Estradizio auzia

Mexikon preso dauzkaten sei euskal herritarrak estraditatzeko presio handiak izan direla salatu du haien abokatuak

Iazko uztailaz geroztik Mexikon preso dauzkaten sei euskal herritarrak Espainiara estradita ditzaten Madrilek presio handiak egin dituela salatu du Joseba Agudo abokatuak. Ildo horretatik, sei lagun horien aurkako auziak oinarri juridiko eskasa duela agertu du, eta, funtsean, auzi politiko bat dela.

2004ko abuztuaren 2a
16:39
Entzun
Joan Artola, Mertxe Gorrotxategi, Asier Arronategi, Joseba Urkijo, Ernesto Alberdi eta Felix Garciaren estraidizioari joan den astean eman zien oniritzia Mexikoko Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak, aurretik, Flores epaileak, Espainiara eramatearen aldeko ebazpena eman ondoren.

Sei euskal herritar horiek iazko uztailean atxilotu zituzten, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasa Garzonen eskariz. "ETAren finantza sarearekin" lotura izatea eta dirua zuritzea egozten die. Sei atxilotuek akusazio horiek guztiak gezurrezkoak direla esan dute behin eta berriz; aspalditik bizi direla Mexikon, eta herrialde hartako beren jarduna publikoa eta gardena izan dela beti.

Hala ere, estradizio eskaerak aurrera egin du. Epaitegi batek atzera bota ondoren, ondoren Flores epaile ezagunak gidatutako beste batek oniritzia eman zion. Halaber, Mexikoko Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak estradizioa onartu du.

Hori guztia Espainiak egindako presio politikoen ondorioz gertatu dela salatu du gaur Donostian Joseba Agudo sei euskal herritarren abokatuak. Agudok nabarmendu du atxiloketak gertatu aurretik Garzon epaileaVicente Fox Mexikoko presidentearekin batzartu zela, eta Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohia Mexikon izan zela, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero egungo presidenteak herrialde hartara egin zuela lehendabizik bisita ofizialetakoa. Horiek guztiak, Madrilek egindako presioen frogatzat eman ditu Agudok.

Ildo beretik, Mexikoren eta Espainiaren arteko estradizio hitzarmena "propio" euskal herritarrak jazartzeko egina dagoela iritzi dio Agudok, eta, gainera, helburu horretarako prestatua egonagatik, sei euskal herritar hauen aurkako auzian ez dutela bete. Finean, auzi honen guztiaren oinarrian "erabaki politikoa" dagoela uste du abokatuak.

Nolanahi ere, helegitea aurkeztuko dute estradizio baimenaren aurka, eta, gutxienez, auzia sei hilabetez luzatzea espero du.

Gose grebaren ondorioak eta elkartasuna

Agudo abokatuak ez ezik, preso dauzkaten sei euskal herritarren senideak ere mintzatu dira arazoari buruz. Uztailaren hasieran gose grebari ekin zioten seirek, baina asteburuan, 23 egunez baraurik egon eta gero, bertan behera utzi dutela jakinarazi dute. Gose grebak arrasto larriak utzi dizkiela agertu dute: oinaze handiak izan dituztela, eta, batez beste, 15 kilo argaldu dela bakoitza. Arazorik larrienak Felix Garciari eragin dizkio ultzera bat baitauka.

Nolanahi ere, Mexikon elkartasun handia jaso dutela azpimarratu dute; hots, idazle, intelektual, gizarte mugimendu zein herritarrek agertu dutela sei euskal herritarrenganako atxikimendua. Alderdi politiko nagusien artean, berriz, Gobernuan dagoen PAN baino ez da estradizioaren alde azaldu. Mexikoko Parlamentuan ere aztertu dute gaia, eta aste honetan berriro eztabaidatuko dute.

Aitzitik, Euskal Herriko instituzioek auzi honetan axolagabe jokatu dutela salatu dute; batik bat,Jaurlaritzak Mexikon duen ordezkaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.