Aberri Eguna

Milaka herritarrek bat egin dute Euskal Herria Batera-ren deialdiarekin

EAJk euskal erakundeen gaitasuna nabarmendu du. EH Bilduk eta EH Baik, autogobernuaren ezintasuna.

Milaka herritar atera dira balkoietara, Aberri Eguna ospatzeko. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko apirilaren 12a
11:31
Entzun

Milaka herritarrek egin dute bat gaur eguerdian Euskal Herria Batera ekimenaren deialdiarekin. Ohar batean jakinarazi duenez, arrakastatsua izan da deialdia. "Urrats esanguratsua izan da aurtengo Aberri Eguna. Herritar asko gehitu da ospakizunera bateratasun eskaintzari erantzunez eta eragileek malgutasuna izan dute osagarritasuna bilatzeko. Komunitate bat irudikatu dugu, herri bat marraztu". Balkoietako ekitaldia amaitu ondoren aurkeztu du Euskal Herria Baterak mosaikoa (artikulu honen irudi nagusia), eta ondoren egin du balorazioa.

"Aurtengo Aberri Egun bereziak erakutsi du Euskal Herrian ere posible dela bateratasuna. Aski izan da herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek batera keinu bat egiteko, eta hainbat gizarte eragile, alderdi eta sindikatu ere ekimenarekin bateratzeko", dio oharrean. Aurretik egin bezala, gaurko oharrean batasuna lortzeko zailtasunen aurrean, bateratasunaren balioa nabarmendu dute. "Izan bedi bateratasuna 2020ko Aberri Egunaren lezioa, eta izan beza jarraipena hurrengoetan".

Gaineratu dute munduan komunitarismoa ari dela indartzen globalizazioaren arriskuei aurre egiteko, eta hori nahi dutela Euskal Herrirako ere: "Lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak dira tresnarik egokiena pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko. Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena, osatzen dugun kideoi duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko".

Aurrera begira, bateratasunean sakontzeko asmoa iragarri dute, "etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko. "Herrigintzan batera jardunda garatuko baitugu euskal lurraldeen eta herritarren arteko lankidetza, gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa".

Alderdiek euskal erakundeak izan dituzte hizpide

Alderdiek ere zabaldu dituzte Aberri Eguneko euren mezuak. Andoni Ortuzarrek Sabino Aranarena zen bulegoan irakurri du EAJren Aberri Eguneko adierazpena. Esan du "euskal herritarrak zaintzea eta babestea" dela Euzko Alderdi Jeltzalearen lehentasun nagusi eta hori dela "aberrigintza" egiteko modurik onena. "Osasun eta ekonomia aldetik bizi dugun makalaldi honetatik ateratzea da, beraz, gure premiarik handiena. Gaineratu du euskal erakundeek badutela hori egiteko gaiasuna,"urratsez urrats Euskadi aske eta burujabea eraikitzera eramango gaituztenak".

Gaur egungo egoeraren oso bestelako irakurketa egin dute EH Bilduk eta EH Baik. Adierazpen bateratua egin dute, eta adierazi dute koronabirusak eragindako "dramatik" ikasi egin behar dela "Euskal Herri hobe bat eraikitzeko", eta ezberdinen arteko euskal errepublika inoiz baino beharrezkoagoa dela orain. Indar sozial, ekonomiko eta kulturalen arteko ardura partekatuaren garaia dela adierazi dute EH Bilduk eta EH Baik. Gaineratu dute krisiak agerian utzi dituela autogobernuak dituen mugak, eta azpimarratu dute euskal erakundeek ezer gutxi egin dezaketela Espainiako eta Frantziako estatuen dekretuen aurrean.

Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarrerako Ahal Duguren lehendakarigaiak adierazi du eurentzat aberria "jendea" dela. "Ezberdintasunak alde batera utzi eta elkar zaintzen duten pertsona komunitate baten aurrean gaude. Gaineratu du "Euskadi" plurinazionala dela eta norberak duen sentimendutik haratago, euskal herri bat dagoela nabarmendu du: "Munduan kokatzen gaituen herri bat".

Kaleak hutsik

Koronabirusak erabat baldintzatuko du gaurko eguna. Lau aste dira konfinamendua hasi zela, eta ohikoak diren ekitaldirik ez da izan. EH Bilduk, EH Bai-k, Ahal Dugu-k eta LABek, besteak beste, bat egin dute Euskal Herria Bateraren ekimenarekin. EH Bildu eta EH Baik nabarmendu zuten aurtengo Aberri Eguna «egunerokotasuna hankaz gora» jarri duen abagune batean iritsi dela, koronabirusaren pandemiaren ondorioz. Bereziki gogoan hartu zituzten osasun arloko langileak, bai eta egunotan beharrean ari diren laborari, zabor biltzaile, garraiolari, supermerkatuetako langile eta bestelakoak ere. «Sostengu osoa» adierazi zieten, eta gogorarazi zuten langintza horietako askotan batez ere emakumeak aritzen direla eta «lan baldintza prekarioak eta soldata murritzak» pairatzen dituztela.

EAJk, herritar talde ezagun batek pasa den astean deialdiaren berri eman ondoren, azpimarratu zuen Aberri Eguna EAJk sortu zuela eta urteak zeramatzatela eurek balkoietan ikurrinak jarriz. «Harrigarria» begitantzen zitzaien horregatik «inork galdetzea ea EAJk bat egingo duen sortu berri den talde baten ekinbidearekin. Izatekotan, alderantziz beharko luke». Gero, baina, "urtero bezala", ikurrinak jartzera deitu eta bat egin zuen koronabirusaren biktimak oroitzeko Euskal Herria Baterak deitutako minutu bateko isilunearekin. Asteazkenean Andoni Ortuzar EBBko presidentea pozik agertu zen Aberri Eguna ospatzeko «ekimen berriak agertu» direlako.

Euskal Herria Baterak bere ekimena zabaldu zuenean, bateratasuna azpimarratu zuten deitzaileek. Mikel Irizar Euskal Herria Batera ekimeneko kideak BERRIAn adierazi zuenez, «gauzak batera egiteak komunitatea indartzen du». Gaur goizean Euskadi Irratian gaineratu du komunitatea indartuz nahi dutela gero horren gainean, "herria, nazioa eta aberria" eraikitzeko. Adierazi du bat egitea zailagoa dela eta horregatik batera egitearen garrantzia azpimarratu du. Gaur sare sozialetan #AberriEguna2020 eta #EuskalHerriaBatera traolak erabiltzera ere deitu dute.

Nazioarteko hainbat lagunek ere bat egin dute Euskal Herria Bateraren ekimenarekin, horien artean Gerry Adams eta Carles Puigdemont. Horiez gain, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak gaur euskaraz idatzi du mezu bat sare sozialetan: "Koronabirusaren ondorioz bizitzen ari garen egoera zail honetan, Euskal Herriak, gaur, Aberri eguna ospatzen du: #AberriEguna2020. Euskaldun guztiei askatasuna ahalik eta lasterren lortzea opa diet. Katalunia beti Euskal Herriarekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.