Laura Mintegi EH Bilduren Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiaren ustez, Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren hilketa —duela hamabost urte jazo zen—, «Euskal Herriak izan zuen eta egun duen tragedia ikaragarriaren erakusgarri da».
Euskadi Irratiari atzo eskainitako elkarrizketa batean azaldu zuenez, «indarkeria batek beste bat elikatu du, espiral baten gisan», baina orain egoera horri «buelta emateko aukera eta modua» ikusten du Mintegik.
Indarkeria horiek amaitzeko hainbat elementu «desaktibatu» behar direla uste du Mintegik, eta hor jarri ditu ETAk armak utzi izana eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot dotrinari buruz emandako ebazpena.
EAJren EBBko lehendakari eta Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai Iñigo Urkulluk ere gogoan izan zuen atzo Blancoren hilketaren urtemuga. Uztail osoa «oso intentsoa» izan zela gogorarazi zuen Cope irratiari emandako elkarrizketan, baina orain, hamabost urte geroago, aurrera ere begiratu behar dela iritzi zion: «Garai gogorrak izan ziren, baina iazko urriaren 20tik aurrera, ETAk indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuenez geroztik, etorkizunari begira jarri behar dugu guztiok, biktimenganako justizia, egia, ohore eta memoriari dagokienez, baina normalizazio politikoari begira ere bai».
Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondoren jarrera ere kritikatu zuen Urkulluk, eta «ulergaitz» eta «onartezin» jo zuen Errekondok «Blancoren hilketa gaitzetsi ez izana». Horri dagokionez, EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek esan zuen Amaiurrekoak bere egin zituela alboan zuen taldekide Rafa Larreinaren gaitzespen hitzak.
Mintegi: «Buelta eman diezaiokegu Euskal Herriko tragediari»
EH Bilduren lehendakarigaiaren ustez, Blancoren hilketa «tragedia ikaragarria» izan zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu