Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak 1,5 milioi euro eman dizkio CIC Nanoguneari, eta, horri esker, azken belaunaldiko ioi-sorta fokalizatuko mikroskopio elektroniko batez hornituko da ikerketa zentroa. Mikroskopio elektroniko bat lortuko dute, eta tresna hori ikerketa-instalazio komun baten «oinarria izango da», zentroak ohar batean azaldu dutenez. Europan dagoen bakarrenetako bat dela ere nabarmendu du.
Ikerketa zentroak azaldu du ekipamendu horrek «tresna bakarrean aurkitzen ez diren ezaugarriak konbinatuko» dituela: «Tenperatura baxuko fisikarekin lotutako materialen zientzian eta kriozelulen tomografiarekin lotutako zientzia biologikoetan ikertzeko aukera berriak eskainiko ditu».
Mikroskopioarekin «komunitate zientifikoaren erabilera orokorra eta eskala handikoa» sustatu nahi dituela azaldu du CIC Nanoguneak, eta euskarri bat ematen diela «Euskadiko eta mundu osoko ikerketa erakundeei eta industriari». Gaineratu du bere instalazioak «baterien, metalen eta aleazio berrien ikerketan interesa duen industria barne hartzen duen komunitate zabal bati irekita» daudela.