Nafarroako Gobernuak beste astebetez luzatu du Milagroren itxiera perimetrala, COVID-19aren kontrako beste neurri batzuekin batera. Martxoaren 26an itxi zuen Milagro, aurreko bi asteetan izan zen intzidentzia tasagatik, eta, aurreko astean beste astebetez luzatu ostean, gaur apirilaren 22ra arte luzatzea erabaki du. Maria Txibiteren gobernuak argudiatu du positibo kopurua jaisten ari den arren oraindik tasa handia dela.
Milagroko Udalarekin batera erabaki zuen Gobernuak itxiera perimetrala ezartzea martxoan. Aurreko hamalau egunetan, 100.000 biztanleko 1.874ko positibo tasa izan zuen herriak. Milagro ixteko neurria luzatu, moldatu edo bertan behera utzi ahal izango du Gobernuak, egoera epidemiologikoaren arabera.
Milagroz gain, beste sei udalerri daude itxita Nafarroan. Arguedas apirilaren 6an itxi zuten, bi astez; Cadreita, hilaren 9an, beste horrenbeste denboraz, eta gaur itxiera indarrean sartu da Arbizun, Etxarri Aranatzen, Lodosan eta Alesbesen, apirilaren 29a arte. Bitarte horretan, ezin izango da herri horietan sartu, ezta horietatik atera ere, funtsezko arrazoiengatik ez bada.
Aste honetan Nafarroako Gobernuak jakinarazi du herrialdean ezarrita zeuden neurriak ere beste bi astez luzatuko direla. Beraz, apirilaren 1ean jarritako mugak hilaren 22ra arte izanen dira indarrean, gutxienez. Zehazki, taberna eta jatetxeen barnealdeak itxita egonen dira, etxe barruan bizikideak baizik ezinen dira elkartu, eta leku publikoetan sei pertsona biltzen ahalko dira gehienez. Lurraldearen itxiera perimetralak bere hartan segituko du, baita etxeratze aginduak ere.
89 udalerri itxita
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere hainbat udalerri daude itxita, Eusko Jaurlaritzaren aginduz. Zehazki, intzidentzia tasa 400dik gora duten udalerriak dira; zerrenda horretan sartu dira aste honetan, besteak beste, Bilbo, Errenteria, Getxo, Hondarribia, Pasaia, Portugalete, Sestao eta Zarautz. Gasteiz ere itxita dago lehendik, eta baita Araba eta Gipuzkoa ere.
Denera, 82 udalerri daude itxita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.