Mikel Illarramendi euskal presoa aske gelditu da Madrilen, Frantziatik Espainiaratu ostean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaur esan duenez. Madrilgo aireportuan geratu zen libre, atzo. Kanporatze arriskuaren aurrean hamar eguneko gose greba egin zuen.
2003ko uztailaren 30ean atxilotu zuten Illarramendi Frantziako poliziek, ETArekin lotuta. Hamar urteko espetxea jarri zioten, eta aurtengo maiatzaren 19an amaitu zuen zigorra.
Atzo 05:00etan atera zuten Saint Martin de Re (Frantzia) kartzelatik, eta hegazkinez eraman zuten Madrilera. Espainiako hiriburuan hogei lagun zain zituen eta, hura libre geratu ondotik, etxerako bideari ekin zioten denek.
Oñatikoa da Illarramendi, eta atzo egin zioten lehen harrera. Eskoriatzan ere egin zioten.
Manifestazio jendetsua izan da Donibane Garazin
Mila lagun inguruk hartu dute parte gaur arratsaldean Donibane Garazin euskal presoen eskubideen alde egindako manifestazioan.
Baionatik Garazira artean errepidean presoen argazkiak jarri dituzte.