Komunikazioa

Miguel Angel Idigorasek ETBko zuzendari kargua utzi du, TVEra itzultzeko

Idigorasek hogei urte egin zituen TVEn, 1989tik 2009ra. Alberto Suriok aukeratuta hartu zuen ETBko zuzendari kargua 2009ko udan, eta Suriok berak beteko du behin-behinean ETBko zuzendari kargua

urtzi urkizu
2012ko azaroaren 27a
21:13
Entzun

Arratsaldeko bostetan hasiko den EITBko administrazio kontseiluko bileran Alberto Surio zuzendari nagusiak jakinaraziko du Miguel Angel Idigorasek (Donostia, 1959) ETBko zuzendaritza utzi duela. EITBko zuzendaritza aldaketa egin aurretik Idigorasek TVEra itzultzea erabaki du.

Hiru urte eta erdi karguan egin ostean,i Miguel Angel Idigorasek bere aroa amaitu du ETBn. Tarte horretan une gogorrak bizi izan dira zuzendaritza eta langileen artean. 2010eko azaroan Idigorasek 'El Correo' egunkariari langileen aurkako adierazpenak egin zituen: "Zuzendaritza honek ezin du izan ez erasotzeko itunik ETB barruko muturreko munduarekin. Barruan daudenak ezker abertzalekoak dira, baina badaude EAJko muturreko taldeak kanpoan laguntzen ETB sutan jartzeko". ETBko bi kazetarik espediente mehatxua jaso zuten sasoi berean. Eta langile batzordeak mehatxu horren aurkako komunikatuan honakoa adierazi zuen: "Salatu nahi dugu ETBko zuzendariak izan duen jarrera autoritario eta neurrigabea. Azken gertaera ez da salbuespena izan eta". ETBko albistegietako Politika arloburu Juan Carlos Viloria hautatu izanak ere eman zuen zer esana udazken hartan.

2009. urtean ETB1eko bataz besteko ikusle kuota %3koa izan zen. Aurten, berriz, %2,1eko bataz besteko kuota du euskarazko kateak (urrian %1,8). ETB2ko bataz besteko kuota 2009an %13,4koa izan zen. Aurten gaztelaniazko katea %10aren bueltan dabil.

Idigoras 1982. urtetik ari da kazetari lanetan. EHUn egin zituen kazetaritza ikasketak, eta Efe agentzian hasi zen kolaboratzen. Herri Irratian epe labur batez izan ostean, 1983an 'El Diario Vasco' egunkarian hasi zen lanean. 1989an pasa zen TVEra, Donostiako berriemaile gisa. 2001. urtean Rabatera joan zen, Marokoko berriemaile lanak betetzeko. Handik Mendebaldeko Sahara, Aljeria, Mauritania eta Senegalera joan zen hainbatetan, berriemaile berezi gisa. 2007tik 2009ra, berriz, TVEko Londresko berriemaile lanak bete zituen. Montecarloko Telebista Jaialdian finalista izan zen, 'Subsaharianos en el desierto' dokumentalarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.