Mikel Albisu Mikel Antza euskal presoak Parisko epaileei esan die "konponbide justu eta demokratikoa lortzeko aukera historikoa" dagoela, eta epaimahaiari BERRIAren urriaren 21eko azala erakutsi die, ETAk jarduera armatua betiko utzi zuela jakinarazi zuenekoa.
Marixol Iparragirre eta biak epaitzen hasi dira gaur Parisen. 2010ean hogeina urteko kartzela jarri zien Auzitegi Bereziak, ETAko buruzagitzat jota, eta defentsak helegitea sartu zuen. Hori aztertzen ari dira. Pare bat aste iraungo du epaiketak.
Elkarrizketarako gogoa berretsirik, horri lotzea eskatu diete Frantzia eta Espainiako gobernuei. Azken bi urteetan gatazkaren konponketaren alde emandako urratsak gogora ekarri dituzte Antzak eta Iparragirrek (Bruselako adierazpena, ETAren erabakia, nazioartearen sostengua, Aieteko Konferentzia...). Paraleloki, bi estatuek emandako pausoak zerrendatu dituzte: atxiloketak, tortura... "Alde batetik, gatazkaren konponketaren alde erabakiak hartu eta keinuak egin dituztenak dauzkagu eta, bestetik, agintari politiko eta judizial espainiol eta frantsesak, joera errepresiboarekin segitzen dutenak. Nahiz Frantziako eta Espainiako gobernuak elkarrizketaren aurka kokatu, ETA prest agertu da desarmatzeaz eta gatazkaren ondorioez hitz egiteko: presoei buruzko agenda eta biktimak".
Haien arabera, "50 urte iraun duen gatazka armatua bukatzeko, bi aldeek egin behar dituzte pausoak. Goiz ala berant etorriko den elkarrizketaren unea atzeratzen dabiltza Frantzia eta Espainia. Anartean, gure herria irmoki independentziarantz doa aurrera".
Frantziak "ardura handia" daukala azaldu du Iparragirrek. "Edo bere pisu guztia ezartzen du gatazkaren konponketaren alde edo Espainiaren joera antidemokratikoak bermatzen segitzen du".
2004an atxilotu zituzten, Frantzian.