Misioaren gakoak

2014ko azaroaren 12a
18:45
Entzun

Igaro diren hamarkadetan espazioaren ikerkuntzan egin den misiorik handinahiena da, zalantza izpirik gabe, Rosetta-rena. Hona hainbat jakingarri:

1. Historia eta iraupena. Espaziontzia 2004ko martxoaren 2an aireratu zuten, Guyana Frantsesetik. Nazioarteko misio horren atzean historia luzeagoa dago, ordea: 1993an onartu zuten lehenengoz, eta, hasieran beste kometa bat aztertzea bazen ere asmoa, atzerapenen ondoren, azkenean espaziontzia orain aztertzen ari den astroaren orbitara bidaltzea erabaki zen. 67P/Churiumov-Guerasimenko izena duen kometa da.  Abuztuaren 6an —6.400 milioi kilometro egin ostean—, espaziontzia kometaren orbitara heldu zenean nabarmendu zen urratsaren garrantzia, baina argi utzi zen hurrengo pauso erabakigarria, mugarria, azaroan izango zela, espaziontziko Philae zunda kometan ainguratzean. Teknikoki oso operazio zaila dela nabarmendu da beti. 2015 amaieran bukatuko da operazioa.

2. Helburua. Kometak ezagutzea da misioaren xedea. Tankera horretako astro bat inoiz baino gertuagotik aztertzeko modua emango du, hain zuzen ere: bertatik bertara. Kometen egitura, morfologia eta ezaugarri fisikoei buruzko informazio aski garrantzitsua eskuratu ahal izango dela diote adituek. Emaitzetan oso esperantza handia dutelako jarri zioten misioko arduradunek Rosetta izena misioari. Izan ere, antzinako Egiptoko aztarna bati —hiru idazkera motatan idatzitako estela bat— izen hori jarri zioten; informazio erabakigarria eman zuen aztarna haren ikerketak, eta orain ere datu aski baliagarriak jasoko dituztela diote, kometei buruzko ezagutza guztiz berritu eta eraldatzeko modukoak.

3. Espaziontzia. Kaxa baten egitura du: 2,8 metro luze, 2,1 metro zabal eta 2 metro sakon. Eguzkiaren izpietatik energia eskuratzeko bi panel handi ditu, 64 metro koadro hartzen dutenak, eta hamalau metroko luzera. Atxikita dauka espaziontziak Philae zunda; ehun bat kilokoa. Biak ikerketarako gailuz josita daude: 21 dituzte denera. Enpresa askok parte hartu dute proiektuan; tartean dago Bizkaiko bat: Sener. Hainbat euskal ikertzaile ere ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.