Epaileak aske utzi ditu 'De Miguel auzikoak', epaia irmoa izan arte

Zigor handienak dituzten bost auzipetuei pasaportea kendu die; epaitegira joan behar dute hamabostean behin. Miñaoko Parke Teknologikoa handitzeko kontratua etengo du Arabako Aldundiak

Alfredo de Miguel, atzo, auzitegira iristean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
jon olano
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
De Miguel auzian zigor handienak jaso zituzten bost auzipetuek aske jarraituko dute Espainiako Auzitegi Gorenak helegiteak aztertu eta Euskal Autonomia Erkidegoan epaitutako ustelkeria kasu handienari buruzko epaia irmoa izan arte. Halere, epaileak badaezpadako neurriak ezarri dizkie bostei: ezin izango dira baimenik gabe Espainiako Estatutik atera, hamabost egunean behin joan beharko dute epaitegira eta edozein etxebizitza aldaketa jakinarazi beharko dute. Alabaina, ez diete berme ekonomikorik ordainarazi.

Arabako Probintzia Auzitegiak epaia eman eta gero, fiskalak zigor handienak zituzten auzipetuak berehala espetxeratzeko eskatu zuen, idatzi batean. Eskariari buruz erabakitzeko auzi saioa egin zuten atzo Gasteizen, 09:30etik aurrera. Zazpi lagun zeuden deituta: Alfredo de Miguel EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako diputatua 2007tik 2010era, Koldo Otxandiano ABBko kide ohia, Xabier Sanchez Robles Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazte eta Ekintza Komunitarioko zuzendari ohia, Aitor Telleria ABBko kide ohia, Iñaki San Juan Leioako Kultura zinegotzi ohia (EAJ), Josu Montes Ortzi Mugako administratzaile eta Errexaleko langilea eta Iñaki Etxaburu Urbanorma Consultingeko enpresaria. Zazpi orrialdeko ebazpen batean, guztiei ezarri diete hamabostean behin epaitegira joateko agindua, baina Etxabururi eta Montesi ez diete pasaportea kendu.

Epaimahaiak ebazpenean nabarmendu duenez, delituen larritasuna eta ezarritako zigor handia ezin da izan irizpide bakarra auzipetuek ihes egiteko arriskua neurtzeko, eta aintzat hartu behar dira «zigortuen beste ezaugarri pertsonal batzuk»: kasurako, «familia lotura, bitarteko ekonomikoak, beste herrialde batzuekin izan ditzaketen loturak... «Hori esanda, auzitegiak jakin badaki akusatuak ez direla saiatu justiziaren jarduera saihesten, eta deituak izan diren bakoitzean agertu direla, ezarritako orduan». Beraz, epaimahaiak ebatzi du lotura nahikoa dituztela, eta aski dela akusatuei badaezpadako neurriak ezartzea. Erreferentzia gisa, epaileek aintzat hartu dute Noos auzia: prozedura horretan, Iñaki Urdangarin Espainiako erregearen koinatua aske utzi zuten baldintzarik gabe.

«Zentzuzko» erabakia

Auzi saiotik irtetean, Gonzalo Susaetak, Alfredo De Miguelen abokatuak iragarri du helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Gorenean, eta «zentzuzkotzat» jo du zigortuek libre jarraitzeko erabakia. Otxandianoren abokatu Carlos Chaconek, berriz, nabarmendu du «giltzarri» izan dela epaimahaiak ez ikustea zigortuek ihes egiteko aukerarik; haren iritziz, fiskala «mugatu» da ihes egiteko arriskua zigorraren urte kopuruarekin lotzera, baina beharrezkotzat jo du «beste zerbait» argudiatzea auzipetuak espetxeratzeko.

Bestalde, Jesus Villegas Telleriaren abokatuak ere azaldu du Auzitegi Gorenera joko dutela, baina pauso hori ezingo dutela egin sententzia auzipetu guztiei pertsonalki jakinarazi arte. Prozesu hori «motela» izan daitekeela gaineratu du, denei epaia jakinarazteko prozesua abiatu ere ez dutelako egin oraindik. Guztiei ebazpenaren berri ematean, abokatuek bost eguneko epea izango dute helegiteak aurkezteko.

Arabako Probintzia Auzitegiak joan den asteartean eman zuen auziari buruzko epaia; ustelkeriagatik zigortu zituen epaitutako 26 lagunetatik 15; tartean, Alfredo De Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano. Delitu ugari leporatuta zigortu dituzte, besteak beste eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuen faltsutzea. De Miguelek, Telleriak eta Otxandianok jaso dituzte espetxe zigorrik handienetakoak, hirurek legez kanpoko komisioak kobratzeko «sare bat» eratu zutela frogatutzat jo baitu epaileak.

De Migueli ezarri diote espetxe zigorrik handiena: hamahiru urte eta hiru hilabete, baina gehienez bederatzi urte egongo da kartzelan. Fiskaltzak leporatutako delitu gehienak frogatutzat eman ditu epaimahaiak: eroskeria, legez kontrako elkartea eratzea, dirua zuritzea, dirua bidegabe erabiltzea, influentzia trafikoa, dokumentuak faltsutzea eta prebarikazioa.

Stoaren kontratua, auzitan

Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak jakinarazi du datorren astean Miñaoko Parke Teknologikoko Administrazio Kontseilua bilduko duela, Stoa enpresarekin eginiko kontratua eteteaz hitz egiteko. De Miguel auziko epaian jaso dutenez, Miñaoko Parke Teknologikoa handitzeko hirigintza plana legez kanpo adjudikatu zioten Stoari, 3.750 euroko komisio baten bidez eman baitzioten. Gasteizko Udalean, PPk, EH Bilduk eta Elkarrekin Gasteiz taldeek eskatu zuten Stoaren kontratua berehala eteteko.

Gonzalez «atsekabetuta» agertu da epaiaren edukiagatik, eta arbuiatu egin ditu bertan adierazitako «jokabideak», uste baitu «guztiz bateraezinak» direla bere taldeak «bizitza eta politika ulertzeko duten moduarekin». Era berean, balioa eman dio Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusi ohiak auziaren berri jakitean izandako jarrerari; Agirrek «azkar» jokatu zuela uste du Gonzalezek, eta gaineratu du astearteko ebazpenak balio behar duela ordezkari publikoen «gardentasun eredugarria hobetzeko».

EH Bilduren Gasteizko Udaleko eta Arabako Batzar Nagusietako taldeek herenegun jakinarazi zuten Gonzalezen, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen, Itziar Epalza parkeko zuzendariaren eta Francisco Marquez gerentearen agerraldiak eskatuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.