Euskara

Miren Azkarate: "Inkesta soziolinguistikoko emaitzak kezkagarriak dira"

Duela aste batzuk plazaratu zuten euskarari buruzko inkesta soziolinguistikoaren emaitzak "kezkagarriak" iruditzen zaizkio Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuari, eta, bide horretatik, euskara benetan indartzeko oraindik "bide luzea" egin behar dela iruditzen zaio. Azkenaldian, Espainiako Justiziak euskal kulturgintzaren aurka egin dituen operazioen haritik, Kultura Sailak ematen dituen diru-laguntzen jarraipen zehatza egiten duela ziurtatu du ETB2ko 'El Punto' saioan egin dioten elkarrizketan.

2003ko urriaren 30a
15:14
Entzun
Azkaraterentzat azken inkesta soziolinguistikoko emaitzak ez dira "ez onak, ez txarrak". "Txarrak ez dira, baina kezkagarriak izaten segitzen dute", agertu du. Izan ere, bai EAE Euskal Autonomi Erkidegoan, bai Nafarroan, euskara dakitenen kopurua igo arren, koska oraindik erabileran dagoela azpimarratu du Azkaratek; funtsean, ezagutzaren igoera hori ez dela neurri berean erabileran islatzen.

Halaber, euskararen ezagutzaren banaketa geografikoak ere kezkatzen du Kultura sailburua, hain justu, Euskal Herriko gunerik jendetsuenak direlako inkestaren arabera, euskararen ezagutza zein erabilera eskasena dutenak. "Euskararen presentzia handia da, oro har, Gipuzkoan. Baita ere Bizkaia mendebaldean. Bizkaia ekialdea —Bilbo eta bere inguru guztia han daude—, Araba, eta Nafarroako eremu mistoan, Iruñerria, ordea, hortik kanpo geratzen dira. Iparraldean, berriz, datuak direnak dira. Beraz, gune jendetsuenak eta hiriburuak —Donostian salbu—, euskararen presentzia handia den gune horietatik kanpo daude", agertu du. Ondorioz, euskararen normalkuntza iristeko oraindik bide luzea egin behar dela iritzi dio Azkaratek.

Euskal kulturgintzaren aurka Espainako Justiziak eta segurtasun indarrek egin dituzten azken operazioak ere hizpide izan ditu Kultura sailburuak, batik bat, operazio horien harira Kultura Sailari PPren ingurutik eta hainbat hedabidetatik egin zaizkien salaketak. Izan ere,enpresa horiek Jaurlaritzaren diru-laguntzak jaso dituztela nabarmendu da aipatutako inguru horietatik, eta, ondorioz, Gasteizko Gobernuak ETA finantzatzen duela iradoki da. Halakorik ez dagoela esan du Azkaratek, eta Kultura Sailak ematen dituen diru-laguntzen jarraipen zehatza egiten duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.