euskal presoak

Milaka eta milaka lagun bildu dira Bilbon euskal presoen eskubideen alde

EAk, ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta ABk deitu dute manifestazioa, 'Dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak Euskal Herrira' lelopean. Presoen senideek eraman dute pankarta, Etxeraten ikurrin handia eta lepoan elkarteko zapiak zituztela, eta antolatzaileek eurei eman diete hitza bukaeran. Senideek "konpromisoa" eskatu dute eta "giltza, indarrak biltzea" dela nabarmendu dute. Auzitegi Nazionalak baimendu egin du mobilizazioa, Etxeratek deitutakoaren aldean desberdina iruditzen zitzaiolako, atzean ez zegoelako "ETAren inguruko" elkarterik.

2010eko urtarrilaren 2a
20:01
Entzun
Jendetza elkartu du da gaur Bilbon EAk, ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta ABk euskal presoen eskubideen alde deitutako manifestazioan. 17:30ak pasatxo zirela hasi da mobilizazioa, Jesus Bihotzaren plazatik, Dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak Euskal Herrira lelopean, eta milaka eta milaka lagun batu dira. 18:45ean heldu da burua bukaerara.

Presoen senideek eraman dute pankarta, Etxerat elkartearen ikurrin handia eta lepoan zapiak zituztela, eta manifestazioaren antolatzaileek eurei eman diete hitza ekimenaren bukaeran -Jon Fanok eta Oihana Ozamizek hartu dute hitza-. Gaurko espetxe politika "kriminala" bukatzeko eskatu dute presoen familietako kideek, egoera gero eta larriagoa dela diote, eta eragile sozial eta politikoei 2010ean konpromisoa izateko galdegin diete. "Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da", aldarrikatu dute Etxerateko kideek. "Gizarte osoaren ardura da hau".

Gustura amaitu dute gaur Bilbon bildu den jendetzarekin, era "giltza, indarrak biltzea" dela azpimarratu dute.

Mobilizazioan izan dira, besteak beste, EAtik Pello Urizar idazkari nagusia eta Maiorga Ramirez Nafarroako EAko burua, ezker abertzaletik Rufi Etxeberria, Tasio Erkizia, Jone Goirizelaia eta Arantza Urkaregi, Aralarretik Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusia, Jon Abril koordinatzaileordea eta Oxel Erostarbe eusko legebiltzarkidea, Alternatibatik Oskar Matute bozeramailea eta ABtik Mertxe Colina.

ELAk, LABek, Lokarrik, Bai Euskal Herriarik eta diasporako Eztabaida Guneak bat egin dute deialdiarekin. Bilboko manifestazioan egon dira, esaterako, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia.

Ekimenean ez da izan presoen argazkirik, eta parte-hartzaileak Euskal presoak Euskal Herrira, presoak kalera, amnistia osoa edota independentzia oihukatzen aritu dira.

Urte zahar egunean deitu zuten gaurko manifestazioa EAk, ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta ABk, Espainiako Auzitegi Nazionalak aurreko egunean Etxerat presoen senideen elkartearen manifestazioa debekatu ostean -gaurko zegoen antolatuta-.



Presoen eta horien senideen egoera gero eta larriagoa dela deritzote, espetxe politika "kriminaltzat" jo dute alderdi politikoek, hori bukatzeko "garaia" dela aldarrikatu dute eta gizartean haiekiko "elkartasun uholdea" eraiki behar dela.

Auzitegi Nazionalak baimenduta

Auzitegi Nazionalak oraingoan ez du Dignidad y Justicia elkartearen eskaera aintzat hartu, eta baimendu egin du alderdi politikoek deitutako manifestazioa. Ismael Moreno epaileak eman du baimena. Haren arabera, Etxeratek deitutakoaren aldean desberdina da aipatutako ekimena eta atzean ez dago "ETAren inguruko" elkarterik. Arrazoi berak erabili ditu Fiskaltzak.

Hala ere, Morenok Ertzaintzari agindu dio zaintzeko mobilizazioa, jendeak legez kanpoko erakundeen aldeko oihuak egin edo erakutsi ez zitzan. Ertzain ugari zegoen Kale Nagusian.

Hain zuzen, Morenok berak debekatu zuen Etxeraten manifestazioa. Dignidad y Justiciak eskatu zion debekua emateko, ekimenaren atzean Askatasuna legez kanpoko erakundea zegoelakoan.

Gaurko ekimena deitu zuten eragile politikoek kritikatu egin zuten auzitegiaren erabakia, debekua "adierazpen askatasunaren eta biltzeko eskubidearen urraketa zuzena" delako. Espainiako Estatuak "Euskal Herria ukazio egoeran mantentzeko ongi diseinatutako estrategia" daukala uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.