Joseba Atxotegi. Psikiatra

«Min psikologikoa egiten die etorkinei bizi duten odiseak»

Azken urteetan zaildu egin zaie egoera etorkinei, eta horren ondorio da Ulisesen sindromea, Joseba Atxotegi psikiatraren ustez.

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gogortu egin da etorkinen egoera azken hamar urteetan, Joseba Atxotegi psikiatrak (Durango, 1952) dioenez. Lehen eskutik bizi izan du aldaketa. 1980ko hamarkadatik darama haiekin lanean, eta 2000. urte inguruan aldaketa bat sumatu zuen: zaildu egin zitzaien bizimodua, nabarmen. Urritu egin zaizkie eskubideak, eta gogortu bizi-baldintzak. Errealitate berriarekin arazo berriekin egin zuen topo, horregatik, Bartzelonan zuzentzen duen Etorkin eta Errefuxiatuentzako Arreta Psikopatologia eta Psikosozialeko Gunean (SAPPIR), eta errealitate berri hura azaltzeko izen berria sortu zuen: Ulisesen sindromea. Iruñean izan da egunotan, Argibide fundazioak antolaturiko adimen osasunari buruzko hitzaldietan.

Zer da Ulisesen sindromea?

Estres koadro bat da, oso indartsua, eta muturreko egoeratan diren etorkinek bizi dutena. 2002. urtean deskribatu nuen koadro hori, ordura arte heldu ez ziren etorkinez bestelako etorkin batzuk etortzen hasi baitziren. Egoera ikaragarriak zituzten etorkin horiek: ezin zuten familia haiekin ekarri, ez ziren kalera ateratzen, izututa zeuden, ez zuten inolako eskubiderik... Ez nuen halakorik sekula ikusi. Denbora neraman nik ordurako etorkinekin lanean, eta oso aldaketa handia izan zen. Azken urteetan ikusi nuena aurreko urteetan ikusi nuenarekin alderatu, eta horrek bultzatu ninduen pentsatzera zerbait aldatu egin zela.

Eta zer da aldatu zena?

Etorkinen egoerak nabarmen egin zuen okerrera. Beldurgarria izan zen. 80ko eta 90eko hamarkadetan etorritako etorkinek immigrazioarekin loturiko ohiko arazoak izaten zituzten: kultur aldaketa, aurrera egiteko zailtasunak..., baina bazituzten zenbait eskubide, zenbait aukera. 2000. urteaz geroztik, ordea, itxi egiten dira mugak, polizia etorkinen atzetik hasten da, eskubideak ukatzen zaizkie... Sufrimendu horrek guztiak ondorio psikologiko pertsonalak eragiten ditu, eta hor sortzen da Ulisesen sindromea deitzen duguna. Estres koadro bat da, funtsean, baina ez gaixotasun mentala, eta garrantzitsua da hori argi izatea.

Eta zein dira Ulisesen sindromearen sintomak?

Tristura, lantua, buruko minak, nerbioak, kezka larriak... Depresioarekin nahasten ditu batzuetan sintoma horiek osasun zerbitzuak. Gure ustez, ez litzateke jende hau buruko gaixo gisa estigmatizatu behar, baina aitortu egin behar da estres maila handi baten eraginpean bizi direla. Prozedura berezitua izan behar lukete.

Berezitua zer zentzutan?

Buruko gaixoarekin psikoterapia, psikofarmakoak eta bestelakoak erabili behar dira. Kasu honetan, baina, egoera sozial batek eragiten du estresa, eta saiatu beharra dago hartan eragiten. Hainbat laguntza teknika erabiltzen ditugu, horregatik. Ez dira gaixoak eta, beraz, laguntza da batez ere eskaini behar zaiena.

Bizi duten egoera da, halere, batez ere, etorkinak estres egoerara eramaten dituena. Zuk diozunez, beraz, bizi duten gizarte inguruan eragitea da garrantzitsuena, ezta?

Hori da. Jatorrizko arazoa hori da, baina ez dugu guk kontrolatzen. Globalizazioaren, testuinguru politikoaren eta bestelako faktoreen menpekoa da. Guk, asko jota, hiritar garen neurrian eragin dezakegu haiengan. Baina profesional gisa etorkin hauek kontsultetara etorri egiten dira, eta erantzun egin behar diegu haien beharrei. Harreman sozial gehiago izateko bideak errazten dizkiegu, legezko laguntza bilatzen diegu... Azken finean, ez dira gaixoak, jende sanoa dira, baina leporaino heltzen zaie ura, eta soka bat eskaintzen diegu laguntzeko.

Bakardadeak ere badu zer ikusirik sindrome horrekin?

Bai, baina legeekin lotuta dago hori. Testuinguru sozialarekin. Eragotzi egiten diete familia haiekin ekartzea, adibidez.

Legeak ez dira egokiak, beraz.

Arazo globala da hori. Nazio Batuen Erakundeak onartu egiten du emigratzeko eskubidea, baina praktikan ez du inork ere errespetatzen. Paper gaineko eskubidea baino ez da, eta hori da Europan dugun kontraesan handietariko bat. Jende honek bere larruan sufritzen du gizagabekeriazko egoera hau. Odisea bat da sufritzen dutena, eta sufrimendu psikologikoa sortzen du horrek. Horregatik deitzen dugu Ulisesen sindromea. Okerrena da, ordea, arazoa ikertzen hasi ginenetik egoerak ez duela txarrera besterik egin. Familiako kideak ekarri ahal izateko, etorkinaren aldeko txosten bat eskatzen hasteko asmoa dute Herrialde Katalanetan. Horrek esan nahi du familiarekin egotea ez dela izango oinarrizko eskubide bat, baizik eta irabazi beharreko sari bat. Pentsaezina zen hori orain bost urte; beraz, ez dut imajinatu ere egin nahi hemendik bost urtera zer pasa daitekeen.

Iheslariei ere eragiten die Ulisesen sindromeak?

Gaur egun ez dago etorkin eta iheslarien artean bereizketa handirik egiterik. Etorkinik gehienak jo litezke iheslaritzat. Aljeriatik datorren pertsona bat zer da, bada, edo Tuneztik datorren bat? Muturreko egoera batean egon, eta aurrera egiteko ihes egitea erabakitzen duen jendea da gehiengoa.

Imajinatzen dut Ulisesen sindromea duten etorkinekin lan egiten duten psikologoentzat etsigarria izango dela egoera, azken finean, arazoa politikoa eta soziala baita, batez ere.

Egia da hori, baina bada alde on bat ere. Etorkin hauek ez daude gaixo, eta laguntza eskaintzen zaienean oso ongi erantzuten dute.

Badago Ulisesen sindromea duten etorkin kopuruari buruzko daturik?

Ikerketa batzuk badaude. Valentzian egin dute bat, adibidez. Harenarabera, Buru Osasuneko kontsultetara joaten diren etorkinen %17k dute Ulisesen sindromea. Noski, figura hori kontuan hartu ezean, depresiboen multzoan sartzen dituzte, eta psikiatriaren zurrunbiloan sartzen dira. Eta horrek ez die inolako mesederik egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.