Arabako Teknologia Parkeko Administrazio Kontseiluak bertan behera utzi du Stoa enpresari emandako kontratua, hark Miñaoko parke teknologikoa handitzeko hirigintza plana egin zezan. Ohar batean, parke teknologikoak jakinarazi du kontratua «baliorik gabe» utzi duela, Arabako Probintzia Auzitegiak ebatzi eta gero legez kanpo adjudikatu ziotela lan hori Stoari.
Akusatuek epaiaren aurkako helegitea jar dezakete, eta, beraz, ebazpena ez da irmoa izango Espainiako Auzitegi Gorenak auzia ebatzi arte. Edozein moduz, «sententzia berretsiz gero», administrazio kontseiluak adierazi du kontratuak etenda jarraituko duela eta ez dela «beharrezkoa» izango beste erabakirik hartzea.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak joan den ostiralean adierazi zuen administrazio kontseilua bilera batera deitzeko asmoa, Stoari emandako kontratuaren etetea aztertzeko. Gasteizko Udalean, PPk, EH Bilduk eta Elkarrekin Gasteiz taldeek eskatu zuten Stoaren kontratua berehala eteteko.
Gaur, Iñaki Oiartzabal PPko Arabako presidenteak Gonzalezi leporatu dio «ezkutatuta» egotea epaia ezagutu zen egunetik, eta ustelkeria sareari lotutako enpresekin lanean jarraitzea. Hortaz, eskatu du Gonzalezek agerraldi bat egin dezala berehala Arabako Batzar Nagusietan, azalpenak emateko: «Lotsagarria da diputazioko, udaletako eta Eusko Jaurlaritzako EAJko karguei eragiten dien ustelkeria kasu hain larri baten aurrean diputazioko agintari gorenak oraindik adierazpenik egin ez izana». «Gaur egun EAJn aldundian eta alderdian dauden gehienak zigortuen kideak ziren», erantsi du Oiartzabalek.
Bestalde, Stoa enpresaren kontratua eteteaz galdetu diote Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekari gobernu kontseilu osteko agerraldian. Esan du ez duela ezagutzen Stoa enpresari emandako kontratuaren gisako beste adjudikaziorik, baina gaineratu du ezagutaraziko balira ziur dagoela administrazioak kontratu horiek ere etengo lituzkeela.
Zigortuak, aske
Euskal Autonomia Erkidegoan ustelkeriari lotutako auzirik handiena izan da De Miguelena, eta abenduaren 17an eman zuten epaia: Arabako Probintzia Auzitegiak ustelkeriagatik zigortu zituen epaitutako 26 lagunetatik 15; tartean, Alfredo De Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJren Araba Buru Batzarreko burukide ohiak. Delitu ugari leporatuta zigortu zituzten, besteak beste eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuen faltsutzea.
Zigorrik handienak dituzten auzipetuak espetxeratzeari buruzko auzi saioa joan den ostiralean egin zuten, eta, fiskalak eskatutakoaren kontra, epaimahaiak erabaki zuen denek libre jarraitzea, epaia irmoa izan arte. Halere, epaileak badaezpadako neurriak ezarri zizkien: ezin izango dira baimenik gabe Espainiako Estatutik atera, hamabost egunean behin joan beharko dute epaitegira, eta edozein etxebizitza aldaketa jakinarazi beharko dute.