Azpiegiturak

Milaka lagun bildu dira AHTren kontrako manifestazioan, Bilbon

Jende asko berandu iritsi da, Guardia Zibilak kontrolak jarri dituelako. Abiadura handiko trena gelditzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, "informazio objetiboa eta egiazkoa" emateko, eta herri kontsulta egiteko.

2007ko apirilaren 28a
19:23
Entzun 00:00:0000:00:00
Abiadura handiko trena (AHT) gelditu orain! lelopean, milaka lagun batu dira gaur arratsaldean manifestazioan, Bilbon. Jesusen Bihotzean hasi da, 17:40an, eta manifestazioa aurrera zihoan bezala jende asko joan da sartzen. Izan ere, Guardia Zibilak hainbat eta hainbat lagun Zarautzen (Gipuzkoa) eta Zornotzan eta Durangon (Bizkaia) kontroletan geldituta izan ditu, eta hauek berandu heldu dira Bilbora.

18:30ean iritsi da manifestazioa bukaerara, Bilboko udaletxe aurrera. Bertsolariek hartu dute hitza lehendabizi, eta AHT Gelditu! Elkarlanekoek ondoren. Ekimenaren antolatzaileek Eusko Jaurlaritzari zuzendu diote mezua batik bat, trenaren proiektua gelditzeko eskatuz. "Informazio objetiboa eta egiazkoa" emateko ere galdegin diote Jaurlaritzari, "eta herri kontsulta egiteko".

Euskal Herriko hainbat eragilek egin dute bat deialdiarekin: besteak beste, Batasuna, EHAK, Aralar eta Zutik alderdiek; LAB, EHNE, EILAS eta EHNE, sindikatuek; Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarte ekologistek; Askatasuna, Bilgune Feminista, Berri Otxoak eta Elkartzen elkarteak. AHTren aurkako agiria sinatu dute aste honetan.

AHTk eragin "ekologiko, ekonomiko eta sozial larriak" eragingo lituzkeela esan dute, eta egitasmoarekin lotutako erabakietan parte hartzeko biderik izan ez dutela izan.

Haien ustez, abiadura handiko trenak ez lituzke bidaiari eta salgaien garraio arazoak konponduko, eta ingurumenari "modu atzeraezinean" egingo lioke eraso. "Errenta banaketan eta gastu sozialean atzerako eragina izango du, nekazari arloa zeharo kaltetuko du, herri eta eskualdeek bizi kalitatea galduko dute...".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.