Sortu-ren erregistroa

Milaka herritarrek parte hartu dute legalizazioa eskatzeko Gernikako Akordioak deituriko manifestazioan

Ordubete lehenagotik hasi da jendea Casilla pabiloiaren inguruan biltzen, eta 17:40ean hasi da azkenik 'Euskal Herriarentzat normalizazioa. Legalizazioa orain' leloarekin. Gernikako Akordioa sinatu zuten alderdietako ordezkariez gain, sindikatuetakoek, euskalgintzakoek eta kulturgintzakoek ere parte hartu dute. Ibai Maruri BERRIAko kazetariak zuzenean egin du kontaketa Berriketan.info sare sozialean. [YouTube]http://www.youtube.com/watch?v=zH5w8bxxrzc[/YouTube]

2011ko apirilaren 2a
19:23
Entzun

Gernikako Akordioko sinatzaileek gaurko Sortu legeztatzeko deitua zuten manifestazioa 17:45ean hasi da Euskal Herriarentzat normalizazioa. Legalizazioa orain leloarekin. Manifestazioaren buruan deitzaileak zihoazen, eta abiatu direnean eta ibilbide guztian txalo artean hartu dituzte Bilboko kaleetan elkartu diren milaka herritarrek; "legalizazioa" oihuren bat edo beste ere entzun da. Maider Etxebarria eta Iñaki Zabaleta Sorturen bultzatzaileak bertan izan dira, pankartaren atzetik, manifestazioaren buruan.

Hiru ordu laurden pasatxo behar izan dute manifestazio buruan zeudenek Bilboko udaletxera iristeko. Ertzaintzak manifestazioa gertutik jarraitu du, bai furgonetetatik baita helikoptero batetik ere. Bilboko udaletxera iristean eskaileretara igo dira pankarta zeramatenak, eta behealdea jendez lepo bete da. Amaiera ekitaldian Maider Karrere Gazte Abertzaleak erakundeko kideak euskaraz salatu du azken aldian gizartean etsipena zabaldu nahi dutela, baina gaur Bilbon izan den erantzunak kontrakoa irudikatzen duela.

Deitzaileek Gernikako Akordioaren balioa nabarmendu dute azken ekitaldi horretan, eta sinatzaileek herritarrei euren eskubideak defendatzeko eta aldarrikatzeko erramintak eskaintzen jarraituko dutela. Akordioa sinatu zutenean ETAri, eta Espainiako eta Frantziako Gobernuari zenbait eskaera egin zizkietela gogoratu dute, eta soilik ETAk erantzun duela "modu positiboan", bere konpromisoa berretsiz. Gobernuek, berriz, indarkeria gehiagorekin erantzun dutela salatu du, "heldutasun demokratikorik ez dutelako". "Berandu baino lehenago, Euskal Herriak estatuen jarrera ezkorra aldatzea lortuko du", esanez amaitu da ekitaldia.

Picassoren 'Gernika', karteletan

Manifestazioa hasi baino ordubete lehenagotik hasi da jendea biltzen Casilla inguruan gaur. Legalizazioa orain leloarekin Picassoren Gernika koadora irudikatzen duten kartelak zituzten eskuetan hainbat manifestarik. Manifestazio jendetsua izatea espero zen, eta gaurkoan ere jendeak ez du huts egin, nahiz eta aurrekoetan baino jende gutxiago izan.

Manifestazioa hasterako bertan zeuden, besteak beste, Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia, Niko Moreno eta Marian Beitialarrangoitia ezker abertzaleko kideak, Pello Urizar, Unai Ziarreta, Mayorga Ramirez eta Rafa Larreina EAkoak, Patxi Zabaleta eta Oxel Erostarbe Aralarrekoak, Oskar Matute eta Jonathan Martinez Alternatibakoak eta Mertxe Colina Abertzaleen Batasunakoa.

Azken horrek, hain zuzen, "legalizazioa, demokrazia eta Euskal Herriarentzako askatasuna" eskatu du manifestazioa hasi aurretik egindako adierazpenetan. Ramon Labaien Eusko Jaurlaritzako kontseilari ohia eta Mattin Troitiño Etxerateko kdiea ere Bilbon dira. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Iratxe Urizar Behatokikoa, Izaskun Guarrotxena Bilgune Feministako kidea eta Jokin Uranga bertsolaria ere bertan izan dira.

Gehiengo sindikala, present

Sindikatuetako ordezkaritza zabala ere Bilbon da gaur legalizazioa eskatuz. LABetik Ainhoa Etxaide eta Sonia Gonzalez joan dira, Hiruko Patxi Agirre, ELAko Mikel Noval, Patxi Agirrezabala eta Leire Txakartegi, eta EILASeko Ana Perez.

Auzitegi Gorenak aste honetan eman du ezagutzera Sortu ez erregistratzeko autoa, baina deialdia aurreko astean luzatu zuten erabakia kontrakoa izango zela jakin ondoren. Erabakiak "ezinegona" sortu zuela salatu zuten. "Legalizazioa eta jarduera politiko guztien normalizazioa nahi dituen gizarteari" bozgorailua ematea erabaki zutela argudiatu zuten manifestatzera deitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.