«Iraganeko argazkiak dira, baina ehunka pertsonari eta familiari oraindik min eragiten diete». Asier Biurrunek, Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduko kideak, «oso larritzat» jo du Espainiako eta Frantziako estatuek «arerio politikoaren aurka atxiloketak, epaiketak eta kartzela» erabiltzen segitzea. Horregatik, militante politikoen aurkako auzi guztiak geldiarazteko eta haien ondorioz espetxeratu dituzten guztiak askatzeko eskatu du. Eleak-ek ohartarazi du azaroaren 2an Nafarroako bederatzi gazteren aurkako epaiketa hasiko delaeta Josu Esparza Amnistiaren Aldeko Mugimenduko eledun ohiak egun bi euroaginduri egin behar diela aurre.
Azaroaren 2tik 4ra bitartean Nafarroako bederatzi gazte epaituko dituzte, Segi edo Ekineko kide izatea egotzita. Zortzi eta hamar urte arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu fiskalak haientzat. Gazteak Noe Lopez, Amaia Legarra, Maitane Intxaurraga, Maider Caminos, Aritz Azkona, Xabier Sagardoi, Luis Goñi, Mikel Jimenez eta Alberto Lopez dira.
Noe Lopez, Amaia Legarra eta Maitane Intxaurragak prentsaurrekoan euren kasuaren nondik norakoak azaldu dituzte. Legarrak gogorarazi du 2008ko abuztuan hasi zela euren infernua. Inkomunikazio aldian, tratu txarrak eta torturak jasan zituzten eta Guardia Zibilek mehatxu egin zien euren buruen zein lagunen aurkako inkulpazioak lortzeko.
Alberto Lopezen kasuan, auto istripua eragin ostean atxilotu zuten guardia zibilek eta bost egunez «bahituta» egon zela gogorarazi du Legarrak, haren ingurukoek eta abokatuek ezzekitelako atxilotu egin zutela.Legarrak zentzugabekeria salatu du. «XXI. mendean, eta gezurra badirudi ere, politika egiteko eskubidea aldarrikatzen jarraitu behar dugu». Gaur egun, «egungo egoera itxaropentsuan», euskal gizarteak epaiketok «oztopo gisa» ikusten dituztela nabarmendu dute. Hala, Legarrak «besarkada handia» bidali die espetxean diren beste sei auzipetuei.
Bi euroagindu
Josu Esparza iruindarrak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko eledun ohiak, iragan urtarrilaren 18ko operaziotik ihes egitea lortu zuen, eta geroztik bizitza publikoa egin du Donibane Lohizunen. Irailaren 6an atxilotu zuten, eta Auzitegi Nazionalak euroagindua eskatu zuen Esparzaren aurka. Paueko Auzitegiak euroagindua ontzat jo arren, Auzitegi Gorenera jo du Esparzaren abokatuak. Bitartean, beste euroagindu bat eskatu du Auzitegi Nazionalak, 2009ko Korrikan presoen argazkiak erakutsita «terrorismoari apologia» egitea leporatuta.
Gazteen aurkako epaiketa eta Esparzaren aurkako euroaginduak gaitzetsi ditu Eleak-ek, eta dei egin dio gizarteari mobilizatzera. Hainbat mobilizazio egingo dira euren herri eta auzoetan: Barañainen, urriaren 28an, 19:00etan; Arbizun, urriaren 29an, 20:00etan; Txantrean, urriaren 30ean, 17:30an; Iturraman, azaroaren 3an, 20:30ean, etaazaroaren 4an, Zizurren,19:00etan.
«Militante politikoen aurkako auziak» amaitzeko eskatu du Eleak taldeak
Bederatzi gazte nafarren aurka epaiketa hasiko da azaroaren 2an, Segiko edo Ekineko kide izatea leporatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu