komunikazioa

Mikel Agirrek uko egin dio EITBko zuzendari nagusi izateko hautagaitzari

Etzi izendatu behar zuen Eusko Legebiltzarrak, baina, "arrazoi pribatuak tarteko", uko egin dio zuzendari izateari.

2013ko otsailaren 26a
16:16
Entzun

Mikel Agirrek, gaur arte EITBko zuzendari nagusi izateko hautagaia zenak, uko egin dio hautagaitza horri. Arrazoi pribatuak direla medio egin dio uko Agirrek hautagatzari. Horrelaxe adierazi die Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari eta talde politikoei. Etzi ziren Eusko Legebiltzarrean izendapen hori baieztatzekoak. Izan ere, iragan otsailaren 18an EAJ eta PSE-EE alderdiek Agirreren hautagaitza babesteko akordio bat egin zuten. EITBko administrazio kontseiluko hemeretzi kideak izendatzekoak ere baziren etziko Legebiltzarreko saioan.

Eragile sozialei eta komunikabideei esker ona adierazi die Agirrek, haiengatik jasotako errespetu eta begiruneagatik. Era berean, erabaki hori errespetuz jasoko dela espero du.

Eusko Jaurlaritzak esan du "errespetatu" egiten duela Agirreren erabakia. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du, Agirrerenak zuen bezainbesteko adostasunarekin, datozen egunotan beste izendapen bat egiteko moduan egotea espero dutela.

EITBko zuzendari izateko prozesua abiatuko beharko du berriz ere Jaurlaritzak. Bi aukera ditu: prozesua hutsetik hastea, EITB barneko edo kanpoko hautagai berri bat aurkeztuta; edo Agirreren zuzendaritza taldekoa izan behar zuenetako bat proposatzea hautagai.

PSE-EEk ohar baten bidez Jaurlaritzari dei egin dio "berehala" proposamen bat egiteko EITBko zuzendaritzarako, "adostasunetik, pluraltasunetik eta Euskadiko irrati-telebistaren eredu publikoarenganako errespetutik". Nabarmendu du langileek eta herritarrek "ziurtasuna" izan behar dutela gobernuak proposatzen duen proiektuaren gainean, baita horren gidaritzan egongo direnen gainean ere. 

EH Bilduko Laura Mintegik adierazi du "hasieratik gaizki egindako prozesu baten porrota" dela. Haren ustetan, irrati-telebistaren ereduaz hitz egin beharrean zuzendaritzako pertsona bat aukeratzen hasi ziren.

Hala ere, uste du aukera berri bat zabaltzen dela, eta prest agertu da negoziatzeko.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.