«Militante politikotzat» jo dute beren burua Parisen epaitzen ari diren zazpiek

ETAren logistika aparatuko kide izatea, armak eta lehergaiak lapurtzea eta bahiketa egotzi die epaileak.Uko egin diote galderak erantzuteari

Erredakzioa
2014ko azaroaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Militante politikoak» direla aldarrikatu dute, eta jakinarazi ez dutela galderarik erantzungo. Hala hasi dute epaiketa, besteak beste, ETAko logistika aparatuko kide izatea egozten dieten zazpi euskal presoek. Parisko Krimen Auzitegian epaituko dituzte datozen bost asteetan Mikel Karrera, Zigor Garro, Marina Bernado, Borja Gutierrez, Iurgi Mendinueta, Oihan Barandalla eta Ibon Goieaskoetxea. 2005 eta 2006 artean armak eta lehergaiak lapurtzea eta bahiketa egozten diete.

Lapurreta horien artean dago 2006ko urrian gertatutakoa. Frantziako hego-ekialdeko Vauvert herrian, 200 pistola inguru eta lehergaiak lapurtu zituzten Sidam arma enpresatik, eta Frantziako Poliziak ETAri egotzi zion ekintza hura. Espainiako Gobernua eta ETA hizketan ari ziren garai hartan.

Lapurreta gauzatzeko, enpresa hartako arduradunaren lau senide bahitu zituzten zenbait orduz, bi haur tartean. Zazpi auzipetuetako seiri leporatzen diete ekintza hartan parte hartu izana —Goieaskotxea ez dago horregatik auzipetuta, baina epaiketan egon beharko du, ETAko kide izatea egotzita jarri zioten zigorrari Garrorekin batera aurkeztutako helegiteagatik—, eta lauri bahiketa egin izana: Karrerari, Garrori, Bernadori eta Gutierrezi. Epaileak gogora ekarri du Frantziako legediak bizi osorako zigorra ahalbidetzen duela halako delituetarako.

'Estellada' soinean

Auzipetuetako batzuek ETAko kide gisa aurkeztu dute beren burua, eta euskarazko itzulpen zerbitzua eskatu dute. Goieaskoetxeak estellada bat —Kataluniako ikur independentista— eraman du kamisetan, eta salatu du modu txarrean eraman dutela kartzelatik auzitegira, eskuburdinak atzean jarrita.

Auzipetu guztiak «militante politikoak» direla esan du Garrok. Frantsesez egindako hitzaldian, euskal presoak azaldu du auzipetuak «terrorista» izendatzean haien jardunaren erro historikoak ulertzeko borondate gutxi agertzen duela Frantziako Justiziak. «Historia da egia guztien ama», erantsi du Garrok.

Auzitegiak ez ezik, Frantziako eta Espainiako estatuen jarrera ere kritikatu du auzipetuak, haren esanetan ez dutelako onartzen hainbat nazioz osatutako estatuak direla. Tarte horretan, Garrok gogora ekarri du Charles de Gaulle Frantziako presidente izandako jeneralak ikurrinari omenaldia egin ziola 1945ean, nazien aurkako erresistentzian euskaldunek izandako parte hartzea eskertzeko. Hala ere, Frantziak eta Espainiak ez dutela Euskal Herria aitortzen salatu du.

Gainera, Garrok adierazi du «etengabeko kontraesanean» bizi dela Frantziako Estatua, «gizatasunaz hitz egiten duelako, gizartearen zati bat baztertuta». Besteak beste, Frantziak Sirian, Iraken edo Malin duen egitekoaz aritu da, eta azaldu du «milaka lagun» hiltzen dituztela «askatasunaren eta giza eskubideen izenean».

ETAren indarkeriaz ere mintzatu da Garro, eta aitortu egin du «biktima errugabeei» eragindako mina. Gainera, beren ekintzen ardura beren gain hartzen dutela esan du.

Auzipetuen ondoren, akusazioek aurkeztutako hogei lekuko inguruk eta hamabost bat poliziak deklaratuko dute. Bihar jarraituko du epaiketak, eta bost aste irautea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.