ETAren jarduera armatuaren amaiera. Manifestazioa Bilbon

Milaka lagunen bultzada konponbideari

'Euskal Herriak konponbidea nahi du' lelopean, Gernikako Akordioak deitutako protestan milaka herritar izan dira, BilbonIlusioa erakutsi dute manifestariek; kalera atera, adierazi eta mobilizatzeko gogoa

Gernikako Akordioaren sinatzaileen ordezkariak manifestazio buruko pankarta eramaten, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Konponbiderako prozesuan guztien parte hartzea ezinbestekoa izango dela errepikatu da behin eta berriz azken egunotan. Zenbait eragilek ohartarazi dute herritarren bultzada ere beharrezkoa izango dela. Bidean aurrera egin dadin eta urratsak atzeraezin bihur daitezen, herritarren mobilizazioa, presioa, beharrezkoa izango dela. Horretarako, prestasuna, gogoa, irrika erakutsi zuten atzo milaka eta milaka herritarrek Bilbon, Casillatik udaletxera arteko ibilbidea Euskal Herriak konponbidea nahi du leloaren atzetik eginda.

Ohi baino goizago bete ziren jendez Casilla inguruak; 16:30ak alderako, Gernikako Akordioaren sinatzaileek manifestaziorako jarritako hitzordua baino ordubete lehenago, herritar multzoak ilaran zihoazen Casillara, ondoren gehituko zen jendetzaren adierazle. Ilusioa nabari zen herritarren artean. Kalera ateratzeko gogoa. Adieraztekoa. Bultza egitekoa. Besarkadak ikusi ziren. Agur irribarretsuak. Muxuak. Aldarrietarako oihuak ere ozenak izan ziren. Gogotsuak. Independentziaren aldekoak, eta presoak etxeratzearen aldekoak izan ziren jaun eta jabe.

Hain zuzen, Euskal presoaketxera! izan zen entzundako lehen oihua. Manifestazioa abiatu aurretik, jendea espaloietan pilatuta zegoela, mutil batek hautsi zuen isiltasuna. Olatu bat bezala zabaldu zen pertsona bakarraren oihua, eta aldarri orokortu eta ozen bihurtu zen bat-batean.

Oihua baretu bezain laster, Independentzia! egin zuen garrasi beste batek. Milaka herritarrek jarraitu zioten. Baita ondoren etorri ziren Presoak kalera, amnistia osoa!, zein Amnistiarik gabe, bakerik ez! aldarriei. Iheslariak etxeratzeko ere eskatu zuten. Une batzuetan, Etxera! Etxera! Etxera! Etxera!, hitz errepikatuak bildu zituen eskaerak. Ibilbidean zehar, Zain dago ama, zain aita ere kantatu zuten herritarrek elkarrekin.

Konponbidea, manifestaziorako leloa idatzia zuten txarteltxoak eskuan hartuta ere aldarrikatu zuten milaka herritarrek. Sutsu eusten zieten txartelei, besoak altxatuta. Manifestazioaren burua gerturatzean, txartelak gehiago goratu, astindu, eta garrasiak ozenago entzuten ziren.

Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileetako ordezkariak ziren protestaren buruan, pankarta nagusiari eusten. Manifestazioaren deitzaileak. Hala ere, jendetzaren jendetzaz, pankartaren atzetik adina jende zegoen aurretik, errepidean, beste manifestazio bat balitz bezala.

Pankarta nagusiaren atzeko lehen lerroetan, politikari, sindikalista eta gizarte eragileetako ordezkariak izan ziren nagusi. Bertan izan ziren, besteak beste, ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Pernando Barrena, Jone Goirizelaia eta Tasio Erkizia; EAko Pello Urizar, Rafa Larreina, Unai Ziarreta eta Maiorga Ramirez; Aralarreko Patxi Zabaleta, Dani Maeztu, eta Rebeka Ubera; Alternatibako Oskar Matute eta Jonathan Martinez; ABko Mertxe Kolina. EBko Javier Madrazo ere izan zen protestan, baina herritarren artean. CCOOko buru Jesus Uzkudun, Eraikitzen EBren ildoko ordezkari gisa joan zen manifestaziora. Angeles Iztueta eta Esther Larrañaga sailburu ohiek lehen lerroetan egin zuten ibilbidea.

LABeko Ainhoa Etxaidek, Etxerat-eko Mattin Troitiñok, TATeko Lorea Bilbaok, Bilgune Feministako Izaskun Guarrotxenak ere ez zuten hutsik egin. Ezta ibilbidea, lehen lerroan, politikarien artean egin eta kamera guztien jomuga izan zen Eugenio Etxebeste preso ohiak ere.

Burua udaletxera iritsi zenean, 18:35ean, Autonomian zen oraindik protestaren amaiera, Zabalburura iritsi ezinik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.