ere bideraezintzat joa baitzuen gatazka, bi aldeen arteko ezin konpondua handiegia zela iritzita. Lan taldea zen hasierako arazoa, eta zuzendaritzak onartu zuen sindikatuen nahia. Trukean, ordea, gidarien lan baldintzak aldatzea jarri zuen mahai gainean, eta, azken batean, gatazka gehiago korapilatu zuen horrek. Sindikatuek hitza jatea egotzi zioten metroari, lan baldintzak adostuta zituztelako; akordioa ez nahi izatea aurpegiratu zien zuzendaritzak langileei.
Bi gatazkak gainditutzat jo daitezke azken proposamenarekin. Lan baldintzek bere horretan segitzea onartu baitu zuzendaritzak, nahiz eta metroaren bi lineak kudeatzeko sistema aldatuko den. Trenak ibiltzeko moduari eragingo dio horrek —matxurak-eta daudenean azkarrago konpontzeko, zuzendaritzaren esanetan—, baina ez gidarien atseden aldiei eta horrelakoei. Ados daude horrekin langileen ordezkariak.
Eta gaur zer? Uste izatekoa da langileek eskaintza onartuko dutela, orain arte erabat babestu baitituzte sindikatuen hautuak. LABeko ordezkariak kasik ziurtzat jo du baietza: «Ia ari zaizkigu ematen gauza mamitsuenak. Printzipioz, akordioa sinatzearen alde egingo dugu». Bide berean mintzo da ELAko ordezkari Xabier Durango: «Eman digute ia guztia, eta baietza emateko aukerak badaude». Hala bada, ezerezean geratuko da biharko lanuztea.
Metroko sindikatuek ontzat jo dute azken eskaintza, eta batzarrean bozkatuko dute
Zuzendaritzak bete ditu langileek eginiko eskari nagusiak: lan baldintzek bere horretan jarraitzea eta lantaldea handitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu