Mikel Aranak EB ez duela ordezkatzen adierazi du alderdiko Kontseilu Politikoak

Aranak zatiketa iragarri duen egunean, alderdiko bi sektoreek batzarrerako deia egin dute, bakoitzak bere aldetik

Ezker Batuko kideak ikerketa txostenaren inguruko ondorioak aurkezten, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Ezker Batua beste zatiketa baten atarian dagoela adierazi zuen Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile nagusiak atzo goizean, eta, ordu gutxitara, zatiketaren zantzuak agertu ziren. Izan ere, Arabako krisiaren ostean, are nabarmenago agertu dira lehen ere ezagunak ziren desadostasunak. Aranak amaitutzat eman zuen Arabako krisia atzo, eta alderdia berregituratzeko batzar nagusira deitu zuen azaroaren 12rako. Batzar horretara joaten ez dena alderditik kanpo geldituko dela ohartarazi zuen gainera. Alderdiko Kontseilu Nagusiak Aranaren kontrako oharra kaleratu zuen, ordea, ilunabarrean, eta Aranak ez duela alderdia ordezkatzen nabarmendu zuen. Hala, urriaren aurrenerako deitu zuen batzar nagusi berezi batera. Horretarako eskumena berea dela azpimarratu zuen, gainera.

Aranak ez bezala, ez zuten amaitutzat eman Arabako Biltzar Nagusietan EAJrekin izandako negoziazioen gaia, eta gertatutakoak argitzeko ikerketa abiatuko duela jakinarazi zuen. Horrenbestez, alderdiaren Kontseilu Politikoak ez zuen ontzat eman Mikel Aranak herenegun alderdiaren zuzendaritzari aurkeztu eta hark aho batez onartu zuen ikerketa txostena. Zuzendaritza horretan Kontseilu Politikoko kideak «baztertu» zituztela salatu du.

Gai horretan Aranak izan duen jarrera salatu zuen Kontseilu Politikoak atzoko oharrean. Alderdiko kideen kontrako adierazpenak egin dituela aurpegiratu zioten, «gauzak frogatu gabe». Hala, Aranak biltzarkide kreditazioa entregatzeko eskatu zien arren, Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarretari babesa agertu dio Kontseilu Politikoak, eta gogora ekarri du biltzarkide horiek EAJren hautagaia ez babestea erreferendumean hartu zutela alderdiko militanteek.

Kontseilu Politikoak aitortu du Arana alderdikideen %80aren botoekin aukeratu zutela koordinatzaile nagusi. Alderdia barne krisian zegoen garaian «kontsentsuz» aukeratu zutela nabarmendu zuen, baina, alderdiaren kargua hartu zuenetik, PCren menera aritzea egotzi zion. «Hausturaren koordinatzailea da, Madrilekin alderdiaren siglak negoziatzen dituena».

Hiru ohar kaleratu zituen kontseilu politikoak atzo: batzarraren berri ematen zuena bat, biltzarkideei babesa ematen diena bigarrena, eta Aranaren kontrako zigor espedientea zabaldu dutela jakinarazi duena hirugarrena. Alderdiko legebiltzarkide bakarrak, kameratik jasotzen duen dirua ez duela alderdiaren esku uzten salatu zuen alderdiko militante batek, etaAranak arautegia urratzen duela argudiatuta, zigor espedientea ireki du bere kontra.

Arana barkamen eske

Erabat mezu kontrajarriak kaleratzen ari dira alderdiko sektoreak. Arabako biltzar nagusietan egindakoak, Ezker Batuaren historian «aurrekaririk gabeko» negoziazioa izan dela salatu zuen Aranak: «Zalantzarik gabe larriena, eta Ezker Batua erabateko ahuleziara eraman duena». Hala ere,alderdi barruko desadostasunei entzungor egin, eta Ezker Batuaren zuzendaritza kontu horri «erantzun sendo bat» emateko gai izan dela nabarmendu zuen.

Aranaren ikerketa txostenaren arabera negoziazio batzordeak eta bi biltzarkideek EAJri karguak eta dirua eskatu zizkiotela bazekiten, baina ez zutela negoziaketa horietan zuzenean parte hartu.

Hori dela-eta, Ezker Batuaren izenean aurrera eramandako praktikengatik, barkamena eskatu zien Mikel Aranak Arabako herritarrei orokorrean, eta Ezker Batuari bozka eman zieten gizon-emakume guztiei, bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.