Mezularia otzantzeko asmoz

Sarri askotan ikusi da aiseegi egiten dela adierazpen askatasuna urratzera. Espainiako Herritarren Segurtasunerako Legeak kazetarien jarduna oraindik ere estuago hartzea ekarriko du: isilarazteko.

arantxa iraola
2015eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Isilarazteko legea. Izengoiti egokia da Espainiako Herritarren Segurtasunerako Lege berria izendatzeko —aurrekoa 1992koa da, Corcuera legea izenarekin ezaguna—. Mututu egin nahi ditu kaleko protestak, eta horretarako arau-hausteen lista luzea zerrendatu du. Kalean egindako jardunen aurkakoak dira, oro har, eta kaleko protestak eragozteko pentsatuak, bereziki. Arinak badira: ez identifikatzea, polizia bati irain egitea, bankuak okupatzea... Larriak ere bai: polizien irudiak grabatzea baimenik gabe, legebiltzarren aurrean manifestazioak egitea, elkarretaratze bat sakabanatzeari uko egitea... Eta oso larriak: zerbitzu publikoen azpiegituretan manifestazioak egitea, esaterako. Ohiko bideak gainditu eta erreten berrietan dabilen garaiotan, kazetaritzari bereziki eragiten dio legeak, protesten berri emateko bideak ere eragotzi nahi baititu: otzantzeko.

EHUko Zuzenbide irakaslea da Iñaki Lasagabaster, Administrazio Zuzenbidean aditua. Kritikoa da legearekin, eta oso garbi du: kazetarien lana eragoztera ere badator. «Auzia da, batez ere, nola erabil daitekeen kargu publiko baten edo funtzionario baten argazki bat edo informazio bat; izan ere, legean esaten da horrelakoren bat baimenik gabe erabiltzea arau-hauste larria dela». Zehaztasun oso gutxi ematen dira, ordea, legean arau-hauste horri buruz.«Oso artikulu txikia da», azaldu du Lasagabasterrek.Halaxe dio, hitzez hitz: «Baimenik gabe erabiltzea agintarien edo segurtasunerako erakunde eta indarretako agenteen segurtasun pertsonala edo familiarena arriskuan jar dezaketen irudi edo datu pertsonal edo profesionalak, edo babestutako instalazioen segurtasuna eta operazio baten arrakasta arriskuan jar dezaketenak, informatzeko oinarrizko eskubidea urratu gabe». Azken hitzak legearen lehen bertsioetan agertu ere ez zirela egiten salatu dute hainbat kazetarik, eta protesten eraginez hartu zutela aintzat, azkenean, informazio eskubideak merezi duen babesa. Nekez ezkon daiteke, ordea, informatzeko eskubidea arau-hauste horrekin, eta protestak ez dira baretu.

Euskal Herrian, esaterako, egunotan Kazetaritza ez da delitua kanpainak atxikimendu ugari jaso ditu Iraitz Salegi kazetaria Auzitegi Nazionalean auzipetuta dagoela salatzeko, eta lege berriarekin egoera okertuko dela kritikatzeko. Madrilen, berriz, hilabete honetan Kazetarien Sindikatuen Federazioak ohar bat atera du: Isilarazteko Legeak zaborretara joan behar du. Federazioko idazkari nagusi Agustin Yanelek legeak ofiziorako «atzera pauso» handia ekarriko duela gaitzetsi du. «Zentzugabekeria bat da», esan du. «Aski da norbaitek sare sozialen bidez manifestazio baten berri ematea, protesta horren alde ari dela leporatzeko». Bereziki gaitzetsi dute bi kazetarik berriki justiziak emandako tratu bidegabea: etxea galtzera zihoazen bi familiaren kasuen berri ematenari ziren, eta horietako bat -Jaime Alekos, Periodismo Humano hedabideko kazetaria— atxilotu egin zuten, eta beste bat, berriz, epailearen aurrera joatera deituta dago. Alicia Armesto kazetaria da; bideo bat egin zuen, zeinean agertzen zen polizia bat barrezka, familia batek etxea uzten zuen bitartean. Eta erakutsi egin zuen. Polizia «bidegabeki laidoztatzea» leporatu diote.

Madrilgo Tele K hedabideko kazetaria da Armesto, eta hilabete ugari daramatza etxe kaleratzeen eta herritarren protesten berri ematen. Poliziei erabateko eskumena ematen die lege berriak isunak jartzeko, eta Poliziaren jarrera oldarkorrean hori nabarmena dela dio. «'Gero arte, Alicia', esaten didate, nire izena dakitela erakutsi nahian; jazarria sentitzen naiz», salatu du. «Inoiz ez gara haien gogokoak izan, baina orain zeharo harrotuta dabiltza; legea ez dago, berez, indarrean, baina azken hilabeteotan indarrean balego bezalaxe ari dira jokatzen».

Legeak, hain justu, azken-aurreko urratsa etzi pasatu zuen Senatuan. Orain, Kongresuan eman behar diote oniritzia. Eta, oposizio guztia kontra badu ere, PPk gehiengo osoa erabiliko du aurrera ateratzeko. Lasagabasterren aburuz, ordea, ez zen horrelakorik behar; legea, oro har, guztiz arbuiagarria iruditzen zaio, eta kazetarien jarduna murrizteko ezarriko duten arau-haustea ere oso larria. «Guztiz lekuz kanpo dago». Adierazpen askatasuna lehendik ere sobera ahuldu dela uste du. «Baltasar Garzon epaileak egin zuen: hartu zuen zigor kodeko 129. artikulua, eta hori erabili zen Egin ixteko, edo Euskaldunon Egunkaria», gaitzetsi du. «Adierazpen askatasuna guztiz urratuta dago lehendik ere epaileen partetik; eta, orain, administrazioak ere egin ahal izango du hori lege berriaren bidez, isunak jartzeko bidea emango baitu; eta isun batzuk inportanteak dira». Zifrak, benetan, handiak dira: 600.000 euro arteko zigorrak ezar ditzakete, oro har, legearen itzalean, eta kazetarien jarduna eragozteko artikulua urratzeagatik, propio, 30.000 euro artekoak.

Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalaren legea ere gogortzera egin da, eta giza eskubideak kolokan daudela esan du Lasagabasterrek. «Gero diote artikuluak oker ezartzen badira, beti izango dela epaileen babesa. Kontua da ezin garela oinarrizko eskubide baten erabilera egiten dugun bakoitzean epaileengana jotzen ibili», salatudu. «Benetako giza eskubideen defendatzailea prentsa da: jakitea zer gertatzen ari den. Kazetariek ezin badute beren lana egin, non dago defentsa hori?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.