«Metroko zuzendaritzak urratu egin du lantaldea betetzeko akordioa»

Basaurin metro geltokia inaguratu duten eguna baliatu dute metroko beharginek lanuztea egin eta kexak azaltzeko

Bilboko Metroko beharginak, atzo, Basauriko geltokiaren inaugurazioaren harira egindako protestan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Basauri
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
«Zuzendaritza inposizio eta urratze politika sustatzen ari da. Hori da gaur tren zerbitzua hiru orduz etenarazi duena». LABeko ordezkari Raul Mendezek halaxe hitz egin zuen atzo, Bilboko Metroko beharginek Basaurin (Bizkaia) egin zuten protestan. «Gure helburu nagusia Bilbo Metroko zuzendaritzak lantaldea betetzeko akordioa urratu duela salatzea da». Herria geltoki berria inauguratzekoa zela baliatuta elkartu ziren Basaurin. Uztailean metroko zuzendaritzak eta sindikatuek sinatutako hitzarmenean, 182 geltoki ikuskatzaile eta 166 gidariko lantaldea osatzea adostu zuten. Orain, 182 lanpostuetatik 179 bermatzen ditu enpresak; beste hirurak, berriz, Ibarbengoako (Getxo) metro geltokia irekitzean, 2012. urtean. Horregatik dira kexu langileak.

ELA, LAB, CIM, UGT eta ESK sindikatuek bat egin dute. Adierazi dutenez, ez dute nahi auzia zuzendaritzaren aurkako eguneroko ekintza bihurtzerik. Baina enpresak horrelako neurriak baino ez dituela ulertzen zioen atzo Mendezek: «Azkeneko hilabeteotan bizi izandakoak erakusten digu zuzendaritzak mobilizazioen hizkuntza baino ez duela ulertzen, lanuzteei baino ez diela erantzuten».

Hiru orduko lanuztea — goizean, 09:30etik 12:30era— metroko langileen %80k egin zutela azaldu zuten sindikatuek. Enpresaren iritziz, aldiz, %14 inguruk baino ez zuten egin protesta; hori dela eta, ohiko metro zerbitzuen %52 eskaini zituzten. Datu horiek ikusita, eta adostasunik lortu ezean, azaroaren 23 eta 30ean ere lanuzteak egingo dituzte metroko langileek, 05:45etik 07:45era. Basaurin egindako protestara jende ugari bildu zen. Gerturatutakoen artean parekoak ziren haserrea eta poza. Batetik, lanuztean zeuden langileak serio ikus zitezkeen. Herritarrak, aldiz, irribarretsu zeuden. Izan ere, Basauriko bigarren metro geltokiaren aurreneko eguna alai egoteko kontua da bizilagunentzat. Maria Garcia basauriarrarentzat atzokoa egun zoriontsua zen: «Geltokia etxe aurrean dudanez, niretzat oso erosoa izango da metroz bidaiatzea. Baita azkarragoa ere». Mari Mar Gonzalezek bere adin inguruko gazteak izan zituen gogoan: «Herriarentzat beharrezkoa da metroa. Hemendik aurrerako asteburuetan festetatik bueltako bidaia metroz egingo dugu. Taxia baino merkeagoa denez dirua aurreztuko dugu, gainera».

Matxura Astrabuduan

Atzoko lanuztearen ondorioz ohikoa baino metro zerbitzu gutxiago eskaini ziren, baina ez zen eguneko arazo bakarra izan: Astrabuduan (Erandio), Basauri jomuga zuen metro baten bagoia matxuratu zen. Matxura tarteko bidaiari asko Areetako (Getxo) eta Lutxanako (Erandio) geltokien arteko tunelean geldituta egon ziren hogei minutuz. Horregatik, «zenbait gorabehera» izan zirela adierazi du Bilboko Metroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.