Herrien eskubideak

Milaka lagun batu dira Donostian Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko

Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak antolatu dute 'Nazioa gara. Autodeterminazioa' lelopean. LABek ere bat egin du deialdiarekin. Kataluniako herritarrei babesa agertzea eta Euskal Herriaren nazio eskubideak aldarrikatzea izan dute helburu.

2010eko uztailaren 10a
19:49
Entzun
Ordua 17:30ean jarrita bazegoen ere, seiak laurden gutxi inguruan abiatu da Donostiako Antiguako tuneletik Nazioa gara. Autodeterminazioa lelopeko manifestazioa. Hain justu, lelo hori jasotzen duen pankarta joan da segizioaren buru, eta txalo eta independentzia oihu artean egin ditu lehendabiziko urratsak. Tuneletik aurrera egin ahala, herritar ugari batu zaizkio manifestazioari, eta milaka lagunek egin dute Bulebarrera arteko bidea. Ikurrinak eta Kataluniako banderak eraman dituzte horietako askok.

Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak antolatu dute manifestazioa, Kataluniako herritarrei babesa agertzea eta Euskal herriaren nazio eskubideak aldarrikatzea helburu hartuta. Indar politiko horietako gazteek eta LAB sindikatuak bat egin dute deialdiarekin. Pankarta hainbat herritarrek eraman dute, baina haien atzean, alderdi eta indar politiko horietako buruzagien ordezkaritza zabala joan da. Han izan dira, besteak beste,Rufi Etxeberria, Karmele Aierbe, Marian Beitialarrangoitia eta Nekane Erauskin ezker abertzalekoak, Pello Urizar, Ikerne Badiola, Koldo Amezketa eta Maiorga Ramirez EAko buruzagitzakoak, Oskar Matute, Jonathan Martinez eta Amaia Agirresarobe Alternatibakoak eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia.

Iñigo Iruin abokatua, Eñaut Elorrieta Ken7ko kantaria eta Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka TX taldekoa ere manifestazioan izan dira.

Bulebarrean egin dute amaiera ekitaldia. Amets Arzalluz eta Jon Maia bertsolariak aritu dira kantuan lehendabizi. Bertsoetako batean Lluis Llachen L'Estaca kantu ezaguna ekarri du gogora Maiak, eta "Kataluniarrek handik eta euskal herritarrek hemendik arbola zaharra" botatzea lortuko dutela kantatu du.

Bertsolarien ondoren Katalunian independentziaren aldeko erreferendumak antolatzen ari den plataformako ordezkari batek hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei zein parte hartzaileei Kataluniari adierazitako babesagatik. Horrez gain, Kataluniak eta Euskal Herriak helburu komuna eta arerio bera dutela iritzi dio: "demokraziarik eza".

Ekitaldia bukatzeko EAko Juango Agirrezabalak eta ezker abertzaleko Marian Beitialarrangoitiak hartu dute hitza. Espainiako Konstituzioa "nazioentzako kartzela" dela adierazi dute, eta horri aurre egiteko eragile politiko, sozial eta sindikal guztien elkarlana behar dela. Hain zuzen ere, elkarlanerako deia egin dute, konfiantza eza gainditzekoa, eta inor ez dagoela sobera azpimarratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.