EPPK borrokaldian dago "euskal presoek estatus politikoa eskatzeko". Borrokaldi horretan, itxialdiak egiten ari dira kartzeletan, txandaka, eta itxialdi horiek ondorioak ekartzen ari dira. Mikel Albisu, esaterako, mitardera eraman zuten, eta gose grebari ekin dio.
Mikel Albisu otsailaren 13an hasi zen itxialdian. Bi egun geroago, funtzionarioa ziegako atea irekitzera joan zitzaionean, Albisuk itxialdian zegoela eta itxialdi horren helburuak zeintzuk diren azaldu zion, Askatasunak esan duenez. Funtzionarioak beste kargudun batekin hitz egin behar zuela esan zion Albisuri, eta Askatasunak jakinarazi duenez, honek, "ukabila altxatu eta Eusko Gudariak abestuz" erantzun zion. Amaitutakoan, beste karguduna iritsi zela eta atea itxi ziola esan du Askatasunak.
Handik ordu laurdenera, ordea, berriz ere joan zitzaizkion funtzionarioak ziegara Mikel Albisuri, miaketa bat egin behar dutela esanez. Miaketa egiteko handik ateratzeko esan zioten funtzionarioek, baina Albisuk, borrokaldian zegoela eta ezin zuela erantzun zien. Orduan, Askatasunak jakinarazi duenez, mitardera eraman zuten, "indarrean". Han, ia biluzik eduki zuten ordubetez, eta "mehatxatu" ere egin zutela salatu du.
Askatasunak jakinarazi duenez, Mikel Albisuk gose greba abiatzea erabaki zuen, orduan, "jokabide horiek ezin direla onartu" iritzita.
euskal presoak