Kazetaritza

Miel A. Elustondok irabazi du Rikardo Arregi kazetaritza saria

BERRIAn argitaratutako 'Tonban ehortzirik' elkarrizketa sortagatik jaso du saria. Hildako pertsonei egindako elkarrizketak bildu ditu, antolatzaileen arabera «euskarazko kazetaritzan parekorik ez dutenak». Komunikazio saria 'enpresabidea.eus' webguneak irabazi du.

Miel A. Elustondo Rikardo Arregi Kazetaritza saria jasotzen. BERRIA
Julen Otaegi Leonet.
2022ko azaroaren 30a
20:04
Entzun 00:00:0000:00:00

Eman dute aurtengo Rikardo Arregi sarien irabazleen berri. Miel A. Elustondo kazetari eta idazle azpeitiarrak jaso du kazetaritza saria, BERRIAn argitaratutako Tonban ehortzirik elkarrizketa sortagatik. Hildakoei egindakoelkarrizketak bildu ditu bertan Elustondok; antolatzaileen arabera, «euskarazko kazetaritzan parekorik ez dutenak». «Dokumentazio lana, pertsonaiarekiko hurbilketa eta egiantzekotasun formala nabarmentzen dira; fikzioaren eta kazetaritzaren arteko mugak hausten ditu», gehitu dute. Elustondok egindako ibilbide luzean erakutsi duen «kalitatea» berretsi du sorta horretan, eta haren ukitua ere nabari da: «kazetari sentsibilitate berezia» erakutsi du. Saria jasotzean, Rikardo Arregiren heriotzeagatik auhenez poema irakurri du Elustondok, Gabriel Arestik Arregiri eskainitakoa.

Kazetaritza saria ez ezik, Rikaro Arregi komunikazio saria ere banatzen du epaimahaiak, «euskarazko komunikazioaren mesedetan urrats berritzaile» izan diren proiektuei. Enpresabidea.eus webguneak irabazi du Komunikazio saria, eta Maite Reizabal Arregi erredakzioburuak jaso du. Informazio ekonomiko eta enpresarialean espezializatutako euskarri digitala da enpresabidea.eus, eta «begi bistakoa den hutsunea» bete du, antolatzaileek azpimarratu dutenez.

Bederatzina mila euroko saria jaso dute saridunek, eta Xabier Laka eskultoreak berariaz egindako oroigarria. Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean egin dute sari banaketa. Bertan izan dira bi modalitateetako launa finalistak.

Elustondorekin batera, kazetaritza sariko hiru finalistak hauek izan dira: Amaia Lekunberri Ansolaren Anorexia, bestelako gerturapen bat: Zer dio jateari uzten dionak, jateari uzten dionean? monografikoa —Argia aldizkariko Larrun gehigarrian argitaratu zuen—; eta ETBren bi saio: Aske bizi dokumentala eta Biba zuek magazina. Komunikazio atalean, berriz, Aiaraldea proiektua, Aiora Probatxoa-ren Youtubeko kanala eta Aikotaldea.eus webgunea ere lehiatu dira. Aitormenezko oroigarriak jaso dituzte finalistek, horiek ere Laka eskultorearenak.

Aurtengoa ez da izan Elustondoren lehen izendapena: 2020an ere, finalistetako bat izan zen, Tonban ehortzirik sailagatik orduan ere, eta aurreko urtean ere hautagai izan zen, BERRIAn argitaratutako Zozoen elean elkarrizketa sortagatik.

«Ohorezko mugarri»

Irabazleak eta finalistak ez dira izan ohoratutako bakarrak Rikardo Arregi sarietan. Epaimahaikideek Elixabete Garmendia eta Patxi Baztarrika «ohorezko mugarri» izendatu dituzte. Garmendiari «euskarazko kazetaritzan izandako ibilbide oparoa» aitortu diote. Argia-ren zuzendari izandakoa da Garmendia, eta «berari esker aldizkari zorrotz, moderno eta irekia» plazaratzen zen astero-astero. Patxi Baztarrikari, berriz, Rikardo Arregi saria sortzeko bidean egindako ekarpena aitortu diote antolatzaileek —1988an sortu zuen, Andoaingo Udaleko euskara teknikari zela—. «Sari hauen sorrera landu, bideratu eta hauspotu zuen, eta hari zor zaio sariari behar beste eduki eta irismen eman izana».

Hauek osatu dute finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia: Itxaro Borda eta Aingeru Epaltza idazleek, Pantxika Maitia kazetariak, Miren Gabantxo EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak, Ion Muñoa Dustuko Unibertsitateko Komunikazio graduko irakasleak eta Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko Huheziko irakasleak. Epaimahaiburua Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi Alexander Huitzi izan da, eta idazkaria, Arantza Aguado euskara teknikaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.