EUSKAL HERRIA

Mikel Button inputatu du epaileak, Ernairen webguneko arduraduna delakoan

"Terrorismoa goratzea" egotzita, ezker abertzaleko gazte antolakundearen webgunea ixteko agindu zuen Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak.

2013ko maiatzaren 13a
17:39
Entzun

Irungo Auzitegira joan beharko du deklaratzera Buttonek. Xabier Lopez Peña euskal presoa zenaren argazki bat Ernairen webgunean —ernaiantolakundea.org — jarri zutela-eta, gazte antolakundearen webgunea behin-behinean ixteko agindu zuen epaileak apirilaren 26an. Aitor Ortuondo inputatu zuen, gainera.

Espainiako Poliziak Nafarroan duen goi agintaritzak eta Lurraldeko Informazio Brigadak egindako ikerketa batean oinarrituta zegoen webgunea ixteko erabakia. Velascok haiei eskatu zien, hain zuzen ere, webgunea berehala blokeatzeko eta blokeo hori mantentzeko. Epailearen arabera neurri hori hartu behar da "delituzko ekintzaren jarraipena saihesteko". Eta neurri hori indarrean mantendu behar da "delituzko goratzearen arduradunak ezagutzeko ikerketak jarraitu bitartean". Era berean, azaldu du erabakiaren berri eman behar zaiela webgunearen administratzaileari, enpresa erregistratzaileari eta zerbitzariari.

Iragan astean kendu zioten inputazioa Ortuondori, webgunearen teknikari bat zela eta ardurarik ez zuela frogatuta. Orain, Button inputatu du Velascok, hark duelakoan webgunearen ardura, eta "terrorismoa goratzea" egotzi dio.

Aste honetan zehar webgune berri bat martxan izateko asmoa azaldu zion BERRIAri Gotzon Elizburu Ernaiko bozeramaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.