Laura Mintegi kritiko agertu da Hamaika Telebistan EAJrekin, "zer nahi duen argitzen ez duelako". "Egun batean esnatzen dira independentistago eta beste egun batean, autonomistago", esan zuen Pello Urzelai (BERRIA), Arantza Zugasti (Noticias de Gipuzkoa) eta Iñaki Soto (Gara) kazetariek egindako galderei erantzunez.
Mintegik azpimarratu zuen EAJk batzuetan "kohabitazioa" duela hizpide, "estatuan sakontzeko", eta hurrengo batean independentzia. EH Bilduko hautagaiak garbi utzi zuen zein den koalizioaren jarrera: "Nik ez dut kohabitaziorik nahi. Nik etxe propioa nahi dut. Herri honek tratu txarrak jasan ditu".
Euskararen inguruan, azken urteetan ez dela aurrerapausorik eman salatu zuen.
Mintegi atzokoan bakearen normalizazio prozesuaz ere jardun zen, eta urratsak ematea orain Espainiako Gobernuari dagokiola esan zuen: "ETAk eman ditu pausoak, eta orain estatuei dagokie gatazkaren ondorioei buruz hitz egitea. ETA mahaian jezarrita dago; solaskidea falta du".
Presoen auziaz, gainera, azpimarratu zuen herritarren nahiari bizkarra ematen ari zaiola Espainia, eta gaiarekin tematuta dagoela salatu zuen.