Ekonomia

Miguel Lazpiur berriz hautatu dute Confebaskeko buru

Krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak berehala hartzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Madrili. Halaber, "enpresaburuen duintasunaren kontra" ez ekiteko eskatu die Espainiako epaileei.

2008ko uztailaren 17a
19:00
Entzun
Confebask EAEko enpresaburuen konfederazioko presidente kargurako berriz hautatu dute gaur Miguel Lazpiur. Kargurako berretsia izan ondoren Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari zuzendu zaie, eta krisi ekonomikoari aurre egiteko pisuzko neurriak "berehala" hartzeko eskatu die, orain arteko neurriak "aski ez" direla nabarmenduta. Horrez gain, enpresaburuen "duintasunaren kontra" ez ekiteko eskatu die Espainiako epaileei.

Confebaskeko Kontseilu Nagusiak, Bilbon bilduta, berretsi du Lazpiur presidente kargurako, beste hiru urtez jardun dezan.

Lazpiurren iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoan "geldialdian" dago ekonomia, eta horri aurre egiteko plan osoak eskatu dizkie hala Gasteizko nola Madrilgo gobernuei. Era berean, sindikatuei enpresaburuen erakundeekin elkarlanean aritzea galdegin die.

"Orain arte egindakoa ez da nahikoa", iritzi dio Confebaskek, Gasteiztik eta Madrildik azkenaldian alor ekonomikoan egindakoaz mintzo.

Lazpiurren idurikotz, instituzioek "konfiantza" igortzea beharrezkoa da, eta politika ekonomikoari lehentasuna eman behar zaio. Bere iritzian, Espainiako Gobernuaren energia arloko eredua, petroliolan oinarritua, aldatu beharra dago; halaber, neurri fiskalak hartu behar dira, kontsumoa bultzatzen duten enpresei laguntzeko; zerbitzuen sektorea arautzen joan behar da, eta instituzio publikoek baimenak eman eta hainbat erosketa egin behar dituzte.

Enpresaburuen "duintasunaren kontrako" erasoak gaitzetsi ditu

ETAri ustez iraultza zerga ordaintzeagatik Espainiako epaileen aginduz atxilotu dituzten euskal enpresaburuen auzia ere aipatu du Confebaskeko presidenteak. "Inola ere ezin dira biktimak borrero bezala tratatu", kexatu da, eta "enpresaburuen duintasunaren eta ustezko errugabetasunaren kontra publikoki" jo izana salatu du.

Lazpiurrek azaldu du enpresaburuak gehien kezkatzen dituen auzietako bat "terrorismoa" dela: "Garapenerako eta aurrerapenerako zamarik izugarrienetakoa da".

Hala, bere elkartasuna, laguntza eta begirunea adierazi die "ustez estortsioa egin zaien eta asteotan atxilotu dituzten pertsonei".

"Beti egin dugun bezala, xantaiaren aurrean tinko eustea -erabat konbentzituta gaude enpresaburuen gehiengo handiak hala egiten duela- defendatu badugu ere, ezin dira, inola ere, biktimak borreroak balira bezala tratatu".

"Ezin dira pertsonen oinarrizko eskubideak urratu, eta gaizkiletzat jo, beren duintasunaren, irudiaren eta ustezko errugabetasunaren kontra publikoki ekinda".

Gaineratu duenez, enpresaburuek 40 urte baino gehiago daramatzate biktima izaten, "atentatu, bahiketa, estortsio gutun eta mehatxuen" jomuga izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.